Urrezko ezpata-dantza Urrezko Dominean: Zorionak eta eskerrik asko Juanan eta Marian

Urrezko Dominena ekitaldi berezia izaten da beti, baina 2015ekoa bertan parte hartzeko zoriona izan dugun dantzarion eta musikarion oroitzapenean luzaroan oroituko dugu. Juan Antonio Urbeltzek eta Maria Angeles Arregik Gipuzkoako Urrezko Domina jaso dute 2015eko abenduaren 18an, eta bertan izan eta bertan dantzatzeko ohorea izan dugu Kezkako dantzariok, Usartzako txistulariekin, Argia, Haritz, Gure-kai, Arkaitz, Aurtzaka, Duguna eta Urki taldeetako dantzariekin batera.

Ezpata-dantza jarri zuenari ezpata-dantza

2003 urtean deitu zigun Juan Antonio Urbeltzek Gipuzkoako Urrezko Dominaren ekitaldirako ezpata-dantza prestatu genezan. Gipuzkoako foru Aldundiak 1982an eman zuen lehen aldiz Gipuzkoako Urrezko Domina, Jose Migel Barandiaran-i hain zuzen ere. Ondoko urteetan Manuel Lekuona, Donostiako Orfeoia, Eibarko Armagin Eskola, Euskaltzaindia edo Jorge Oteiza, Eduardo Chilillda eta Juan Mari Arzak izan ziren Gipuzkoako Diputazioaren aitormen nagusia jaso zutenak.

Urbeltz domina: IZ-2557
Argazkia: Iñaki Zugasti – dantzan.eus CC BY-SA
Urbeltz domina: IZ_2589
Argazkia: Iñaki Zugasti – dantzan.eus CC BY-SA

Urrezko domina ez da urtero halabeharrez eman beharrekoa. Horrela, 1998 eta 2003 bitartean ez zen behin ere eman, eta 2003an hirukote bat, Jose Maria Setien, Juan Zelaia eta Iñaki Gabilondo izendatu zituen Foru Aldundiak domina jasotzeko. Ekitaldia bera, protokolo aldetik errotu nahi zuen Diputazioak eta dantza aldetik horrelako ekitaldi bati zer zegokion galdezka joan zitzaion Diputazioa Juan Antonio Urbeltzi. Urbeltzek, azkar eman zien erantzuna: ezpata-dantza. Ikerfolk eta Argiako lantaldearekin ezpata-dantza prestatzeari ekion zioten, eta horrela iritsi zitzaigun guri bertan parte hartzeko gonbidapena.

Urbeltz domina: IZ_2639
Argazkia: Iñaki Zugasti – dantzan.eus CC BY-SA

Harrezkero ezpata-dantza Gipuzkoako Urrezko Dominaren protokoloan oinarrizkoa da, eta 12 urtetan 8 aldiz atera da Gipuzkoako ezpata-dantza Foru Aldundiaren Jauregi aurrealdera. Ezpata-dantza aberastuz joan da urteotan, eta genero bereizketarik gabe eta Gipuzkoako hainbat herritako ezpata-dantzen ordezkaritzarekin osatuta egiten da gaur egun. Zer nolako poza eta emozioa, 2003ko dei hartatik 12 urteren buruan, nor eta Juan Antonio Urbeltz eta Marian Arregi izan ditugunean Urrezko Dominareki ohoratuak, eta haiek pentsatutako ezpata-dantza beraientzat dantzatuz.

Urbeltz domina: EV_5422
Argazkia: Eire Vila – dantzan.eus CC BY-SA

Ohiko ezpata-dantza eta ezpata-dantzari gonbidatu bereziak

Gipuzkoako Urrezko dominan ezpata-dantza sartu izanaz haratago, Gipuzkoako ezpata-dantza bera gaur egun ezagutzen dugu moduan, lau lerrotako taldearekin osatuta ziur aski ez litzateke izango Juan Antonio Urbeltz, Marian Arregi eta Argia dantzari taldearen ekarpenik gabe. Eta Argiaren lan horrek ekarri du XXI. mendeko ezpata-dantzen loraldia, besteak beste, Beasain, Arrate, Añorga, Andoain, Elgoibar, Iruñea edo Biarritzen tokian tokiko ezaugarriekin loratu dena. Ez da harritzekoa beraz, Urbeltz eta Arregi omentzeko ezpata-dantzak Urrezko Dominean egin ohi den ezpata-dantza protokoloa gainditu eta beste dimentsio bat hartu izana.

Urbeltz domina: FL_1467
Argazkia: Felipe Loiola – dantzan.eus CC BY-SA

Iruñeko Aldapako San Ferminen ezpata-dantza ekarri zuten Dugunako lagunek Donostiara, Gipuzkoako ezpata-dantza adina Urbeltzen, Arregiren eta Argiaren emaritik edanez indartu dena, Gipuzkoakoarekin batera eskaini zen. Ez-ohiko ezpata-dantzen agerrialdia ez-ohiko ekitaldi baten ez-ohiko omenduentzat.

Urbeltz domina: IZ-2465
Argazkia: Iñaki Zugasti – dantzan.eus CC BY-SA
Urbeltz domina: IZ-2475
Argazkia: Iñaki Zugasti – dantzan.eus CC BY-SA

Hona argazki galeria zabalago bat:
Donostia: Ezpata-dantza 2015

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude