Hileko artxiboak: maiatza 2016

Ezpata-dantzak izango dira protagonista Eibarko Euskal Jaian eta Ezpalak jaialdian

Maiatzeko azken asteburua dantzan igaroko dugu Kezka Dantza Taldeko dantzariok. Eibarko Euskal Jaiaren eta Iruñeko Duguna dantza taldearekin batera antolatutako Ezpalak Jaialdiaren baitan bi dantza emanaldi eskainiko baititugu maiatzaren 28an eta 29an.

Lehena Iruñeko Burgoen plazan izango da larunbat goizean, eta bigarrena, aldiz, Eibarren, taldeko txikiekin batera igande goizean. Ezpata-dantzak izango ditugu protagonista aurten eta Euskal Herriko zenbait ezpata-dantzaz gain Andaluzia eta Ingalaterrakoak ikusteko aukera ere izango da.

Confolens Aunitz Urtez Ezpata-dantza
Aunitz Urtez ezpata-dantza. Argazkia: Oier Araolaza – dantzan.eus CC BY-SA

Eibarko Klub Deportiboak antolatuta, Euskal Jaia 51. aldiz ospatuko da aurten Eibarko kaleetan. Beste zenbait ekintzaren artean, dantzari dagokionean, ezpata-dantzei eskainitako Ezpalak jaialdia izango da dantzariontzat jai egunotako momentu nagusietako bat. Igandean, maiatzaren 29an, goizeko 12:00etan kalejiran irtengo gara Kezka dantzariok Urkizuko plazatik Untzagaraino eta 12:30etan ekingo zaio jaialdiari.

Kezkako txiki, gazte zein helduok izango gara lehenak plaza hartzen eta Euskal Herriko zein kanpoko ezpata-dantzen errepertorio zabal kondentsatua aurkeztuko dugu. Jarraian Berako,San Bartolome de la Torreko (Huelva), Zumarragako, Newcastle-ko (Ingalaterra) eta Iruñea eta Eibarko dantza taldeek osatutako Aunitz Urtez ezpata-dantzak plazaratuko dira.  Bazkal ostean erromeria egongo da Gathübi taldearekin.

Eibar: Ezpalak 2014
Ezpata-dantza, 2014ko Ezpalak jaialdia. Argazkia: Josu Garate – Dantzan CC BY-SA

Eibarko 51. Euskal Jaia, Ezpalak:

Igandea, maiatzaren 29a

  • 12:00etan: Dantzarion Kalejira Urkizuko Plazatik Untzagaraino.
  • 12:30ean: Ezpalak Jaialdia Untzaga plazan.
  • 17:00etan: Erromeria Gathübi taldearekin.

Santza Kurutzen eta Letra Galegoetan dantzan maiatzaren 8an

Joan den Maiatzaren 8an, domeka, soka­-dantza egin genuen Kezkako dantzariok Mandiola auzoko Santa Kurutz ermitan. Momentu berean, Urkizuko iturri aurrean ere, dantzari-dantzan ari ziren Kezkako gazteak.

Soka-dantza Santa Kurutzen

Santa Kurutz festak indartuta daude izen bereko Eibarko baseliza politean, Mandiola, Gorosta, Arrateballe eta Otaolako baserritar gazteek gustoz hartu batitute beraien aurrekoek emandako testigua. Festetako igandean, (maiatzaren 8an aurten) umeentzat jolasak eta txapel jaurtiketa lehiaketaren aurretik, soka-dantza egiten da bertan, eta han izan dira aurten ere Kezkako dantzariak, Usartzako txistulari eta auzokoekin soka osatu eta elkarrekin dantza egiteko prest.

Santa Kurutz 2016-3
Argazkia: Oier Araolaza – dantzan.eus CC BY-SA

Enrike Montero, Asier Kastelos, Iratxe Gimenez eta German Ereña Usartzako txistulari eta atabalarien gidaritzapean, Jone Lahidalgak egin zituen aurreskulari lanak, Jone Saez-ek atzeskuarenak, eta Maitane Fariñas eta Leire Andikoetxea aritu ziren zerbitzari lanetan. Baserritar gaztez osatu zen soka, bai ederki osatu ere, auzotarrek festa eta dantza bere egin dituztela eta aurreskua sokan dantzatu behar dela ongi barneratua dutela erakutsiz.

Santa Kurutz 2016-1
Argazkia: Oier Araolaza – dantzan.eus CC BY-SA
Santa Kurutz 2016-7
Argazkia: Oier Araolaza – dantzan.eus CC BY- SA
Desafioan, Jone Saez atzeskuak txapela jaurtiketa lehiaketarako ongi entrenatuta zegoela erakutsi zuen, eta ez zion tradizioari huts egin, txapela ermitaren teilatu gainera bota baitzuen, ohiturari eutsiz. Jone Lahidalgak berriz, dantzari dohainez gain gaztaia pisatzeko baskula elektronikoa eskuan barneratuta duela frogatu zuen, Santa Kurutzen ohikoa izaten den gaztaiaren pisua asmatzeko lehiaketa berak irabazi baitzuen.
Santa Kurutz 2016 - 6
Argazkia: Oier Araolaza – dantzan.eus CC BY-SA

Bukatutakoan, auzokideek prestatutako jolaseei ekin zitzaien eta gustura aritu ziren zelaian bildutako haurrak, guraso eta lagunekin goiz­pasa. Bitartean, dantzan eta txalo jotzen galdutakoak berreskuratzeko txorizo eta odoloste egosiak jateko aukera izan zen anta Kurutzeko ermitaren alboan, Mandiola auzoko baserritarren eskutik.

Santa Kurutz 2016-2
Argazkia: Oier Araolaza – dantzan.eus CC BY-SA

Oier Araolazarak Santa Kurutzeko ermitan egindako argazki sorta ederra duzue hemen ikusgai:
Santa Kurutz 2016 soka-dantza

Dantzari-dantza Letra Galegoen festan

Urkizun, ostera, Letra Gallegoen festa ospatu zen igandez. Pulpo eta enpanadek hartu zuten hemen txorizo eta odolostearen lekua eta soka-dantzarena, aldiz, Durangaldeko dantzari-dantzak. 2001-2002an jaiotakoak izan ziren hau burutu zutenak Kezkako Andoni Altzibar eta Amaia Baglietto txistulari eta Iñaki Barua atabalariearen musikaren erritmora.

Letra Galegoak 2016: dantzari-dantza
Argazkia: Aitor Badiola

Hona Aitor Badiolak egindako argazki sorta zabalago bat:
Letra Galegoak 2016

Urrezko ezpata-dantza Urrezko Dominean: Zorionak eta eskerrik asko Juanan eta Marian

Urrezko Dominena ekitaldi berezia izaten da beti, baina 2015ekoa bertan parte hartzeko zoriona izan dugun dantzarion eta musikarion oroitzapenean luzaroan oroituko dugu. Juan Antonio Urbeltzek eta Maria Angeles Arregik Gipuzkoako Urrezko Domina jaso dute 2015eko abenduaren 18an, eta bertan izan eta bertan dantzatzeko ohorea izan dugu Kezkako dantzariok, Usartzako txistulariekin, Argia, Haritz, Gure-kai, Arkaitz, Aurtzaka, Duguna eta Urki taldeetako dantzariekin batera.

Ezpata-dantza jarri zuenari ezpata-dantza

2003 urtean deitu zigun Juan Antonio Urbeltzek Gipuzkoako Urrezko Dominaren ekitaldirako ezpata-dantza prestatu genezan. Gipuzkoako foru Aldundiak 1982an eman zuen lehen aldiz Gipuzkoako Urrezko Domina, Jose Migel Barandiaran-i hain zuzen ere. Ondoko urteetan Manuel Lekuona, Donostiako Orfeoia, Eibarko Armagin Eskola, Euskaltzaindia edo Jorge Oteiza, Eduardo Chilillda eta Juan Mari Arzak izan ziren Gipuzkoako Diputazioaren aitormen nagusia jaso zutenak.

Urbeltz domina: IZ-2557
Argazkia: Iñaki Zugasti – dantzan.eus CC BY-SA
Urbeltz domina: IZ_2589
Argazkia: Iñaki Zugasti – dantzan.eus CC BY-SA

Urrezko domina ez da urtero halabeharrez eman beharrekoa. Horrela, 1998 eta 2003 bitartean ez zen behin ere eman, eta 2003an hirukote bat, Jose Maria Setien, Juan Zelaia eta Iñaki Gabilondo izendatu zituen Foru Aldundiak domina jasotzeko. Ekitaldia bera, protokolo aldetik errotu nahi zuen Diputazioak eta dantza aldetik horrelako ekitaldi bati zer zegokion galdezka joan zitzaion Diputazioa Juan Antonio Urbeltzi. Urbeltzek, azkar eman zien erantzuna: ezpata-dantza. Ikerfolk eta Argiako lantaldearekin ezpata-dantza prestatzeari ekion zioten, eta horrela iritsi zitzaigun guri bertan parte hartzeko gonbidapena.

Urbeltz domina: IZ_2639
Argazkia: Iñaki Zugasti – dantzan.eus CC BY-SA

Harrezkero ezpata-dantza Gipuzkoako Urrezko Dominaren protokoloan oinarrizkoa da, eta 12 urtetan 8 aldiz atera da Gipuzkoako ezpata-dantza Foru Aldundiaren Jauregi aurrealdera. Ezpata-dantza aberastuz joan da urteotan, eta genero bereizketarik gabe eta Gipuzkoako hainbat herritako ezpata-dantzen ordezkaritzarekin osatuta egiten da gaur egun. Zer nolako poza eta emozioa, 2003ko dei hartatik 12 urteren buruan, nor eta Juan Antonio Urbeltz eta Marian Arregi izan ditugunean Urrezko Dominareki ohoratuak, eta haiek pentsatutako ezpata-dantza beraientzat dantzatuz.

Urbeltz domina: EV_5422
Argazkia: Eire Vila – dantzan.eus CC BY-SA

Ohiko ezpata-dantza eta ezpata-dantzari gonbidatu bereziak

Gipuzkoako Urrezko dominan ezpata-dantza sartu izanaz haratago, Gipuzkoako ezpata-dantza bera gaur egun ezagutzen dugu moduan, lau lerrotako taldearekin osatuta ziur aski ez litzateke izango Juan Antonio Urbeltz, Marian Arregi eta Argia dantzari taldearen ekarpenik gabe. Eta Argiaren lan horrek ekarri du XXI. mendeko ezpata-dantzen loraldia, besteak beste, Beasain, Arrate, Añorga, Andoain, Elgoibar, Iruñea edo Biarritzen tokian tokiko ezaugarriekin loratu dena. Ez da harritzekoa beraz, Urbeltz eta Arregi omentzeko ezpata-dantzak Urrezko Dominean egin ohi den ezpata-dantza protokoloa gainditu eta beste dimentsio bat hartu izana.

Urbeltz domina: FL_1467
Argazkia: Felipe Loiola – dantzan.eus CC BY-SA

Iruñeko Aldapako San Ferminen ezpata-dantza ekarri zuten Dugunako lagunek Donostiara, Gipuzkoako ezpata-dantza adina Urbeltzen, Arregiren eta Argiaren emaritik edanez indartu dena, Gipuzkoakoarekin batera eskaini zen. Ez-ohiko ezpata-dantzen agerrialdia ez-ohiko ekitaldi baten ez-ohiko omenduentzat.

Urbeltz domina: IZ-2465
Argazkia: Iñaki Zugasti – dantzan.eus CC BY-SA
Urbeltz domina: IZ-2475
Argazkia: Iñaki Zugasti – dantzan.eus CC BY-SA

Hona argazki galeria zabalago bat:
Donostia: Ezpata-dantza 2015

Txorittua norat hua koko-jantzita? 2016ko koko-dantzen kronika

Elurrak ez, baina, euri zipriztinek busti giztuzten akaso 2016ko Koko-dantzetako egunean, urtarrilaren 30ean. Ziklo olinpikoak jarraitzen ditugu koko-marruok ere,  lau urtetan ematen diogu itzulia Eibarko baserri-auzoei, eta aurtengoarekin hirugarren zikloari hasiera eman diogu Gorosta eta Arrate auzoetan. 47 kide joan gara eskean 37 baserritara; dantzan eta kantuan.

Urtero lez, goizean goizetik bildu ginen arropak jantzi, margotu, aurpegiak estali eta 8:30etarako Merkatu plazan lehen agerraldia egiteko. Don Eusebioren txapliguak eman zien hasiera Koko-dantzei, beste behin ere. Fox- trot, makila-dantza eta arin-arina, hoietxek dira, koko-marruen soka-dantzarekin batera, eguneko dantza errepertorioa osatzen dutenak eta azken hori ez ezik gainontzeko guztiak plazaratu genituen plazan bertan.

Koko-dantzak 2016: Merkatu-plaza barruan
Argazkia: Felipe Loiola. Dantzan, CC BY-SA
Koko-dantzak 2016: Merkatu-plazan soltean
Argazkia: Felipe Loiola. Dantza, CC BY-SA

Dantzak amaitua, denok bildu eta egun osoan zehar eskerako erabiltzen ditugun koplak kantatu genizkien plazan bildutako baserritarrei, Honela diote:

Koko-moko saria be moko
gibel-gible afaritarako
dirua baneuka patrikarako.

Hala-hala hauxe karnabala
goazen-goazen gosetu ein garala
hau etxiau luze gorde daixala.

Koko-dantzak 2016: Merkatu-plazan taldea
Argazkua: Felipe Loiola. Dantzan CC BY-SA

Baserri dexente zirela eta, beste urte batzuetan egin izan dugun moduan, taldea bitan banatuta ekin genion ibilbideari. Hona aurtengo talde handiaren argazkia:

Koko dantzak 2016: Talde argazkia
Argazkia: Fernando Retolaza. Dantza, CC BTY-SA

Talde batek oinez egin zuen bidea, Gaztelu, Arizmendiguena, Arizmendi, San Juangua, Zelaikoa, Unzueta, Agiñao Azpi, Agiñao Gain, Guenexe, Narru erdikoa, Aretxitagoikoa, Barrundi, Iñarra, Mendigoiti, Lezeta, Asola Berri, Sumendixa Goikoa eta Sumedixa Behekoa baserrietan aritu ziren eskean.

Koko dantzak 2016: oinezkoak 1
Argazkia: Fernando Retolaza. Dantzan, CC BY-SA
Koko-dantzak 2016: Oinezkoak baserri aurrean
Argazkia: Fernando Retolaza. Dantzan CC BY-SA
Koko dantzak 2016: oinezkoak eskean
Argazkia: Fernando Retolaza. Dantzan, CC BY-SA

Dantzari eta kokomarruekin batera Eneritz Aranburu, Unai Txurruka eta Andoni Urbieta aritu ziren musikari lanetan.

Koko dantzak 2016: Musikoak oinez
Argazkia: Fernando Retolaza. Dantzan, CC BY-SA

Furgoneten karabanak, aldiz, Mugitza, Pagolatxabola, Gorostabeletxe, Gorostagainekoa, Gorostabeña, Gorostazpikoa, Zestero,  Kantabria, Mugitzabarri, Itsaso, Maapilla, Zezeil, Ezkaregu-Errota, Biriñao, Lezetaabeletxe, Altzubarren eta Lazareto baserriei egin zien bisita.

Koko-dantzak 2016: Furgonetetakoak txapligua
Argazkia: Felipe Loiola. Dantzan, CC BY-SA
Koko-dantzak 2016: Baserrikoekin
Argazkia: Felipe Loiola. Dantzan, CC BY-SA

Hauekin musikari Adolfo Jainaga, Unai Narbaiza eta Jose Miguel Laskurain joan ziren.

Koko-dantzak 2016: Musikoak furgo
Argazkia: Felipe Loiola. Dantza, CC BY-SA

Pagola-txabola baserrian, lutua errespetatu eta Txorittua norat hua abestiarekin gogora ekarri genuen etxean denbora gutxi zela galdutako senidea. Lau urte barru berriro han izango gaituzte, ordurako gordeko ditugun musika eta dantzekin.

Koko dantzak 2016: Txorittua norat hua
Argazkia: Felipe Loiola. Dantzan CC BY-SA

Zer esan urtero harrera ezin hobea egiten diguten baserritarren inguruan? Txorizo eta salda, txokolate bero eta bizkotxo, San Blas opil eta intxaur, sagar eta kiwi, porru eta aza… ondo baino hobeto zaintzen gaituzte Eibarko baserri bailaretan. Hemendik 4 urtera berriro han izango gaituzue Arrate eta Gorosta! Eskerrik asko!

Koko dantzak 2016: Jatekoa jasotzen-1
Argzkia: Felipe Loiola. Dantzan, CC BY-SA
Koko dantzak 2016: baserritarrekin dantzan
Argazkia: Fernando Retolaza. Dantzan, CC BY-SA
Koko-dantzak 2016: Jatekoa jasotzen-4
Argazkia: Felipe Loiola. Dantzan CC BY-SA

Baserrietako lanak eginda, bazkaldu eta arratsaldeko kalejirarako prestatu ginen. 19:00etan Elgoibarko Mauxitxa txarangarekin batu eta Toribio Etxeberria, Untzaga eta Kalbeton kaleetan aurrera eta atzera, dantzan, kantuan eta festan jarri genuen herria.

Koko dantzak 2016: Hartza
Argazkia: iñaki Zugasti
Koko dantzak 2016: Kalean denok
Argazkia: Iñaki Zugasti. Dantza, CC BY-SA

Ermuko Txindurri dantza taldeko dantzariak ere gehitu zaizkigu aurtengoan lehenengoz, koko-dantzatako pertsonaia berri izendatuko ditugu agian… Kokotxindurriak!! Espero dugu datozen urteetan ere gure artean izatea.

Koko-dantzak 2016: Txindurrikoa
Argazkia: Felipe Loiola. Dantzan, CC BY-SA

Kokomarruen soka-dantza birritan egin genuen kaleotan, lehen aldiz Deportibo parean eta Kosko taberna aurrean ondoren. Zenbait barre algara ere eragin zituzten Don Eusebiok eta Mariak, Hartzak eta Petrak, Batista kojuak eta Arrateko Amabirjiniak, Kattalinek eta Martin perratzailiak eta Manuelak eta Koko buruzagixak osatutako bikoteen xirri eta saltoek. San Andres elizako atariak ikusi zituen, oraingoan ere, Koko-dantzen azkeneko dantza eta irriak. Hurrengo urtera arte!

Koko dantzak 2016: Kokomarruen soka-dantza bikoteak
Argazkia: Iñaki Zugasti. Dantzan, CC BY-SA
Koko dantzak 2016: Kokomarruen soka-dantza deporren
Argazkia: Fernando Retolaza. Dantan, CC BY-SA
Koko dantzak 2016: Kokomarruen soka-dantza bikoteak
Argazkia: Iñaki Zugasti. Dantzan, CC BY-SA
Hona Iñaki Zugasti, Fernando Retolaza eta Ane Sarasketaren irudi sorta zabalago bat:

Koko-dantzak 2016