Arrateko dantzak Valladoliden

Valladolideko Gure Txoko euskal etxeak gonbidatuta Arrateko ezpata-dantza eta trokeo dantzak aurkeztu genituen 2015eko irailaren 26-27ko asteburuan Gaztela Leongo hiriburuan. Euskal Jaia ospatzen zela eta, bertako euskaldunen gonbidapena jaso ostean, 27 pertsonako taldea osatu genuen Kezkako dantzari eta txistulariek.

Larunbat goizean iritsi ginen Valladolidera eta bazkal aurretik hiriko plaza eta kale nagusiak ezagutzeko aukera izan genuen. Plaza Mayor-en atera genuen astebukaerako lehenengo talde argazkia.

Kezka, Valladolid 2016: Talde argazkia

Bazkalordua iritsia zela eta Gure Txoko euskal etxeko egoitzara jo genuen, ederra ongi etorria egin zigutena! Han eta hemengo euskaldun eta lagunekin bapo bazkadu eta kantuan ere ibili ginen. Euskal kantei errepaso galanta eman ostean, euskal etxearen patioan azken entseguak egin eta dantzari arropak jantzi genituen, Valladolideko katedralean 18:00etako mezan euskal dantzariak espero zituzten eta.

Kezka, Valladolid 2015: Entsegua

Andre Mariaren Jasokundearen katedrala da Valladolidekoa, eta bertan, euskal etxeko abesbatzarekin batera, egin genuen lehen agerraldia. Arrate egunez elizan egiten dugun sarrera egin genuen katedralean ere. Luken Aranburu eta Ander Garitagoitia aritu ziren ezpata txikiekin. Amaia Baglietto, Andoni Altzibar eta Andoni Urbieta txistulariek eta Iñaki Barua atabalariak musikari lanetan lagunduta.

Kezka, Valladolid 2015: Sarrera katedralean

Kezka, Valladolid 2015: ezpata-txikiak katedralean

Meza ostean, katedral ondoko Unibertsitatearen Plazan egin genuen Arrateko dantzen sorta osoa. Ezpata-dantzarekin hasi eta makil txikiena, makil handiena eta brokel-makilenarekin amaituz. Lehenengoan Miren Hazas, Jone Saez, Jone Lahidalga eta Eider Agirrebeña izan ziren azkendari eta Oihane Llorentek hartu zuen, bere aldetik, taldearen buruzagitza.

Argazkia: euskalkultura.com

Makil txikienean Eider Agirrebeñak egin zituen buruzagi lanak, makil handienean Ander Garitagoitiak eta brokel-makilenean, aldiz, Luken Aranburuk. Bestetik, taldeak honela zeuden osatuta:

  • Makil txikiena: Naroa Arrizabalaga, Maialen Zabala, Irati Egiguren, Amaia Gorrotxategi, Nere Ereña, Maier Fendandez, Unai Txurruka eta Endika Arrizabalaga.
  • Makil handiena: Maddi Alberdi, Maitane Fariñas, Leire Andikoetxea, Egoitz Blanco, Maite Gonzalez, Oihane Llorente, Unai Txurruka eta Miren Hazas.
  • Brokel-makilena: Jone Lahidalga, Idoia Lahidalga, Olaiz Agirrebeña, Maitane Fariñas, Olaia Gabirondo, Amaia Rodriguez, Maider Otaola eta  Jone Saez.

Kezka, Valladolid 2015: makil-haundi

Kezka, Valladolid 2015: Talde argazkia 2

Dantza emanaldiaren ostean “txokoan” hartu gintuzten berriro Valladolideko euskaldunek eta bapo afaldu ostean hiriburua gauez ezagutzeko aukera izan genuen. Larregi ere ez ordea, hurrengo goizeko kalejirarako prest egon beharra zegoen eta!

Goizean goizetik dantzari jantzita hasi genuen igandea. Plaza Mayorren euskal etxeko kideekin batu eta kalejiran, dantzan eta kantuan, ibili ginen hiriko kale eta plazetan zehar. Oraingoan soka-dantzan, dantza soltean edo jauziak egiten aritzeko aukera ere izan genuen eta pintxo eta edari artean etxekoak dantzara ere animatu ziren azkenean.

Kezka, Valladolid 2015: soka-dantza

Kezka, Valladolid 2015: soltean

Kezka, Valladolid 2015: Kalejira

San Benito eliza aurrean, meza irteeran, jende dexente batu zitzaigun inguruan eta Arrateko trokeo-dantzen sorta osoa egiteko aukera ezin hobea suertatu zitzaigun. Dantza soltean ere aritu ginen, kalejiraren erritmora kalean zehar saltoka jarraitu aurretik.

Kezka, Valladolid 2015: San Benito makil-haundi

Kezka, Valladolid 2015: txistulariak

Goiza dantzan eta kantuan igaro ostean iritsi zitzaigun etxera bueltatzeko ordua. Lehenago, ordea, azken jatorduaz gozatu genuen “Gure Txoko” elkartean. Argi gelditu zitzaigun bertakoak dantzan eta kantuan jakiteaz gain sukaldean ere ez direla makalak. Eskerrik asko eta hurren arte Valladolid!

Kezka, Valladolid 2015: Talde argazkia Valladolidekoekin

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude