2005ean Arrateko ezpata-dantzan izan genituen lehen bi gonbidatuetako bat Mikel Sarriegi izan zen (Iñaki Arregi bigarrena). Beasaingo Aurtzakako dantzariekin eta ondoren Igartzako ezpata-dantzariak izango zirenekin hasitako harreman horrek hamarkada bete du orain. Dantza, erritual koreografiakoak eta gure kultura ulertzeko moduan gertutasuna harrigarria deskubritu dugu urteotan.
2015eko irailean eskertuta eta miretsita parte hartu dugu Beasainen aurten antolatu duten Igartzako ezpata-dantza erraldoi, argiztatu eta Joseba Juarez-en omenezkoan. Ezpata-dantzari, kapitain, zaldiko, banderari, azkendari eta abarren artean 108 ezpata-dantzarik osatutako konpartsa erraldoia geneukan gure aurrean. Haien atzetik ginen Andoaingo, Elgoibarko eta Eibarko ezpata-dantzari ordezkariak, eta baita Joseba Juarez-ek bere dantza jardueretan ezagutu eta egindako hainbat dantza-lagun ere.
Ehun ezpata-dantzariak Igartzako ingurune historiko-monumental eraberrituan dantzan ikustea ikuskizun bikaina gertatu zen: argiztaketa erraldoia, musika, kantu, dantza eta Joseba Juarezi omenaldi hunkigarria, logistika eta koordinazio erakustaldi harrigarria. Zorionak eta mila esker dantza-festa zuekin konpartitzeko eskainitako aukeragatik.