Dantzariz bete zuen plaza Euskal Jaiaren 50. urteurrenak

Pasa den maiatzaren 31an ospatu genuen Eibarren 50. Euskal Jaia. Urte berezia zela eta berezi ospatu beharra zegoen, eta dantzariok egin genuen gurea: Inoiz dantzari izandako guztiak dantzara gonbidatu eta aspaldian ez bezala bete genuen Untzaga plaza. Urtarrilaren hasieran dantzarako deialdia egin zenetik erantzuna paregabea izan da; 300 pertsona inguru, haur, gazte eta heldu, denak batera plazan, denak batera dantzan. Eguraldia ere lagun izan genuen gainera, eguna are ederrago egin zuena.

Dantza Eibarko 50. Euskal Jaia: talde argazkia, detaile 2Argazkia: Iñaki Zugasti
Dantza Eibarko 50. Euskal Jaia: talde argazkia, detaileaArgazkia: Iñaki Zugasti
Dantza Eibarko 50. Euskal Jaia: Taldeko argazkia 4Argazkia: Iñaki Zugasti
Dantza Eibarko 50. Euskal Jaia: Taldeko argazkia3Argazkia: Iñaki Zugasti

Goizeko 10:00etan bildu ginen dantzari guztiok Untzaga plazan. Buruko zapiak atondu, dantza-lagunak eta aspaldi elkar ikusi gabekoak agurtu, taldeka antolatu eta bertan atera genuen taldeko argazkia, belaunaldi ezberdinetako dantzari eta txistularien argazki erraldoia.

Dantza Eibarko 50. Euskal Jaia: Taldeko argazkiaIrudia handian ikusteko egin Klik gainean. Argazkia: Iñaki Zugasti

Bertatik, txistulariak aurrean genituela kalejiran joan ginen Urkizuraino. Handik hasten dugu urtero Euskal Jaiko kalejira, eta aurtengoan ere bertan hasi genuen. Taldeak antolatuta, dantzarien atzetik soinujole eta pandero-joleak, aurretik txistulariak, eta hauen aurretik joaldunak. Kalejiran gindoazela jende ugari bildu zen Eibarko kaleetan, alde banatan; Arraguetatik gora, Errebal kalean, Toribio Etxeberrian… Untzaga plazara iritsi arte.

Dantza Eibarko 50. Euskal Jaia: kalejiranArgazkia: Felipe Loiola
Dantza Eibarko 50. Euskal Jaia: Txistulariak oholtzan Argazkia: Iñaki Zugasti

Txistulari eta trikitilariek salto eta kantuan jarri gintuzten bidean eta Untzagara iristear geundela nabari zen dantzarien artean emozioa eta poza… hainbeste urteren ostean berriro ere plazara dantzara, nor bere garaiko lagunekin, edo baita belaunaldi desberdinetako familiak elkarrekin, aita alabarekin, izeba hilobarekin,… Txistulariak ere ez ziren gutxi, hauek ere aurreko urtean batu zituzten indarrak, inoiz txistulari aritutakoak elkartu eta txistuari soinua ateratzeko gogoz. Denok batera sartu ginen hasieran, plaza bete arte. Honi buelta bat eman eta berriro kanporako bidea hartu genuen soka-dantzari paso emateko.

Dantza Eibarko 50. Euskal Jaia: Desafioa2Argazkia: Felipe Loiola

Aurreko egunean, ezpalak Jaialdiaren baitan, neska zein mutilek osatutako soka-dantza parekidea plazaratu genuen Untzaga plazan lehenengoz eta hurrengo egunean, lehengo eta oraingo dantzariak batuta geundela aprobetxatuz orain arte XX. mendean gehien egin den soka-dantza egin genuen plazan. Gizonezkoek atera zuten soka aurresku Jose Mari Gerra dantzari heldua buruz zuela eta atzesku, aldiz, Egoitz Blanco gaztea. Aurresku horren bidez gure dantzen transmisioan eta iraupenean ardura nagusia eta lan handiena bere gain hartu dutenak eta hala ere gehienetan itzalean geratu diren pertsonak omendu nahi genituen: emakumeak, andre dantzari-dantzazaleak. Soka-dantzako gonbidatu izatetik soka-dantzako dantzari izatera pasa diren emakumeak.

Dantza Eibarko 50. Euskal Jaia: Soka-dantza, agurraArgazkia: Iñaki Zugasti

Aurreskua amaituta iritsi zen denontzat dantzarako momentua, Iribasko ingurutxoaren eta Imotzeko esku-dantzaren momentua, urtarriletik landutako abileziak erakusteko momentua. Plaza jendez lepo zegoen; armailak, plazaren inguruak, jubilatuen etxe gaineko barandak, jardinak… dena beteta!  Dantzari beteranoenak jubilatuen etxeko arkupe azpitik egin zuten plazarako sarrera eta gaztetxoenek, beren aldetik, errepide aldetik.

Dantza Eibarko 50. Euskal Jaia: Iribas, Maritxuen sarreraArgazkia: Iñaki Zugasti

Iribasko inguru handia, billantzikoa, inguru txikia,… den-denak egin eta Imotzeko esku-dantzari ekin genion, salto, txistu eta algara, denok batera kalejiran plazatik irten aurretik. Hori bai hori festa!

Dantza Eibarko 50. Euskal Jaia: Iribasko ingurutxoaArgazkia: Felix Beitia
Dantza Eibarko 50. Euskal Jaia: Imotzeko esku-dantzaArgazkia: Felipe Loiola

Pozari eutsi ezinda irten ginen plazatik. Lagunak eta familia agurtzen hasi orduko Aldolfo Jainaga eta Unai Narbaiza erromeriarekin hasi ziren, eta berehela dantzan ginen berriz hainbat lagun.

Dantza Eibarko 50. Euskal Jaia: Jainaga eta NarbaizaArgazkia: Iñaki Zugasti

Bazkaritan errekuperatu genituen indarrak. 400 pertsona inguru batu ginen Udaletxe aldean jarritako karpa handian. Eibarko Klub Deportiboak antolatuta ederki jan eta edan genuen denok, bagenekien arratsaldean zer zetorkigun eta.. dantza gehiago!! Patxi eta konpainiarekin oraingoan. Han eta hemengo dantzak egin genituen berarekin, dantza-jauziak, balsak, fandango eta arin-arinak, Oriako sorgin-dantza, mazurka, dantza-jolasak… berandura arte, gelditu gabe aritu ginen. Larrain-dantza izan zen plazan egin genuen azken dantza eta Deportibo aurrean ere egin genuen azkenekoz, egunari amaiera hasiera bezala emateko, dantzan!

Dantza Eibarko 50. Euskal Jaia: BazkariaArgazkia: Iñaki Zugasti
Dantza Eibarko 50. Euskal Jaia: PatxiArgazkia: Iñaki Zugasti

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude