Datorren asteartean, irailaren 8an, Arrateko zelaian izango gara berriro ere, hamaikagarrenez, Arrateko Amaren Kofradiako dantzariak. Abuztuko oporrak atzean utzita Arratera begira jarri gara eta aste honetan zehar entseguak egin ostean prest ditugu ezpata, makil, brokel eta abarrak. Aurtengoan, asteguna izan arren, 55 dantzariko taldea batuko gara Arraten zelaia dantzaz betetzeko.
Arrateko zelaiak ikusi ditu jada dantzariak 2015 honetan, atzo, irailaren3an, bertan izan baikinen denok, azken entseguak egin eta zelaiari tamaina hartzen.
Bizkaia eta Gipuzkoako gonbidatuak
Aitor Sorazu Azkoitiako Sahatsa dantza taldeko kidea eta Karmelo Angiozar San Lorentzo dantza taldeko berriztarra izango dira aurtengo gonbidatuak. Bata dantzari gipuzkoarra eta bestea bizkaitarra, bi dantza maisu eta dantzari handiren dantza molde ezberdinak beraz aurten Arraten ikusiko ditugunak. Urtero Euskal Herriko txoko ezberdinetatik Arratera gonbidatzen ditugu dantzariak eta horrela kofradian sartu eta Arraten urtero dantza egiteko aukera izaten dute hauek ere. Aurreko urteetako gonbitatu ugari batzen zaizkigu irailaren 8ro taldera, bailarako dantzarietatik hasi, Euskal Herriko mugetara zabaldu eta ozeanoaren bestaldetik ere egun berezi honetan gurekin batera dantzatzera Arratera datozenak.
Irailaren 8a, jai eguna
Urtero lez 11:00etako meza nagusian eta ondoren datorren prozesioan parte hartuko dugu dantzariok, eliza barruan eta prozesioaren ostean ezpata-dantza eskainiz. Gero, 12:30etan zelaian izango da Arrateko Amaren dantzen erakustaldi osoa, ezpata-dantzarekin hasi eta trokeo-dantzekin amaituz.