Hileko artxiboak: iraila 2015

Nor da kartel honetan ageri den dantzaria?

cartel

Esto no es rock radical vasco” kontzertuen kartelean ageri den dantzaria Kezka dantza taldekoa dela abisatu digu Gari Otamendik. Kartelean, ertz batean jartzen duela argazkia Kezka dantza taldearena dela. Irudi honetan oso txiki ageri da eta ezin irakurri, baina kaleetako karteletan ikusten omen da.

Dantzaria nor izan daitekeen asmatu nahian hasi gara. Gorputz posturagatik artazia egiten ari dela dirudi, baina artazia eskumarekin ez da hain ohikoa, eta  beraz, argazkia buelta emanda dagoela pentsatu dugu. Buelta eman diogu, beraz.

dantzariaren irudia moztuta eta buelta emanda.

Bila hasi eta… bingo, aurkitu dugu. Hau da jatorrizkoa!

rock-radical-vasco-argazkia-jatorrizkoa.jpg

Orain askoz errazagoa da galderari erantzutea, ez? Ea ba, nor da dantzaria?

Valladoliden izango gara datorren asteburuan

Asteburu honetan, irailaren 26 eta 27 bitartean, Valladoliden izango gara Kezka Dantza Taldeko dantzariak. Bertako Gure Txoko euskal etxeak gonbidatuta Arrateko dantzak Gaztela-Leongo hirian aurkeztuko ditugu. Valladolideko euskal etxeak antolatzen zuen euskal jaiaren ospakizunetan elkarteko kide eta koroarekin batera parte hartuko dugu. Ezpata-dantza eta trokeo-dantzak egiten 25 lagun izango gara 4 txistularik lagunduta.

Ermua: arrateko brokel-dantzaArgazkia: Iñaki Zugasti. Dantzan, CC BY-SA

Larunbatean bertan ekingo diogu dantzari, arratsaldean Arrateko dantzak jendaurrean eskainiaz. Igandean aldiz, Valladolideko kaleetan barrena ibiliko gara Gure Txoko elkarteko kideekin batera han eta hemen dantzan. Soka-dantza, fandango eta arin-arinak, Arrateko brokel-dantzak eta beste zenbait dantza eskainiko ditugu hiriko erdigunean zehar.

Valladolideko Gure txoko euskal etxea 1983an sortu zen eta Euskal Herriarekiko lotura mantendu du denboran zehar. Urtero euskal etxeko koroak han eta hemen abesten du eta dantzariak ere maiz gonbidatzen dituzte ospakizunetan parte hartzera. Azken urteetan Elgoibarko Haritz Dantzari Taldeak parte hartu izan du hauetan eta aurtengoan Kezkako dantzarioi pasa digute lekukoa.

Igartzako ezpata-dantzarien distiran Joseba Juarez gogoan

2005ean Arrateko ezpata-dantzan izan genituen lehen bi gonbidatuetako bat Mikel Sarriegi izan zen (Iñaki Arregi bigarrena). Beasaingo Aurtzakako dantzariekin eta ondoren Igartzako ezpata-dantzariak izango zirenekin hasitako harreman horrek hamarkada bete du orain. Dantza, erritual koreografiakoak eta gure kultura ulertzeko moduan gertutasuna harrigarria deskubritu dugu urteotan.

Igartza: Ezpata-dantza 2015 (Kezkakoak 2)Argazkia: Eire Vila. Dantza CC BY-SA

2015eko irailean eskertuta eta miretsita parte hartu dugu Beasainen aurten antolatu duten Igartzako ezpata-dantza erraldoi, argiztatu eta Joseba Juarez-en omenezkoan. Ezpata-dantzari, kapitain, zaldiko, banderari, azkendari eta abarren artean 108 ezpata-dantzarik osatutako konpartsa erraldoia geneukan gure aurrean. Haien atzetik ginen Andoaingo, Elgoibarko eta Eibarko ezpata-dantzari ordezkariak, eta baita Joseba Juarez-ek bere dantza jardueretan ezagutu eta egindako hainbat dantza-lagun ere.

Igartza: Ezpata-dantza 2015 (Kezkakoak)Argazkia: Eire Vila. Dantzan CC BY-SA

Ehun ezpata-dantzariak Igartzako ingurune historiko-monumental eraberrituan dantzan ikustea ikuskizun bikaina gertatu zen: argiztaketa erraldoia, musika, kantu, dantza eta Joseba Juarezi omenaldi hunkigarria, logistika eta koordinazio erakustaldi harrigarria. Zorionak eta mila esker dantza-festa zuekin konpartitzeko eskainitako aukeragatik.

Dantzariz bete zuen plaza Euskal Jaiaren 50. urteurrenak

Pasa den maiatzaren 31an ospatu genuen Eibarren 50. Euskal Jaia. Urte berezia zela eta berezi ospatu beharra zegoen, eta dantzariok egin genuen gurea: Inoiz dantzari izandako guztiak dantzara gonbidatu eta aspaldian ez bezala bete genuen Untzaga plaza. Urtarrilaren hasieran dantzarako deialdia egin zenetik erantzuna paregabea izan da; 300 pertsona inguru, haur, gazte eta heldu, denak batera plazan, denak batera dantzan. Eguraldia ere lagun izan genuen gainera, eguna are ederrago egin zuena.

Dantza Eibarko 50. Euskal Jaia: talde argazkia, detaile 2Argazkia: Iñaki Zugasti
Dantza Eibarko 50. Euskal Jaia: talde argazkia, detaileaArgazkia: Iñaki Zugasti
Dantza Eibarko 50. Euskal Jaia: Taldeko argazkia 4Argazkia: Iñaki Zugasti
Dantza Eibarko 50. Euskal Jaia: Taldeko argazkia3Argazkia: Iñaki Zugasti

Goizeko 10:00etan bildu ginen dantzari guztiok Untzaga plazan. Buruko zapiak atondu, dantza-lagunak eta aspaldi elkar ikusi gabekoak agurtu, taldeka antolatu eta bertan atera genuen taldeko argazkia, belaunaldi ezberdinetako dantzari eta txistularien argazki erraldoia.

Dantza Eibarko 50. Euskal Jaia: Taldeko argazkiaIrudia handian ikusteko egin Klik gainean. Argazkia: Iñaki Zugasti

Bertatik, txistulariak aurrean genituela kalejiran joan ginen Urkizuraino. Handik hasten dugu urtero Euskal Jaiko kalejira, eta aurtengoan ere bertan hasi genuen. Taldeak antolatuta, dantzarien atzetik soinujole eta pandero-joleak, aurretik txistulariak, eta hauen aurretik joaldunak. Kalejiran gindoazela jende ugari bildu zen Eibarko kaleetan, alde banatan; Arraguetatik gora, Errebal kalean, Toribio Etxeberrian… Untzaga plazara iritsi arte.

Dantza Eibarko 50. Euskal Jaia: kalejiranArgazkia: Felipe Loiola
Dantza Eibarko 50. Euskal Jaia: Txistulariak oholtzan Argazkia: Iñaki Zugasti

Txistulari eta trikitilariek salto eta kantuan jarri gintuzten bidean eta Untzagara iristear geundela nabari zen dantzarien artean emozioa eta poza… hainbeste urteren ostean berriro ere plazara dantzara, nor bere garaiko lagunekin, edo baita belaunaldi desberdinetako familiak elkarrekin, aita alabarekin, izeba hilobarekin,… Txistulariak ere ez ziren gutxi, hauek ere aurreko urtean batu zituzten indarrak, inoiz txistulari aritutakoak elkartu eta txistuari soinua ateratzeko gogoz. Denok batera sartu ginen hasieran, plaza bete arte. Honi buelta bat eman eta berriro kanporako bidea hartu genuen soka-dantzari paso emateko.

Dantza Eibarko 50. Euskal Jaia: Desafioa2Argazkia: Felipe Loiola

Aurreko egunean, ezpalak Jaialdiaren baitan, neska zein mutilek osatutako soka-dantza parekidea plazaratu genuen Untzaga plazan lehenengoz eta hurrengo egunean, lehengo eta oraingo dantzariak batuta geundela aprobetxatuz orain arte XX. mendean gehien egin den soka-dantza egin genuen plazan. Gizonezkoek atera zuten soka aurresku Jose Mari Gerra dantzari heldua buruz zuela eta atzesku, aldiz, Egoitz Blanco gaztea. Aurresku horren bidez gure dantzen transmisioan eta iraupenean ardura nagusia eta lan handiena bere gain hartu dutenak eta hala ere gehienetan itzalean geratu diren pertsonak omendu nahi genituen: emakumeak, andre dantzari-dantzazaleak. Soka-dantzako gonbidatu izatetik soka-dantzako dantzari izatera pasa diren emakumeak.

Dantza Eibarko 50. Euskal Jaia: Soka-dantza, agurraArgazkia: Iñaki Zugasti

Aurreskua amaituta iritsi zen denontzat dantzarako momentua, Iribasko ingurutxoaren eta Imotzeko esku-dantzaren momentua, urtarriletik landutako abileziak erakusteko momentua. Plaza jendez lepo zegoen; armailak, plazaren inguruak, jubilatuen etxe gaineko barandak, jardinak… dena beteta!  Dantzari beteranoenak jubilatuen etxeko arkupe azpitik egin zuten plazarako sarrera eta gaztetxoenek, beren aldetik, errepide aldetik.

Dantza Eibarko 50. Euskal Jaia: Iribas, Maritxuen sarreraArgazkia: Iñaki Zugasti

Iribasko inguru handia, billantzikoa, inguru txikia,… den-denak egin eta Imotzeko esku-dantzari ekin genion, salto, txistu eta algara, denok batera kalejiran plazatik irten aurretik. Hori bai hori festa!

Dantza Eibarko 50. Euskal Jaia: Iribasko ingurutxoaArgazkia: Felix Beitia
Dantza Eibarko 50. Euskal Jaia: Imotzeko esku-dantzaArgazkia: Felipe Loiola

Pozari eutsi ezinda irten ginen plazatik. Lagunak eta familia agurtzen hasi orduko Aldolfo Jainaga eta Unai Narbaiza erromeriarekin hasi ziren, eta berehela dantzan ginen berriz hainbat lagun.

Dantza Eibarko 50. Euskal Jaia: Jainaga eta NarbaizaArgazkia: Iñaki Zugasti

Bazkaritan errekuperatu genituen indarrak. 400 pertsona inguru batu ginen Udaletxe aldean jarritako karpa handian. Eibarko Klub Deportiboak antolatuta ederki jan eta edan genuen denok, bagenekien arratsaldean zer zetorkigun eta.. dantza gehiago!! Patxi eta konpainiarekin oraingoan. Han eta hemengo dantzak egin genituen berarekin, dantza-jauziak, balsak, fandango eta arin-arinak, Oriako sorgin-dantza, mazurka, dantza-jolasak… berandura arte, gelditu gabe aritu ginen. Larrain-dantza izan zen plazan egin genuen azken dantza eta Deportibo aurrean ere egin genuen azkenekoz, egunari amaiera hasiera bezala emateko, dantzan!

Dantza Eibarko 50. Euskal Jaia: BazkariaArgazkia: Iñaki Zugasti
Dantza Eibarko 50. Euskal Jaia: PatxiArgazkia: Iñaki Zugasti

Arrateko zelaia 2015eko festarako prest

Datorren asteartean, irailaren 8an, Arrateko zelaian izango gara berriro ere, hamaikagarrenez, Arrateko Amaren Kofradiako dantzariak. Abuztuko oporrak atzean utzita Arratera begira jarri gara eta aste honetan zehar entseguak egin ostean prest ditugu ezpata, makil, brokel eta abarrak. Aurtengoan, asteguna izan arren, 55 dantzariko taldea batuko gara Arraten zelaia dantzaz betetzeko.

Arrate 2014-2
Arrate, 2014. Argazkia: Felipe Loiola. Dantzan CC BY-SA

Arrateko zelaiak ikusi ditu jada dantzariak 2015 honetan, atzo, irailaren3an, bertan izan baikinen denok, azken entseguak egin eta zelaiari tamaina hartzen.

Arrate 2015: ensaioa
Arrate, 2015. Argazkia: Oier Araolaza. Dantzan CC BY-SA

Bizkaia eta Gipuzkoako gonbidatuak

Aitor Sorazu Azkoitiako Sahatsa dantza taldeko kidea eta Karmelo Angiozar San Lorentzo dantza taldeko berriztarra izango dira aurtengo gonbidatuak. Bata dantzari gipuzkoarra eta bestea bizkaitarra, bi dantza maisu eta dantzari handiren dantza molde ezberdinak beraz aurten Arraten ikusiko ditugunak. Urtero Euskal Herriko txoko ezberdinetatik Arratera gonbidatzen ditugu dantzariak eta horrela kofradian sartu eta Arraten urtero dantza egiteko aukera izaten dute hauek ere. Aurreko urteetako gonbitatu ugari batzen zaizkigu irailaren 8ro taldera, bailarako dantzarietatik hasi, Euskal Herriko mugetara zabaldu eta ozeanoaren bestaldetik ere egun berezi honetan gurekin batera dantzatzera Arratera datozenak.

Arrate 2012
Arrate, 2014. Argazkia: Iñaki Zugasti . Dantzan CC BY-SA

Irailaren 8a, jai eguna

Urtero lez 11:00etako meza nagusian eta ondoren datorren prozesioan parte hartuko dugu dantzariok, eliza barruan eta prozesioaren ostean ezpata-dantza eskainiz. Gero, 12:30etan zelaian izango da Arrateko Amaren dantzen erakustaldi osoa, ezpata-dantzarekin hasi eta trokeo-dantzekin amaituz.

Arrate 2014
Arrate, 2014. Argazkia: Felipe Loiola. Dantzan CC BY-SA