Hileko artxiboak: ekaina 2015

Eibarko Dantzari Eguna ostiral honetan

2014-06-13_dantzari-eguna_Eibar_FL_5061_1660pEuskal Jaia pasata eta San Joanak gainean ditugula, Eibarko Dantzari Egunaren txanda izango dugu ostiral honetan, ekainaren 12an. Kezka dantza eskolako eta dantza taldeko dantzariek eta musikariek urtean zehar mimoz prestatutako dantzak aurkezteko unea izango da. Ohi bezala, dantza eskolako talde bakoitzak bere errepertorioa prestatu du eta txikienetatik hasita nagusienetarako, Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, Nafarroa Garaia eta Behera edo Lapurdiko dantzak izango ditugu.

Kezkaren dantza eskolako 150 ikasleek eta nagusien taldean aritzen diren 30 dantzariak arituko dira dantzan. Musikari dagokionez Jose Migel Laskurain, Andoni Altzibar, Amaia Baglieto eta Iñaki Barua arduratuko dira txistu eta danborraz, Laskurain bera Andoni Urbietaren eta German Ereñarekin arituko da gaita eta danborrarekin, eta Adolfo Jainaga eta Unai Narbaiza trikitixa eta panderoarekin. Arratsaldeko 19:30etan izango da hitzordua, Untzaga plazan.