Eibarko 50. Euskal Jaia maiatzaren 29tik 31ra

Maiatzeko azken asteburuan ospatuko da Eibarren 50. Euskal Jaia. Maiatzaren 29ean ostiralean hasi eta igandera bitartean kontzertu, azoka eta abarrek beteko dute herria, eta dantzak ere izango du bere tokia noski, toki berezia gainera. Euskal Jaiaren baitan antolatzen da Ezpalak dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdia Eibarren eta bertan soka-dantzak izango dira aurtengo gaia Bizkaia, Araba, Lapurdi, Nafarroa, Gipuzkoa eta Turkiako soka-dantzen erakustaldiarekin.

Eibar Euskal Jaia 1965-70 inguruan

50. Euskal Jaia izanik Eibarren dantzari aritutako dantzariei gonbidapena egin zaie elkarrekin dantzara ateratzeko, eta igande eguerdian hainbat belaunalditako dantzariek beteko dute Untzaga plaza.

Hainbat belaunalditako dantzariak plazara

Dantzari dantzara! lelopean egin zitzaien deialdia belaunaldiz belaunaldi Eibarko dantza taldeetan aritutakoei eta erantzuna ezin hobea izan da. Txiki, gazte eta nagusi, dantzan jarraitzen dutenak eta urtetan dantzarik egin gabekoak, 350 dantzari inguru elkartuko dira datorren igandean Iribasko ingurutxoa eta Imotzeko esku-dantza elkarrekin dantzatzera. Entseguak urtarrilean hasi ziren eta jo eta ke aritu dira prestaketa lanetan.

Euskal jaiko ensaio orokorra
Argazkia: Iñaki Zugasti / dantzan.eus CC BY-SA

Soka-dantzak Ezpalak jaialdian

Ezpalak jaialdiari dagokionez, soka-dantzek hartuko dute  protagonismoa  larunbatean, arratsaldeko 19:00etatik aurrera egingo den 10.edizio honetan. Eibarko Kezka dantza-taldeak San Joan eguneko soka-dantza berritua plazaratuko du lehen aldiz eta honez gain Lapurdiko Lekorne herriko Urtsuko xoriak taldea, Iruñeko Duguna taldea, Arabako Larrea herriko dantzariak, Bizkaiko Garai herriko dantzariak eta Turkiako Ankarako Baskent Unibertsitateko dantza-taldea izango dira Untzaga plazan tokian-tokiko soka-dantzak erakusten.

Ezpalak 2015 headerra

50. Euskal Jaia Eibarren (1965-2015)

1965ean egin zen lehen Euskal Jaia Eibarren Arrate Kultur Elkartearen eskutik eta ondoren Eibarko Klub Deportiboak hartu zuen berau antolatzeko ardura. Gaur, asteazkena, maiatzaren 27an, Coliseo antzokian Eibarko 50. Euskal Jaiaren programaren, dokumentalaren eta liburuaren aurkezpena egingo da.

Hona Eibarko 50. Euskal Jaiko programa:

Eibarko 50. Euskal Jaia

Ostirala, maiatzak 29

  • 17:00etatik 19:00etara: Kalian Jolasian Bizikleta plazan.
  • 20:00etaik 4:00etara: Kontzertuak Makala, Espaloian, Hesian eta eMePeBo5t taldeekin Untzaga plazan.

Larunbata, maiatzak 30

  • 10:00etataik 14:00etara: Baserritar eta artisau azoka Toribio Etxeberria kalean.
  • 19:00etan: Ezpalak Nazioarteko Jaialdia (Lapurdiko Lekorne herriko Urtsuko xoriak taldearekin, Iruñeko Duguna taldearekin, Arabako Larrea herriko dantzariekin, Bizkaiko Garai herriko dantzariekin, Turkiako Ankarako Baskent Unibertsitateko dantza-taldearekin eta Eibarko Kezka dantza taldearekin).
  • 21:30etan: Kantu afaria Untzaga plazako karpan.

Igandea, maiatzak 31

  • 12:00etan: txistulari eta dantzarien kalejira Urkizutik Untzaga plazara.
  • 12:30etan: Eibarko aspaldiko eta gaurko dantzarien emanaldia.
  • 13:00etan: Erromeria Jainaga eta Narbaizarekin.
  • 14:00etan: Herri-bazkaria Untzaga plazako karpan.
  • 17:00etan: Erromeria Patxi eta konpainiarekin.
  • 19:00etan: Larrain-dantza Untzagan.
  • 20:00etan: Larrain-dantza Depor parean.

2015-Eibarko-50-Euskal-jaia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude