Maiatzaren 3an Mandiola auzoko Santa Kurutz ermitan soka-dantza egin genuen Kezkako dantzariok Usartza txistulari taldeak eta auzoko baserritarrek lagunduta. Jai giro ederrean pasatzen dute urtero goiza bertara hurbildutakoek, trikitixa eta pandero, txistu eta danbolin, txorizo eta odoloste egosi, joko, algara eta dantza!
Miren Hazas eta Oihane Llorentek hartu zituzten sokaren muturrak, lehenak aurresku lanak eta bigarrenak atzeskuarenak egin zituzten. Olaia Gabirondo eta Olaiz Agirrebeñak zerbitzariarenak bete zituzten. Mandiola auzoko baserritarrak izan ziren, urtero bezala soka osatu zutenak.
Desafioa, aurreskuak eta abarrak amaituta dantza-soltean fin ibili ziren Santa Kurutzera hurbildutako auzokideak.
Usartza txistulari taldeko German Ereña, Javier Zorrakin, Ainhoa Urkizu eta Enrike Montero izan ziren goizari berari eta soka-dantzari doinua ipini ziotenak. Auzoko gazteek ere pandero eta soinuak hartuta animatu zuten goiza. Nagusiak, aldiz, bertara hurbildutako guztiontzat txorizo eta odoloste egosiak prestatu zituzten goizean goizetik.
Hona hemen Iñaki Zugastik egindako argazki sorta: