Hileko artxiboak: ekaina 2014

Eibarko Dantzari Eguna 2014

Euskal Jaiak grisetik agurtu bagintuen, Dantzari egunak zeru urdinak eta beroak gordeak zizkigun. Arratsaldean Untzaga Plaza behar bezala atontzeko lanetan gero dantzan baino izerdi gehiago bota zuenik bada!

Arratsaldeko 19:30etan genuen zita Untzaga Plazan dantzariok publikoarekin. Itzalak erdizka gordetzen zituen oraindik harmailak eta jendea alde horretara pilatua zen eguzkiari ihesean. Bien bitartean, 150 dantzari inguru prest zeuden; jantzi eta konplementu guztiak txukun-txukun soinean eta urduritasuna aurpegietan. Hauxe da urtean zehar landutakoa erakusteko unea, ez dago besterik. Orduak joan joaten dira Portaleko dantza gelan batzuetan gogotsu eta bestetan alfergura usainaz, baina plazara ataratzeko unea iritsita denek ere ahalik eta ondoen nahi dute erakutsi beren burua. Ez du inork nahastu nahi, eta esan nahi da beraz, oro har txikienek ere badakitela ikasitakoa zuzen egitetik oker egitera bereizten. Nagusitxoagoek berriz, txikienen xalotasunik gabe, ez dute horrekin bakarrik konformatu nahi eta hanka ahalik eta goren altsatzen ahaleginduko dira, edo salto handiago ematen, edo urratsa ahalik eta zehatzen markatzen.

Musikariek aurretik eginak zituzten soinu frogak. Adolfo Jainaga eta Unai Narbaiza soinu txikia eta panderoarekin; txistu eta danbolinekin Andoni Altzibar, Roberto Altzerreka, Amaia Baglietto eta Jose Miguel Laskurain, eta hauen ondoan Iñaki Barua atabalarekin; Jose Miguel bera eta Joselu Angulo gaitari putz egiteko prest eta haueri erritmoa markatuz German Ereña danborraz. Gutxi gorabehera txikienetatik hasi eta nagusienetara joan ohi da emanaldia; 2007an jaiotako neska-mutilengandik hasi eta 1999an jaiotakoenganaino aurtengoan, eta taldeko lanak ixteko berriz nagusien taldea.

Esan bezala txikienek eman zioten hasiera dantza jaialdiari. Irakasleak erreferentzia moduan lurrean jarrita zeudela festarako hiru dantza eman zituzten: iturria, alunelul eta kalejira. Hasi eta amaitu; ez da gutxi!

2014-06-13_dantzari-eguna_Eibar_0735_IZ

Atzetik Abaltzisketa eta Lizartzako dantzen doinu eta kolorez jantzi zuten plaza 2006an jaiotakoek: Abaltzisketako txantxoen kalejira eta makila-dantza, Lizartzako inauteri dantzan lehenengoa eta bigarrena eta kalejira batez berriz agur esan zioten saioari.

2014-06-13_dantzari-eguna_Eibar_0775_IZ

2005koen txanda iritsita, lehendabizi neskek, erratz txiki bana hanka tartean zutela Beasain aldetik ekarritako sarian zunzun dantzatu eta abestu! zuten bixi bixi. Jarraian mutikoek ordezkatu zituzten Lapurdiko dantzekin dotore-dotore jantzita: Kaskarot martxa plazatik sartu-irtenak egiteko eta tartean makil-ttipi, marmutx, eta xinple ikusi ahal izan genituen.

2014-06-13_dantzari-eguna_Eibar_0812_IZ

2014-06-13_dantzari-eguna_Eibar_0836_IZ

Urte bat nagusiago diren neskatilek kresal usaindun kaskarots, fandangoa, arin-arina eta saliña-saliña dantzatu zituzten. Azken orduko ume baten faltan irakasleak berak dantzatu behar izan zuen umeekin. Irribarrerik ez zen falta izan talde haretan!

2014-06-13_dantzari-eguna_Eibar_0867_IZ

2004 eta 2003ko mutikoek bat eginik dantzatu zituzten Durangaldeko dantzari-dantzako ezpata joko txikia, banangoa, eta txotxongiloa. Hemen nagusietako batek osatu zuen taldea. Banakako beharretan non ezkutaturik ez eta bakoitzak zituenaren onenak emanda, dantzari txiki dohaintsurik ere ikusi ahal izan genuen. Ea datozen urtetan haien ibilbide dantzariaz gozatzeko moduan gauden!

2014-06-13_dantzari-eguna_Eibar_0914_IZ

Atzetik, gaita doinuek lagunduta, nesken txanda iritsi zen berriz ere. 2003an jaiotakoek Arabako zenbait pieza dantzatu zituzten: Eltziegoko kalejira, Ekorako kate-dantza, Eltziegoko arbola eta kalejira berriz. Eltziegoko arbolako adarretan zintak esekitzen izan zuten lanik bai; baita lurretik jasotzen ere eusten zegoenak!

2014-06-13_dantzari-eguna_Eibar_0960_IZ

Neska-mutilak elkarrekin ikusi ahal izan genituen neskatxen soka-dantzan. Soka koloretsu eder baten atera ziren plazara denak eskutik helduta neskatxen esku-dantzaren doinura. Jarraian, aurresku eta atzeskuen punta-motzeko lanak bukatuta, taldeka erdira irten ziren batzuek ormatxulo eta besteek txakolin soinu-zaharrak egiteko. Berriz denak sokara sartuta abarketak dantzatu zituzten sartutako doinuarekin erretiratu aurretik.

2014-06-13_dantzari-eguna_Eibar_0973_IZ

2000an jaiotako nagusitxoagoek Lapurdiko fandangoa dantzatu zuten Jainagaren trikitiak lagunduta. Koreografia bukatu ostean aurpegietako kolore gorrituek dantzaren bizitasuna erakusten zuten eta egindako ahalegina, noski!

2014-06-13_dantzari-eguna_Eibar_1019_IZ

Mutilik ez adin hauetan eta urte bat zaharragoko neskek zuri-gorriz jantzita irten ziren erdira Arrate egunez egin ohi ditugun trokeo-dantzetako bi ematera. Bi kapitainen hasierako zortzikoen ostean, taldeak makil-txiki eta brokel-makilena dantzatu zituen; Arrateko Ama pozik geldituko zela seguru gaude!

2014-06-13_dantzari-eguna_Eibar_1062_IZ

Itzalak harmaila osoa hartua zuenean nagusienen unea heldu zen. Cortes-ko paloteadoko dantzak egiteko lau talde zortzikoak! Kalejira izeneakoarekin atera ziren bi lerrotan 32 dantzariak baina hiru gelditu ziren plazan paloteado I edo balsa egiteko. Atzetik bi taldek trenzado doble izeneko zinta-dantza egin zuten. Egia esan, bietako batek ahal-eginera baino ez zen iritsi, dantzaren erdi ingurura nahastua eta korapiloa askatu ezinik gelditu bait zen. “Zuzeneko kontuak” esan izan ohi dute! Berriz ere hiru talde plazaren erdian zirela paloteado II edo jota ere deiturikoa ikusi ahal izan genuen; estu hartzen zaituen dantza indartsua bukaerako arnasestuek erakusten zuten bezala.Cortes-ko kalejira doinuaz erretiratu ziren dantzariak sartu ziren antzera.

2014-06-13_dantzari-eguna_Eibar_1161_IZ

Jaialdiari agur esateko dantzari guztiok plazara atera ginen kalejiran eskutik helduta Untzaga plaza geure eginez.

Eskerrik asko dantzari, irakasle, dantzari guraso, anai-arreba eta lagun guztiori, batzuok plazan eta besteak harmailetan, denon artean halako egunak posible egiten ditugulako, dantzak bizi gaituen seinale!

2014-06-13_dantzari-eguna_Eibar_1222_IZ

Hemen Iñaki Zugastiren argazki sorta.

Ezpata-dantza Benito Lertxundiri Gipuzkoako Urrezko Domina emateko ekitaldian

Ostegunean, ekainaren 12an, Urrezko Domina emango dio Gipuzkoako Foru Aldundiak Benito Lertxundi kantariari. Ezpata-dantza eskaintzen zaie urrezko dominarekin omentzen dituztenei, eta ostegunean, arratsaldeko 18:30ean dantzatuko den ezpata-dantza prestatzen dihardugu egunotan.

Gipuzkoako zenbait talde eta ezpata-dantzetako dantzariek parte hartuko dute ekitaldian. Zehazki aurten Tolosako Udaberri, Añorgako Arkaitz, Andoaingo Urki, Elgoibarko Haritz, Debako Gure-Kai, Beasaingo Aurtzaka eta Eibarko Kezka dantza taldeetako dantzariak arituko dira, Argia dantzari taldearen zuzendaritzapean, eta Eibarko Usartza Txistulari taldearen doinura.

Nestor Basterretxeari Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako urrezko dominaren ekitaldian egindako ezpata-dantza. Donostia, 2013-09-26. Argazkia: Iñaki Zugasti - dantzan.com / CC-BY-SA

Hona orain arte Gipuzkoako urrezko domina jaso dutenen zerrenda:

1982: Jose Migel Barandiaran.
1983: Manuel Lekuona.
1985: Orfeon Donostiarra.
1987: Eibarko Armagin Eskola.
1991: Carlos Santamaria.
1994: Euskaltzaindia.
1998: Jorge Oteiza, Eduardo Chillida eta Juan Mari Arzak.
2003: Jose Maria Setien, Juan Zelaia eta Iñaki Gabilondo.
2005: Menchu Gal eta kooperatiben sortzaileak: Alfonso Gorroñogoitia, Jose María Ormaechea, Jose María Arizmendiarreta, Luis Usatorre eta Jesús Larrañaga
2005: Xabier Arzalluz, Carlos Garaikoetxea, Jaime García Añoveros y Pedro Luis Uriarte.
2006: Pedro Miguel Etxenike, Iciar Astiasaran eta Andoni Egaña.
2008: Mikel Laboa.
2009: 60ko hamarkadako andereñoak.
2010: Angel Olaran misioilaria.
2013: Nestor Basterretxea (Urrezko plakak: Egin eta Euskaldunon Egunkaria).
2014: Benito Lertxundi (Urrezko plakak: Frankismoan Ordena Publikoaren Auzitegiaren bortizkeria jasan zuten emakumeak eta “Beroa” Gipuzkoako Harrera Familien Elkartea)

Ezpalak 2014, Eibarko jaialdia

Igandez Iruñeko Burgoen Plazatik Eibarko Untzagakora egin zuten salto danbolintero edo ttunttuneroek eta haiekin etorritako dantzariek (edo, aurreikusitako asmoa behintzat horixe zen…).

Beti ere zerura begira pasatzen ditugu aurreko egunak eta igandean bertan azken minutura arte halaxe egon ginen: lainoak eta euriak izango genituela iragarria zuten adituek, lurra bustita baina ateri esnatu ginen Eibar aldean, eta euritik babesteko Astelenarako plana ere iragarria genuen. Baina erabakia hartu beharra zegoen musika ekipoa batean ala bestean muntatzen hasteko astia izan zezaten teknikariek. Erabaki ezinda genbiltzala hauen eskutik ireki ziren eguneko ostarteak: kasualitatez unitate mugikor bat ekarria omen zuten Eibarrera eta nahi bagenuen, txarrenera eta azken unean ere, hura eraman zitekeela Astelenera, Entzun eta erabaki: betiko planari helduko genion beraz eta euriak harrapatuko bagintu bidean Astelenera mugituko ginela.

Zerura begiratzeari utzi gabe, 12:00etarako Urkuzuko Plazan elkartu ginen parte hartzaileok. Kezkako neska-mutilek zuri-gorriz janzten zuten plaza eta han hemenka ohikoa duguna baino txistulari gehiago ikus zitezkeen. Izan ere, Eibarko txistulariei deia egina zitzaien, oraingo nahiz lehengo, berriz elkartu eta betiko piezak joaz aurtengo Ezpalak Jaialdiaren gaiarekin bat egin zezaten. Berrogeitamar bat txistulariok aurrean zirela hasi zen kalejira: atzetik Kezkako nagusi nahiz txikiak lau soka ederretan bildurik buruzagiari lotuta, eta oraindik atzerago Ezpalak Jaialdiko bost gonbidatuak.

2014-05-25_Ezpalak-Eibar_9364_IZ

2014-05-25_Ezpalak-Eibar_9369_IZ 2014-05-25_Ezpalak-Eibar_9390_IZ

2014-05-25_Ezpalak-Eibar_9395_IZ 2014-05-25_Ezpalak-Eibar_9396_IZ

2014-05-25_Ezpalak-Eibar_9406_IZ

Bidearen erdiak eginda genituenean, euriak egunon esan eta aurrera egin ahala gurekin jarraitzea erabaki zuen gero eta gogotsuago. Ez zen une txarra izan bisitarako! Pausoa arindu, Untzaga pasa eta zuzenean Isasiko aldapan gora Astelenerako bidea hartu genuen. Ahal izan zen moduan, batzuek eserlekuetan leku hartzen zuten bitartean musikari zein dantzariek ere pilotalekua dantzaleku bihurtu asmoz, frontoia literalki okupatu zuten. Talde guztien aurkezpeneko sartu irtenaren ondoren ekin genion jaialdiari berari.

Etxekoak izan ziren lehenbizikoak pilotalekua zabaltzen. Andoni Altzibar eta Iñaki Barua biribilketa bat joaz kantxa erdira atera ziren lehenengo, eta haren erritmora, segundu gutxiren buruan Kezkako dantzari guztiek kantxa hartu zuten haien inguruan. Ezpataz zein makilaz elkarri lotuta, nagusienek parrila prestatu zuten musikarien inguruan eta gainerakoek hamaika sokatan banaturik irudi desberdinak marrazten zituzten bitartean, Andoni Altzibar parrila gainera igo zuten, honek txistua eta danbolina jotzeari utzi gabe. Han ziren danbolinteroek bat egin zuten han goian zenarekin eta txalo zaparrada ederra entzun ahal izan genuen horren adierazle. Parrila deseginda eta musikariak berriz Jose Miguel Laskurain eta Amaia Baglietto txistularien ondora erretiratuta, kezkako lagunak taldeka soka joko eta irudi desberdinak dantzatu zituzten. Biribilketa doinua ixildu eta ezpata-jokoa edo abarketak ere entzun eta ikusi ahal izan genituen tartean eta bukatzeko Bedaioko ingurutxoaren erritmora bukatu zuten saioa, berriz ere soka amaigabe zuri-gorri bat osatuz.

2014-05-25_Ezpalak-Eibar_9507_IZ 2014-05-25_Ezpalak-Eibar_9526_IZ

Etxekoen lanak bukatuta Cambrils-eko ball de bastons-ak atera ziren erdigunera Ángell Vallverdún flabiol eta tamborinaren aginduetara. Makil-dantza indartsuak erakutsi zizkiguten Ángellek bertatik bertara jarraitzen zituela.

2014-05-25_Ezpalak-Eibar_9529_IZ

Gure inguruetara berriz buelta eginda, Xabier Itzainaren xirulak eta ttunttunak jarri zituen dantzan Itsasuko Ataitze taldeko dantzariak. Jauziren bat edo beste, gabota eta dantza-luzea eman zizkiguten. Xabier bera gidari izan arren, arrabita, atabala eta bigarren xirulari bat ere izan zituen lagun musikarien taldea osotuaz.

2014-05-25_Ezpalak-Eibar_9553_IZ

Lapurditik Zamorara salto egin genuen gero Mario Martínez tamborileroaren esku eta doinuetatik. Honek Muelas del Pan-eko dantzariak jarri zituen martxan, eta erdibideko nahaste eta guzti, benetan gozatu ahal izan genuen haien paloteado biziez.

2014-05-25_Ezpalak-Eibar_9664_IZ

Mantxako kanalaz haratagotik, Ingalaterrako Gloucestershire-tik iritsi zitzaigun Stephen Rowley. Haren txirula eta danbor doinueri jarraiki Feet Together Jump taldeko dantzariak jardun zuen jauzika dantzan bi zapi eskuetan zituela. Une batez zaldiko dibertigarri batek ere lagundu zion egin beharretan eta denen artean azkenerako Astelenako publikoarenbesoak dantzan jartzen lortu zuten.

2014-05-25_Ezpalak-Eibar_9672_IZ 2014-05-25_Ezpalak-Eibar_9681_IZ

Jaialdiari bukaera emateko, etxera bueltatu berriz eta, hain zuzen, Berrizko dantzari beteranoen indarrak hartu zuen pilotalekua. Haien gidari, ezin bestean, txistularia eta atabalaria, eta bi izen haundi: German eta Jon Aldekoa Arriaga. Dantzari-dantza, erregelak eta banango zaharra eman zizkiguten. Gozamena lau haizetara!

2014-05-25_Ezpalak-Eibar_9779_IZ

Hara hemen, 2014 honetako protagonista gonbidatuak…zein pieza joten ari ote dira?

2014-05-25_Ezpalak-Eibar_9805_IZ

Honenbestez 2014 heze honek eman diona Ezpalak jaialdiari. Bazkal ostean, Aiko taldearekin dantzaz eta dantzan gozatu ahal izan genuen karpapean, eta nola ez, txistulari eta orohar, musikariez.

Hemen Iñaki Zugastik ateratako argazki gehiago.