Hileko artxiboak: maiatza 2014

Koko-marruak aseturik eta baserritarrak pozik

2014 honetan, eguraldi onak lagunduta eman ditugu koko-dantzak beste urte batez. Baserritarrek eskuzabal hartu gintuzten eta iluntzean herriko kaleetan, jendez inguraturik girotu genituen bazterrak.

Ezin kexatu gara. Goizeko goibelak segituan egin zion tarte eguzkiari eta harek argituta egin genuen aurtengo ibilbidea. Behar bezala jantzi, aurpegiak ezkutatu, herramintei heldu, furgoneten banaketari kontu egin eta, zortzirak bueltan, astirik galdu gabe lehenengo txapligua jaurtitzen ginen merkatu plazaren aurrean.

2014-02-22_koko-dantzak_FL_4288

Jarraian taldea bitan banatu genuen: batzuek Aginaga alderako bidea hartu zuten zuzenean eta besteek berriz, Amañako kale ezkutuetatik aurrera joanda, Zozola baserria zuten lehen bisita leku, iaz egin gabe gelditu ziren Mandiola aldeko baserrietara bidean.

Aginaga aldean Altzerreka izan zen lehena. Segidan San Romanen, Abuaga bietan, Torrepen eta Suinaga bietan entzun ziren txapliguak. Baserritarrek irribarrez agurtzen gintuzten eta baita dantzara animatu ere!

2014-02-22_koko-dantzak_FL_2881

2014-02-22_koko-dantzak_FL_2959

Alde egin aurretik, mamarruen zestoak betetzea gogotsu onartzen zuten denek ere… badaezpada!

2014-02-22_koko-dantzak_FL_3148

2014-02-22_koko-dantzak_FL_3179

Bien bitartean Mandiola aldeko taldeak, Zozolan hasi eta oinez egin zituen segidan Zozolabarri eta Aritxulueta biak. Hemen koko-marruak lehenengotik ase nahi izan zituzten eta armosua armosuaren gainean izan genuen. Ohikoa baino ozenago entzun ahal izan zen agurtzeko kopla… hau etxe hau luze gorde daixala!.

2014-02-22_koko-dantzak_FL_4319 copia

2014-02-22_koko-dantzak_FL_4372

Gorostiagara iritsi aurretikoan egin zuten bat talde biek. Baserri atariak eskeintzen zuen plaza ederra ikusita, bertan sokadantza emateko tartea hartu genuen etxeko jaun andereak begira begira genituela.

2014-02-22_koko-dantzak_FL_4548

Jarraian, bailaran beheraxeago bide bazterrean bertan, Orbesoraen baserrian zain genuen familia osoa; nagusien atzekaldean ezkutaturik hasieran etxeko txikienak eta koko-marruekin dantzan segituan.

2014-02-22_koko-dantzak_FL_3322

Furgonetetara berriz igo eta Aginagara jarraitu genuen. Aginagagaineko ertzean dantzatu, abestu eta tripak bete ostean, taldeko argazki ederra atera genuen eliza atarian.

2014-02-22_koko-dantzak_FL_3392

Goranzko bidea jarraitu genuen Bizkaian sartu-irtena eginaz Oregizar baserriak zapaltzen duen mugarrira iristeko.

2014-02-22_koko-dantzak_FL_3413

Gora eta gora egin oraindik eta azkenik Arandoetara iritsi ginen. Ederra aldaketa egin du lau urte hauetan baserri gune honek! Ia ezagutu ere ez genituen etxeak… Oraindik berrizte lanetan darraite, batak zein besteak baina poza ematen du jaustear zeuden etxeak horrela berriztuta ikusteak. Lau urte barru irrikaz bueltatuko gara, nola aurkituko ote dugun galdezka.

2014-02-22_koko-dantzak_FL_4859

Baserrietako eskeak bukatuta, Umbe elkartean -behar haundirik ez bagenuen ere aurtengoan- zerbait jan, edan eta deskansatzeko tartea hartu genuen. Zazpietan anbulategiko parkean txaranga eta beste koko-jantzitakoekin elkartu eta iluntzeko saioari ekin genion. Aurten bi pertsonaia berri izan genituen mozorro edo zomorro artean: fumigatzaileak! Extralurtarrak ziruditen haiek koko-marruen eztarriak baretzeaz arduratu ziren batez ere.

2014-02-22_koko-dantzak_IZ_7855_IZ

Eguraldiak lagunduta eta Mausitxak markatutako doinueri jarraituaz, giro ezin hobean joan zen kalejira. Urtetik urtera gero eta gehiago dira koko-jantzita gurekin batera Eibarko kaleetan jarduteko batzen zaizkigunak eta dudarik gabe honek jaia handiago eta batez ere biziago bihurtzen du. Aurpegia estali, hiru-lau trapu zahar soinean jantzi eta dantzan jarduteko humore pixkat (edo humorez jardun ahal izateko dantza pixkat?!), ez duzu besterik behar.

2014-02-22_koko-dantzak_IZ_7815_IZ

Erdi bidean Untzagan, jendez inguraturik, sokadantza emanda, San Andres elizako plazan azken dantza jauzi eta bueltak emanaz esan genion agur aurtengoari.

2014-02-22_koko-dantzak_IZ_7933_IZ

Hemen Iñaki Zugasti, Fernando Retolaza eta Felipe Loiolaren argazki gehiago hurrenez hurren.

2014-02-22_koko-dantzak_IZ_7965_IZ

Danbolinteroak izango ditugu Ezpalak jaialdiko protagonistak

Hemen dugu Eibarko 49. Euskal Jaia, eta Euskal Jaiaren baitan, Duguna eta Kezka taldeen artean antolatzen dugun Ezpalak dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdia. Larunbatean, maiatzaren 24an Iruñean eta Igandean, maiatzaren 25ean Eibarren, Itsasu, Zamora, Cambrils, Stroud (Ingalaterra) eta Berrizko dantzariak eta danbolinteroak izango ditugu Ezpalak jaialdian.

Txistulariak edo danbolinteroak, dantzarion egunerokoan ezinbesteko ditugun musikari-laguntzaile horiek izango dira 2014ko Ezpalak jaialdiaren protagonistak. Txistulariak euskal folklorearen sinbolotzat ditugu, eta jaialdi honetan ikusiko dugu Euskal Herritik kanpo ere txistua eta danbolina biak batera jotzen dituzten musikari horiek ohikoak direla. Itsasutik Xabier Itzaina xirularia etorriko da Ataitze dantza taldeko dantzariekin, Berriztik German Aldekoa txistularia San Lorenzo dantza taldearekin, Cambrils-etik Angel Vallverdu, flabiolairea ball de bastons taldearekin, Zamorako Muelas del Pan-eko dantzariekin Mario Martinez Roncero tamborileroa eta Ingalaterrako Gloucestershire-tik Stephen Rowley pipe and tabor ingelesa jotzen duen taborer-a Alex Merry dantzariarekin.

Ezpalak 2014 header

Eguerdian emanaldia plazan

Igandean, Urkizuko parkean elkartuko dira dantzari eta danbolintero guztiak, eta baita Eibarko Kezka dantza taldeko dantzari eta txistulariak ere bai. Andoni Altzibar, Amaia Baglieto, Iñaki Barua, Jose Migel Laskurain eta Roberto Altzerreka izango dira Kezkako txistulariak. 12.00etan abiatuko da kalejira Urkizutik, aurretik Eibarren txistulari talde eder bat dutela. Izan ere, Eibarren garai desberdinetan txistulari aritutako hainbat lagun bildu dira eta ensegutan aritu dira azken hilabeteetan, eta igandean kalean izango dira, horietako asko hainbat urte ondoren.

Eguerdiko 12:30etan izango da dantza emanaldi nagusia Untzaga plazan. Hauxe da egitaraua:

Hauxek dira jaialdian izango ditugun taldeak:

Ondoren bazkaria izango da karpan, eta arratsaldean 17.00etatik aurrera erromeria, Aiko taldearekin.

Informazioa: Ezpalak 2014 jaialdia

Portugaleteko Folklore Azokan izan gara dantzan

Pasa den larunbatean, maiatzaren 10ean, Portugaleteko Elai Alai taldeak antolatzen duen Folklore Azokan izan gara beste zenbait talderekin batera eskainitako emanaldian parte hartzen. Iruñeko Duguna, Elgoibarko Haritz, Debako Gure-Kai, Portugaleteko Elai-Alai eta Eibarko Kezka dantza taldeak parte hartu dugu emanaldian.

Portugaleteko El Solar plazan, Ibaizabal ondoan genuela eta zubi eskegia parean, bost taldeon emanaldia burutu zen Folklore Azokaren baitan. Elgoibarko Haritz dantzari taldeak erreberentzia, ezpata-dantza eta neskatxen esku-dantza eskaini zuen. Ondoren, Portugaleteko Elai Alai taldeak larrain-dantza dantzatu zuen. Eibarko Kezka dantza taldeko dantzari eta musikariok Arrateko ezpata-dantza egin genuen. Iruñeko Dugunak San Blas eguneko neskatxen soka-dantza egin zuten. Azkenik, Debako Gure-Kai taldeak San Roke dantza eskaini zuen.

Kezkaren emanaldian, Arrateko ezpata-dantzan, azkendari (ezpata txikiekin aritzen diren barkalariak) lanetan aritu ziren lau dantzariak estreinakoz dantzatu zituzten ezpata-txikiak: Oihane Llorente, Ander Garitagoitia, Miren Hazas eta Jone Saez-ek osatu zuten laukotea. Oier Araolazak gidatutako ezpata luzeen taldean berriz Unai Txurruka, Maite Gonzalez, Egoitz Blanco, Maider Otaola, Enrike Izagirre, Ainhoa Larrañaga, Leire Andikoetxea, Maitane Fariñas, Irati Egiguren, Nerea Ereña, Unai Txurruka, Julene Usobiaga, Endika Arrilaga, Beñat Pildain, Itziar Herrera eta Miren Cid aritu ziren. Musikariak Andoni Altzibar, Jose Migel Laskurain eta Iñaki Barua izan ziren.

Horra Iñaki Zugastik egindako zenbait argazki:

Korrotik pikutara hitzaldi-dantzatua Bektokixan maiatzaren 9an

Berreibar Kulturala programa barruan, Korrotik pikutara izeneko ekitaldia izango da ostiral honetan, maiatzaren 9an, Bektokixan. Bertan, euskal dantzaren historia bat, hitzez kontatua eta gorputzez dantzatua eskainiko dute Gari Otamendik eta Oier Araolazak.

Eibarren hutsik dauden tailerrei erabilera berriak emateko asmoz lanean dihardu Berreibarekimenak, eta horren baitan kokatzen da Berreibar Ekimen Kulturalaren programazioa. BH bizikleta mitikoen lantegia izan zen Beistegi Hermanos-en eraikina egokitu dute kultura jarduerak egiteko, eta Bektokixa izenarekin hainbat jarduera egiten ari dira bertan. OstiraleanKorrotik pikutara hitzaldi-dantzatua eskainiko da bertan.

Korrotik pikutaraEuskal dantzaren historia bat kontatu eta gorpuzten dute Gari Otamendi eta Oier Araolazak hitzaldi-dantzatu moduan aurkezten den ekitaldi honetan. Dantza molde zaharretatik gaur egungo dantza formetara egindako bideari erreparatuko diote: korroan, borobilean hasi, eta dantzak nola joan diren aldatzen erakutsiko dute, soka-dantza, ingurutxo eta kontra-dantzetatik pasaz, bikote dantzetara iritsi eta azkenik norbanako bihurtu arte.Taldetik indibidualera, borobiletik dispertsiora, korrotik pikutara joan omen dira aldatzen gure ohiko dantzak. Ibilbide hori hitzez eta dantzaz aurkezten dute, historia kontatu eta dantzatu bat beraz.

Korrotik Pikutara Eibarren, Bektokixan (Bittor Sarasketa 7-1 ezkerra)
Maiatzak 9, ostirala, 19:30ean

Soka-dantza Santa Kurutzen 2014

Mandiola eta Gorosta aldeko baserritar gazteek Santa Kurutzeko jaien ardura bere gain hartzeaz gain biziberritu egin dituzte azkeon urteotan. Giro ederra izaten da Eibarko ermita politenaren bueltan eta igandean han dantzatzen da soka-dantza, baserritarrak eurak sokan direla, aurresku, atzesku eta zerbitzari lanetan Kezkako dantzariak, eta musikari Usartza txistulari taldekoak aritzen direla.

Pasa berri den asteburuan ospatu dira Santa Kurutz jaiak eta Santa Kurutz ermitan inguruan jolasak, musika, herri-kirolak eta dantzak ospatu dituzte. Maiatzaren 4an, igandean, soka-dantza zegoen iragarrita eta halaxe dantzatu zuten. Kezka dantza taldetik Eider Agirrebeña eta Maider Otaola aritu ziren aurresku eta atzesku lanetan, eta Amaia Rodriguez eta Ane Sarasketa (hau auzoko baserritar eta dantzari paper bikoitzean) zerbitzari lanetan, Usartza txistulari taldeko Enrike Montero, Ainhoa Urkizu, Asier Kastelos eta Iñaki Orbegozo arduratu ziren musikaz, eta sokan Mandiola eta Gorosta bailaretako baserritarrak.

Dantzarako giro eguzkitsu eta gozoan dantzatu zuten soka-dantza, desafio, zortziko, kontrapas, errenberentzia, aita sanmigel, fandango, arin-arina eta kalejirak tarteko. Iñaki Zugastiren argazki kamerak ekarri dizkigu Santa Kurutzeko soka-dantzaren erretratuak. Horra ba: