Koko-dantzak 2014: Mandiola eta Agina aldean ibiliko gara

Larunbat honetan, otsailaren 22an aterako gara koko-dantzan eta koko-eskean. Aurten Mandiola osatzeko falta zaizkigun 4 baserri eta Agina aldekoak bisitatuko ditugu.

Koko-eskearen ibilbidea

Goizean goiz, 8:30ean, Merkatu plazan egingo du lehen agerraldia koko-dantzen konpartsak. Ondoren bi taldetan banatuko gara. Talde bat Mandiola aldera eta bestea Aginaga aldera joango da. Amañatik gora Zozola, Zozolabarri, Aritxuluetabarri eta Aritxuluetara igoko gara. Bitartean bigarren taldea Ixuatik Agina aldera jaisten eskuin eta ezker dauden baserrietara hurbilduko da: Altzerreka, San Roman, Aboagaazpikoa, Aboagainekoa, Torrepe… Mandiola aldeko taldeak hango lanak bukatuta Aginakoarekin elkartuko da, eta hortik aurrera batera egingo ditugu Suinagatxo, Suinaga, Gorostiaga, Atxekoa, Orbesoaren eta Aginagainekoa. Hortik gora segi eta Oregizahar, Arandoaurtena, Arandobarrena, Arandoguena eta Arandoetxebarrirekin bukatuko dugu.

Koko-festa kalean

Iluntzean, 19.00etan Anbulategiko parkean elkartuko gara koko-konpartsa eta koko-festan parte hartu nahi duten guztiak, eta Mauxitxa txarangaren doinura erdiko kaleetan ibiliko gara. Ekitaldi irekia da hau eta nahi duten guztiak daude gonbidatuta, koko-jantzi eta festan gurekin batera parte hartzera.

Koko-dantzak 2014

8:30 Merkatu plazan lehen agerraldia
9:00 – 18:00 Koko-dantzak eta koko-eskea Agina aldeko baserrietan.
19:00-21:00 Toribio Etxebarria, Untzaga eta Kalbeton kaleetan koko-dantzak Mauxitxarekin.

Zozolako oroitzapen bereziak

Koko-dantzetan zenbait bisitari izan ditugu urteotan, tartean argazkilariak eta folklore ikertzaileak ere. 2010. urtean, aurtengo ibilbide bera egin genuenean Antxon Agirre Sorondo folklorista ezaguna izan genuen behatzaile. Gehienek nor ze ezagutu ez, eta harriduraz begiratzen zioten bati eta besteari aginduak ematen zizkion gizon handi hari. Zozola baserrian lehen agerraldia egiten ari ginela, ezkontza argazkilariak bezala, erretratua ongi egiteko bakoitza non jarri behar zen agintzen hasi baizitzaigun Antxon Agirre Sorondo.

Zorionak! Bai inauteri ederra!” esan zigun Antxonek eta gu ur bitsetan, hainbeste inauteri eta festa ezagututako gizonaren ahotik zorionak jasota. Gero bi gauza agindu zizkigun: “Etorriko naiz beste batean!”. Eta Hemendik urtebetera artikulua argitaratuko dut El Diario Vascon, koko-dantzen berri emanez” iragarrita agurtu gintuen. Ez genuen pentsatzen urtebetera akordatuko zenik, baina esandako hitz bete zuen, eta horrela, 2011ko otsailaren 19an argitaratu zuen artikulua: “Koko-inauteria“. 

Orain hiru aste hil da Antxon Agirre Sorondo, eta beraz, bigarren agindua bete ezinda joan zaigu. Eta gauzak zer diren, Zozola baserriko Jose Enrike hil da egun horietan bertan. Bisita berezia izango dugu beraz Zozolara aurten, etxeko Jose Enrike eta han bertan ezagutzera eman zitzaigun Antxon gogoan izateko unea izango baita.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude