Erakusketa: Koko-dantzak eta Kaldereroak Eibarren

Otsaila hasi zenetik martxan da Deportiboko tabernan koko-dantzen eta kaldereroan gaineko erakusketa. Tradizioak inoiz oinez hasi eta oharkabean oinez darraitelako bihurtzen zaizkigu tradizio hain zuzen. Kaldereroen konpartsak alde batetik eta koko-dantzek bestetik daramaten ibilbidearen zenbait zertzelada erakutsi ditu Deporreko Argazkilaritza batzordeak.

kartela_depor2014_koko-dantzak__ww

Besteak beste, Fernando Retolaza, Felipe Loiola eta Iñaki Zugastiren argazkiak aurkitzen ditugu zintzilik, tarteka kalderero eta koko-dantzen inguruko gora behera edo azalpenen bat jasotzen duten testuek lagunduta.

Kaldereroak

1932. eta 1935. urte bitartean kaleratu ziren Kaldereroak Eibarren lehen aldiz. Danba kuadrillako 20 gazte inguru ziren, Eibarko Orfeoiko partaideak gehienak. Arrakasta haundia izan zuen ekimenak. Halakoa eze, gerrateak ekarri zuen eten luzea gainditu eta orduko ohiartzunak gogoratuz, 1991an hasi zela Eibarko Klub Deportiboko Kezka dantza taldea ohitura berreskuratzen. Garai hartan Kezka dantza taldeko arduraduna zen Pablo Uribetxeberriak askotan entzuna zien guraso eta eibartar nagusiei gerraurreko Eibarko kaldereroen berri. Kantuak ere gogoratzen zituzten askok. Kezka dantza taldeko gurasoei laguntza eskatu eta Arantza Arrietarekin batera ideia martxan jarri zuten, mende erdi geroago. Gaur arte. Kontuak ondo egin baditugu behintzat, datorren urtean 25. aldiz aterako da Eibarko kaldereroen konpartsa kalera.

Koko-dantzak

Aratuste asteburuaren aurreko larunbatean, 2008ko urtarrilaren 26ean, koko-dantzari eta koko-marru konpartsa bat plazaratuko du Kezka dantza taldeak eta baserriz-baserri Arrate inguruko hainbat txoko bisitatuko ditu.” Hauxe genion hementxe bertan orduko haretan. “Eibarren plazaratuko ditugun koko-dantzari eta koko-marruak bertakoak dira, bereziak eta nortasun propioa dutenak, baina aldi berean inauteriaren izpiritu tradizional eta europarrean oinarrituak eta testuinguru horretan bete-betean txertatzen direnak.” Eta horrela gorpuztu genituen mamarruak, burburixuak, masustak, aixerixak, hartza, Petra eta Maria, Don Eusebio, Kattalin eta Manuela, Batista kojua, Arrateko Ama-Birjina, Martin Perratzailia, sasi-kartia… eta koko-dantzarixak eta euren makil-jokoa. San Martinetatik hasita Karnabaletaraino, neguko jaietan ohitura izaten da kuadrillatan baserriz baserri eskean ibiltzea. .:“Aginaldoa”, “hamarrekoa”, “Puska biltzea”, “oilasko biltzea”, “arrautze-arrautze”, “santa eskea” eta horrelako izenekin ezagutzen dira erronda hauek. Eibarren Koko-eskean aritzen gara.

Otsailean, aratusteak iritsi bitartean, Eguen Zuri bezperararte ikusgarri izango da erakusketa Deporreko tabernako hormetan, haren ordutegian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude