Hileko artxiboak: otsaila 2014

Koko-dantzak 2014: Mandiola eta Agina aldean ibiliko gara

Larunbat honetan, otsailaren 22an aterako gara koko-dantzan eta koko-eskean. Aurten Mandiola osatzeko falta zaizkigun 4 baserri eta Agina aldekoak bisitatuko ditugu.

Koko-eskearen ibilbidea

Goizean goiz, 8:30ean, Merkatu plazan egingo du lehen agerraldia koko-dantzen konpartsak. Ondoren bi taldetan banatuko gara. Talde bat Mandiola aldera eta bestea Aginaga aldera joango da. Amañatik gora Zozola, Zozolabarri, Aritxuluetabarri eta Aritxuluetara igoko gara. Bitartean bigarren taldea Ixuatik Agina aldera jaisten eskuin eta ezker dauden baserrietara hurbilduko da: Altzerreka, San Roman, Aboagaazpikoa, Aboagainekoa, Torrepe… Mandiola aldeko taldeak hango lanak bukatuta Aginakoarekin elkartuko da, eta hortik aurrera batera egingo ditugu Suinagatxo, Suinaga, Gorostiaga, Atxekoa, Orbesoaren eta Aginagainekoa. Hortik gora segi eta Oregizahar, Arandoaurtena, Arandobarrena, Arandoguena eta Arandoetxebarrirekin bukatuko dugu.

Koko-festa kalean

Iluntzean, 19.00etan Anbulategiko parkean elkartuko gara koko-konpartsa eta koko-festan parte hartu nahi duten guztiak, eta Mauxitxa txarangaren doinura erdiko kaleetan ibiliko gara. Ekitaldi irekia da hau eta nahi duten guztiak daude gonbidatuta, koko-jantzi eta festan gurekin batera parte hartzera.

Koko-dantzak 2014

8:30 Merkatu plazan lehen agerraldia
9:00 – 18:00 Koko-dantzak eta koko-eskea Agina aldeko baserrietan.
19:00-21:00 Toribio Etxebarria, Untzaga eta Kalbeton kaleetan koko-dantzak Mauxitxarekin.

Zozolako oroitzapen bereziak

Koko-dantzetan zenbait bisitari izan ditugu urteotan, tartean argazkilariak eta folklore ikertzaileak ere. 2010. urtean, aurtengo ibilbide bera egin genuenean Antxon Agirre Sorondo folklorista ezaguna izan genuen behatzaile. Gehienek nor ze ezagutu ez, eta harriduraz begiratzen zioten bati eta besteari aginduak ematen zizkion gizon handi hari. Zozola baserrian lehen agerraldia egiten ari ginela, ezkontza argazkilariak bezala, erretratua ongi egiteko bakoitza non jarri behar zen agintzen hasi baizitzaigun Antxon Agirre Sorondo.

Zorionak! Bai inauteri ederra!” esan zigun Antxonek eta gu ur bitsetan, hainbeste inauteri eta festa ezagututako gizonaren ahotik zorionak jasota. Gero bi gauza agindu zizkigun: “Etorriko naiz beste batean!”. Eta Hemendik urtebetera artikulua argitaratuko dut El Diario Vascon, koko-dantzen berri emanez” iragarrita agurtu gintuen. Ez genuen pentsatzen urtebetera akordatuko zenik, baina esandako hitz bete zuen, eta horrela, 2011ko otsailaren 19an argitaratu zuen artikulua: “Koko-inauteria“. 

Orain hiru aste hil da Antxon Agirre Sorondo, eta beraz, bigarren agindua bete ezinda joan zaigu. Eta gauzak zer diren, Zozola baserriko Jose Enrike hil da egun horietan bertan. Bisita berezia izango dugu beraz Zozolara aurten, etxeko Jose Enrike eta han bertan ezagutzera eman zitzaigun Antxon gogoan izateko unea izango baita.

Erakusketa: Koko-dantzak eta Kaldereroak Eibarren

Otsaila hasi zenetik martxan da Deportiboko tabernan koko-dantzen eta kaldereroan gaineko erakusketa. Tradizioak inoiz oinez hasi eta oharkabean oinez darraitelako bihurtzen zaizkigu tradizio hain zuzen. Kaldereroen konpartsak alde batetik eta koko-dantzek bestetik daramaten ibilbidearen zenbait zertzelada erakutsi ditu Deporreko Argazkilaritza batzordeak.

kartela_depor2014_koko-dantzak__ww

Besteak beste, Fernando Retolaza, Felipe Loiola eta Iñaki Zugastiren argazkiak aurkitzen ditugu zintzilik, tarteka kalderero eta koko-dantzen inguruko gora behera edo azalpenen bat jasotzen duten testuek lagunduta.

Kaldereroak

1932. eta 1935. urte bitartean kaleratu ziren Kaldereroak Eibarren lehen aldiz. Danba kuadrillako 20 gazte inguru ziren, Eibarko Orfeoiko partaideak gehienak. Arrakasta haundia izan zuen ekimenak. Halakoa eze, gerrateak ekarri zuen eten luzea gainditu eta orduko ohiartzunak gogoratuz, 1991an hasi zela Eibarko Klub Deportiboko Kezka dantza taldea ohitura berreskuratzen. Garai hartan Kezka dantza taldeko arduraduna zen Pablo Uribetxeberriak askotan entzuna zien guraso eta eibartar nagusiei gerraurreko Eibarko kaldereroen berri. Kantuak ere gogoratzen zituzten askok. Kezka dantza taldeko gurasoei laguntza eskatu eta Arantza Arrietarekin batera ideia martxan jarri zuten, mende erdi geroago. Gaur arte. Kontuak ondo egin baditugu behintzat, datorren urtean 25. aldiz aterako da Eibarko kaldereroen konpartsa kalera.

Koko-dantzak

Aratuste asteburuaren aurreko larunbatean, 2008ko urtarrilaren 26ean, koko-dantzari eta koko-marru konpartsa bat plazaratuko du Kezka dantza taldeak eta baserriz-baserri Arrate inguruko hainbat txoko bisitatuko ditu.” Hauxe genion hementxe bertan orduko haretan. “Eibarren plazaratuko ditugun koko-dantzari eta koko-marruak bertakoak dira, bereziak eta nortasun propioa dutenak, baina aldi berean inauteriaren izpiritu tradizional eta europarrean oinarrituak eta testuinguru horretan bete-betean txertatzen direnak.” Eta horrela gorpuztu genituen mamarruak, burburixuak, masustak, aixerixak, hartza, Petra eta Maria, Don Eusebio, Kattalin eta Manuela, Batista kojua, Arrateko Ama-Birjina, Martin Perratzailia, sasi-kartia… eta koko-dantzarixak eta euren makil-jokoa. San Martinetatik hasita Karnabaletaraino, neguko jaietan ohitura izaten da kuadrillatan baserriz baserri eskean ibiltzea. .:“Aginaldoa”, “hamarrekoa”, “Puska biltzea”, “oilasko biltzea”, “arrautze-arrautze”, “santa eskea” eta horrelako izenekin ezagutzen dira erronda hauek. Eibarren Koko-eskean aritzen gara.

Otsailean, aratusteak iritsi bitartean, Eguen Zuri bezperararte ikusgarri izango da erakusketa Deporreko tabernako hormetan, haren ordutegian.

Koko-dantzak 2014, badatoz…bazatoz?!?

Euskal Herrian barrena inauteriak ate joka ditugu han eta… hemen! Gurera datorren otsailaren 22an iritsiko zaizkigu koko-eskea eta koko-dantzak; mamarruak, burburixuak, masustak, aixerixak, hartza, Petra eta Maria, Don Eusebio, Kattalin eta Manuela, Batista kojua, Arrateko Ama-Birjina, Martin Perratzailia, sasi-kartia… eta koko-dantzarixak, noski!

Iluntzean, Eibarko kaleetan. Bazatoz?!?

Egunez baserriz baserri jardun ostean, arratsaldean, 19.00etatik aurrera, Anbulategiko parkean batu eta Eibarko erdiguneko kaleetan ibiliko da koko-marruen konpartsa osoa Mauxitxa txarangak lagunduta. Honetarako, ordea, Eibarko kaleak koko-marruz bete nahi ditugu, Eibarko herria koko-jantzi alegia, eta barrutik inauteriaz eta festaz gozatu nahi luketen guztiak gonbidatu.

2013-02-02_Koko-dantzak_IZ_4920

Nahi duten guztientzat ensaio irekiak antolatu ditugu koko-dantzetako iluntzeko kalejiran parte hartzera animatzen zareten guztiontzat. Ensaio horietan koko-dantza ikasi eta koko-jantziari buruzko laguntza eskainiko dugu.

Toribio Etxebarriak bere garaian zera jaso zuen: KOKO-MARRUA. Ente de fantasía con que se asusta a los niños. ¡ Ixildu zaittez, Koko-marruak eruango zaittu ba bestela! ¡ [Calla, que si no te va a llevara el koko-marro.]

Masusta kuadrilla honen antzera?

2013-02-02_Koko-dantzak_FL_4350

Edo honela?

2013-02-02_Koko-dantzak_FL_4364

Eta hauek zein edo zer ote dira?

2013-02-02_Koko-dantzak_IZ_5044

Kaleko koko-dantzetan parte hartzeko ensaio irekiak:

  • Otsailak 11, asteartea, 19:30etan
  • Otsailak 18, asteartea, 19:30etan
  • Tokia: Portalea Kultur etxeko ikastaro-gelan (3.solairua)

Edozein zalantza izanez gero kezka@dantzan.com helbidera idatzi dezakezu edo deitu 943 53 04 40 telefonora, lotsa eta beldurrik gabe. Hori 22rako utziko dugu!

Mandiola eta Aginaga

Aurreko urtean Mandiola aldeko Zozola eta Aritxuluetarrak egin gabe utzi genituen. Aurten bailararekin amaitu eta Aginaga aldera egingo dute salto koko-marruek eskean, atari bakoitzean behekoak abestuz:

Koko-moko,
zaria bete moko.
Gibel, gibel,
afarittarako.
Dirua baneuka,
patrikarako.

50 lagun inguru izango gara bi taldetan banatuta, 8:30etan merkatu plazan hasi, ohiko dugun legez, eta 25 baserri inguru bisitatu ahal izateko iluntasunak Aginaga bailara jan aurretik: aipatutako Mandiola aldekoez gain, Urrintxo, Altzerreka, Zumaran, Mendibil, San Roman, Larrañeta, Iterixa, Abuaga azpiko eta gainekoak, Suinaga eta Suinagatxo, Gorostiaga, Arizpe, Atxekoa, Agarre, Orbesoraen, Agina gaineko eta azpikoa eta Arandotar bost baserriak.

Ia ba, badatozela…atera etxean gordetako trapu zaharrak, aurpegia ezkutatu eta zatoz gurekin koko-jantzita inauteriaz gozatzera!

2009-02-14_Koko-dantzak_FR (269)