Haritzeko lagunekin 40. urteurrena ospatzen

Gogotsu geunden Haritzekoek luzatutako gonbite hartan parte hartzeko: 40 urte dantza taldea sortu zela. Hauek ere hamaika izango dituzte kontatzeko…eta izan ditzatela, dantzatzeko! Azkenengo hotz eta euriek ez zuten Haritzeko lagunek antolatua zuten festara hutsik egin nahi izan eta, plazan aurreikusia zegoen dantza jaialdia Herriko Antzokira eraman beharra izan zen. Txukun antolatu gintuzten Haritzeko lagunek han batu ginen ehundik gora dantzari eta musikariok. Oinetakoak aldatzeko faltan, dantzarako prest elkartu ginen denok eguerdirako Herriko Antzokian. Ikusleak berriz besaulkietan, epel epel, jaialdi harek emango zuenaren zain.

Gure-kaiko dantzariek eman zioten hasiera jaialdiari San Roke eguneko dantzekin. Segidan Iruñeko Duguna taldeak egin zuen salto agertokira Nafarroako dantza sortarekin, eta jarraian Kezkako 22 dantzariok Arrateko Amaren ezpata-dantza dantzatu genuen gure txistularien doinura. Atzetik etorri ziren gero Galdakaoko Andramarikoen indarra eta bizitasuna dantzari-dantza eta erromerietan, Donostiako Argiakoen dotorezia jauzi eta sokadantzan eta Portugaleteko Elai-Alaikoen berritasun eta koreografiak Zuberotarren azalean sartuta. Publikoak ere baiezkoan gaude baina, dantzariok behintzat, seguru, gozatu ederra hartu genuen elkarrengandik. Familia erretrato koloretsu batekin eman genion azkena dantza saioari.

2013-11-23_Haritz-40-urte-jaialdia_2225_IZ2013-11-23_Haritz-40-urte-jaialdia_2291_IZ2013-11-23_Haritz-40-urte-jaialdia_2443_IZ2013-11-23_Haritz-40-urte-jaialdia_2586_IZ2013-11-23_Haritz-40-urte-jaialdia_2653_IZ2013-11-23_Haritz-40-urte-jaialdia_2772_IZ

Dantzen atzetik, bestela izan ezin ez zitekeen bezela, dutxatu eta kaleko erropa epelak jantzita, Ikastolako frontoiara zuzendu ginen parte hartzaile guztiok lagun arteko bazkariaz gozatzeko. Haritzeko dantzari eta lagunek jardun zuten zerbitzari lanetan, eta kafeak oraindik atera gabe zeudela, hemengo eta hango musikariak segituan hasi ziren frontoia berotzeko lanetan aulkietatik jendea altsa eraziz. Halaxe, giro polit eta batez ere, lagun artekoan, joan zen Haritz Euskal Dantzari Taldekoen 40. urteurrena. Ea luze gabe berriz denok elkar ikusteko aitzakia dugun, dantzan eta giro goxoan, beste 40 urte itxaron beharrik gabe!

2013-11-23_Haritz-40-urte-jaialdia_2840_IZ

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude