“Besta Berri” Zornotza eta Andoainen

Besta Berri Zornotza eta Andoainen

Ia urte bete pasa da joan den urteko abenduan, Bilboko Arriagan, Juan Antonio Urbeltzen zuzendaritzapean eta Argia, Duguna, Haritz, Maritzuli, Xinkako eta Kezkako dantzarion parte hartzearekin. Denboralditxoa generaman berriz ikuskizuna taularatu gabe, maiatzaren 18an Euskal Jaien bueltan Eibarren bertan eman genuenetik hain zuzen ere. Eta orain berriz, denbora gutxian, apenas jantziak gainetik kendu eta garbitzeko astirik izan dugu: Zornotzan lehenengo urriaren 26an eta, hamabost egun geroago, Andoainen, azaroaren 9an.

2013-11-08_Besta-Berri_Andoain_IMG_1338_IZ

Udako oporretatik bueltan, Arrate eta Iruñeko ezpata-dantzen saioak atzean laga ostean ekin genien etxeko prestaketa laneri. Besta Berrin tokatzen zaizkigun konpromisoak behar den bezela bete ahal izateko gure gazteenak hutsuneak betetzera sartuak ziren ikuskizunean eta haiek ere fin hartu zituzten egin behar berriak. Zornotzarako eguna gerturatu ahala, aurreko asteburuetan partaide guztiak elkartuta hautsak kendu genizkien jantzi eta dantzeri Donostian izandako saioetan.

2013-11-08_Besta-Berri_Andoain_IMG_1413_IZ

Eguna iritsita ohi bezela azken orduko errepasoa egin genuen lekua hartu eta dudak uxatzeko. Frontoian zen Zornotzakoa, balioaniztun eraikina, baina honek sarritan berarekin dakarren hoztasunetik at, txukun antolatuak ziren eszena atzekalde eta aldatzeko lekuak. Dantzariok eskertu genuen lekua izatea, bertatik bertara, erropa aldaketak azkar egin eta dena ere behar den bezela antolatua izateko.

2013-11-08_Besta-Berri_Andoain_IMG_1677_IZ

Lehen aldia zutenen urduritasunek markatu zuten ikuskizuna, berritasunak. Beldurrak beldur ederto joan zen emanaldia; barrutik hala igarri genuen eta kanpotik begira izan genituenek ere hala adierazi ziguten. Dutxak, materiala jaso eta pozik egindako lanaz etxera, hurrengora arte.

2013-11-08_Besta-Berri_Andoain_IMG_1738_IZ

Hamabost egun beranduago Andoainen genuen topagunea berriz ere. Zornotzako entsegua eta gero, betiko ikutuez gain, geneukanarekin atera ginen agertokira. Egindakoetatik saiorik txukunena eman ez genuela jakinda ere, jendearen txalo zaparrada beroa jaso genuen eta horretxekin aurtengoz agur esan genion Besta Berriri. Hurrengoko zita urtarrilaren 4an, Gasteizen, gabon zaharretako nagiak eta gehiegikeriak gainetik kendu eta 2014. urte berriari ongi etorria egiteko. Zer hoberik dantzan hastea baino!

2013-11-08_Besta-Berri_Andoain_IMG_1890_IZ

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude