Arrateko dantzak Iruñean leku eginez

Iruñeko Duguna taldeko lagunek, Aldapako San Ferminen ezpata-dantza plazaratu zutela bosgarren urtea betetzen zela eta, gurekin batera ospatu nahi izan zuten seinalatutako asteburuan bertara dantzara gonbidatuaz. Bigarrenez irailean Arrate egunez egin beharreko lanak eskaintzeko aukera izan genuen Nafarroako hiriburuan.

Larunbat bazkalostean, Iruñera iristeaz batera, euriak jaso gintuen, gogotsu. Eguraldiak onera egingo zuelako esperantzarekin eta ordutegiarekin genuen marjina tarteko aurreikusitakoarekin aurrera jarraitzea erabaki genuen. Dugunakoek Arrotxapean erabiltzen duten eskolapioen eskolan batu eta beharrezko agindu eta argibideak eman eta gero segituan ginen erropa zuriak janzten; ostegunean Donostian Gipuzkoako urrezko dominaren ekitaldian erabili ostean, ez zuten lan makala hartu Arantzak eta Maikak erropak plantxatzen berriz luzitzeko eran izan gintezen!

Atertu ostean, eta kaleak lehortzen joan zitezen astia ematen zezan, ekitaldia ordu bete atzeratzea erabaki zen. Prest ginen seiak ingururako baina kaleak oraindik ere busti-busti eginda zeudenez, abarketak eskuan hartuta urreratu ginen Maiatzaren 2an Dugunak duen egoitzara. Kaleko oinetakoak lanerako abarketengatik aldatu eta, Oier Araolaza buru zela, zazpiak puntuan ekin genion kalejirari. Enrike Montero eta Ainara Ibañez txistuekin eta Iñaki Barua atabalarekin talde buru genituela lan berezia izan genuen Iruñeko alde zaharreko kaleeten tragoa eskuan zuela zebilen jende andanaren artean bidea zabaldu eta udaletxe plazara iristen. Ikusleak ala ikusgarriak, nork ote zuen harridura aurpegi haundiagoa ez dakigu!

2013-09-28_Irunea-ezpata-dantza_0311_IZ

Plazan ginela, ezpata-dantzarekin hasi orduko, erropen zuritasunak eta iriarena doinuak erakarrita segituan inguratu gintuzten iruindarrek. Arrateko ezpata-dantza lehenengo eta trokeo dantzak atzetik, betiko ahaleginak egin genituen saioa txukun joan zedin. Jendearen txaloek gure eginahalak gozotu ostean, erretiratu eta berriz oinetakoak aldatu aurretik, familia argazkia egin genuen udaletxe parean.

2013-09-28_Irunea-ezpata-dantza_0407_IZ2013-09-28_Irunea-ezpata-dantza_0530_IZ

Dutxa eta gazteenen atontze lan sakonen ostean, afaria zain genuen Dugunakoen egoitzan. Beraiek egin zituzten zerbitzari lanak eta giro ezin hobean joan zitzaigun afalordua. Gero gerokoak izan ziren alde zaharreko kaleetan eta berandu gabe Arrotxapeako eskolapioetan zain genuen hotel inprobisatura erretiratu ginen lotara.

Igande goizez, asteburuko eguraldi totelak nahikoa eutsi zion eta Aldapako San Ferminen ezpata-dantza ederraz gozatzeko parada izan genuen; jendez gainezka zeuden kaleetan barrena lehehengo eta udaletxe plazan ekitaldi buruan. Dantzak bukatuta, bazkari kontuak Iruñean bertan egin genituen, autobusa hartu eta berriz etxera bueltatu aurretik.

Bukatu aurretik, eskerrik asko eta zorionik beroenak Dugunako lagun taldeari zuen artean halako modu adeitsuan leku egitearren. Nahi duzuen arte!

[Hemen Iñaki Zugastik ateratako argazki gehiago]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude