La Vijanera, Kantabriako inauteri ikusgarria Eibarren

Larunbat honetan, irailak 14, Kantabriako Silio herriko La Vijanera inauteri ikusgarria Eibarren izango da. Eibarko Kantabriako etxeak irailean antolatu ohi dituen festetan parte hartzera etorriko da Silioko inauteria.

Inauteri ikusgarria da La Vijanera. Urtarrileko lehen igandean ospatzen da, eta mozorro harrigarri eta ederrez betetako festa erraldoia izaten da Silion egun horretan. Ituren eta Zubietakoen tankera harrigarria duten Zarramaco izeneko joaldunak dira La Vijanerako mozorroetako batzuk.

75 mozorro desberdinek parte hartzen dute La Vijaneran, horietako asko hainbat inauterietan (baita Eibarko koko-dantzetan ere) aurkituko ditugun arketipoekin bat datozenak: “Dantzari zuriak” edo “Danzari blanco” izenekoa, Hartza, La Pepa, Madama, Los Guapos, Zorrocloco…

Europako inauterietako arketipo ezagunen adibide zoragarria osatzen du La Vijanerak.

Oso gutxitan ikusi ahal izaten da La Vijanera bere herritik kanpo, eta beraz, ez ohiko aukera dugu Eibarren, Europa osoko inauterizale eta ikertzaileen arreta eskuratu duen inauteria herrian bertan ikusteko.

Irailaren 14an, larunbatean, arratsaldeko 18.00etan Eibarko erdiguneko kaleetaan izango da La Vijanera inauteria eta kalejira bukaeran, Txantxazelain egingo dute koplen irakurketa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude