Hileko artxiboak: iraila 2013

Arrateko dantzak Iruñera

Bihar, irailak 28, Iruñean izango da Kezka dantza taldea Arrateko dantzak eskaintzen. Duguna dantza taldeak Aldapako San Ferminen ezpata-dantza plazaratu zuela bosgarren urtea betetzen da, eta hori ospatzeko zenbait ekitaldi antolatu dituzte beraien ezpata-dantzarekin batera. Horien artean gara geu, eta pozik eta urduri izango gara Iruñean, Arrateko ezpata-dantza eta trokeo-dantzarekin.

2012-09-08_Arrate-IZ__0199

San Fermin txikiko jaiak dira Iruñean, eta goizean dantzarien topaketa eta igandean Aldapako San Ferminen ezpata-dantza, ez dugu erronka makala oraingoan Iruñea zaharrean. 18:00etan abiatuko gara Alde Zaharreko kaleetan barrena, eta 18:30etan eskainiko dugu emanaldia Udaletxe plazan.

Iganderarte geratu eta San Fermin Aldapakoaren dantzak ikusteko aukera izango dugu biharamunean.

Gipuzkoako urrezko dominaren ezpata-dantza 2013

Nestor Basterretxea, Euskaldunon Egunkaria eta Egin omendu ditu bart Gipuzkoako Foru Aldundiak urrezko dominaren bidez. Eta ohi bezala, ezpata-dantza egin dugun ekitaldian. Gipuzkoako hainbat herritako ezpata-dantzariak bildu ginen Gipuzkoa plazan ezpata-dantza bakarra osatuz.

2013-09-26_Donostia-ezpata-dantza-urrezko-domina_IL_7792

Andoaingo Urki, Tolosako Udaberri, Añorgako Arkaitz, Beasaingo Aurtzaka, Debako Gure-Kai, Elgoibarko Haritz eta Eibarko Kezka dantza taldeetako dantzariak, Eibarko Usartza txistulari taldeko musikariak, eta Donostiako Argia dantzari taldearen zuzendaritzarekin osatu dugu ezpata-dantza.

2013-09-26_Donostia-ezpata-dantza-urrezko-domina_IZ_0165

Omendu, gonbidatu eta ikusle artean, jendetza bildu da Diputazioaren aurrealdean, eta tarte batzuetan lekuz justu xamar ibili bagara ere, horrek berak berotasuna eman dio dantzari. Omenduen aurrean ezpata-dantza dantzatu dugun unean ikusmin handia sortu da, eta une hunkigarria izan da. Ondoren, Diputazioko ate nagusiaren aurrean egindako zubitik pasaz sartu dira jauregira omendu eta gonbidatuak.

2013-09-26_Donostia-ezpata-dantza-urrezko-domina_IZ_0217

Kezkakoontzat oso polita izan da omenduen artean gure taldeko txistularia izandako bat ikustea. Iñaki Iriondo Kezka dantza taldeko kidea izan zen hainbat urtez. Egin-eko erredakzio buru izan zen Iñaki eta itxitako egunkariaren ordezkaria eta hizlaria izan da ekitaldian.

2013-09-26_Donostia-ezpata-dantza-urrezko-domina_IL_7838

Hona hemen parte hartu duten dantzarien zerrenda. Ezpata luzeekin: Ane Astigarraga, Larraitz Zialzeta, Carlos Gomez, Ainara Aizpurua, Aiora Arregi, Ane Egibar, Sergio Garcia, Andoni Alonso, Koldo Antolinez, Jon Arregi, Aritz Brosa, Garazi Artetxe, Xabier Artola, Julen Uranga, Miren Izagirre, Ilazki Azaldegi, Izar Sarriegi, Amaia Albisu, Josune Arakistain, Larraitz Ostolaza, Eider Aldalur, Iera Larrañaga, Olaia Gabirondo, Jon Barruetabeña, Egoitz Blanco, Enrike Izagirre, Ander Garitagoitia eta Oihane Llorente. Ezpata txikiekin aritu diren azkendariak: Jokin Otamendi, Joseba Astarbe, Irati Kortabitarte eta Garikoitz Otamendi. Gidaria: Josu Garate. Buruzagia: Oier Araolaza. Txistulariak: Enrike Montero, Elena Perez, Asier Castelos eta Iñaki Orbegozo

2013-09-26_Donostia-ezpata-dantza-urrezko-domina_IZ_0246

Berrian, ekitaldiari buruz argitaratutako bideoan ezpata-dantza ageri da ia-osorik. Iñaki Zugastik, Arantza Uriguenek eta Iker Lazpitak egindako argazkiak:

La Vijanera, Kantabriako inauteri ikusgarria Eibarren

Larunbat honetan, irailak 14, Kantabriako Silio herriko La Vijanera inauteri ikusgarria Eibarren izango da. Eibarko Kantabriako etxeak irailean antolatu ohi dituen festetan parte hartzera etorriko da Silioko inauteria.

Inauteri ikusgarria da La Vijanera. Urtarrileko lehen igandean ospatzen da, eta mozorro harrigarri eta ederrez betetako festa erraldoia izaten da Silion egun horretan. Ituren eta Zubietakoen tankera harrigarria duten Zarramaco izeneko joaldunak dira La Vijanerako mozorroetako batzuk.

75 mozorro desberdinek parte hartzen dute La Vijaneran, horietako asko hainbat inauterietan (baita Eibarko koko-dantzetan ere) aurkituko ditugun arketipoekin bat datozenak: “Dantzari zuriak” edo “Danzari blanco” izenekoa, Hartza, La Pepa, Madama, Los Guapos, Zorrocloco…

Europako inauterietako arketipo ezagunen adibide zoragarria osatzen du La Vijanerak.

Oso gutxitan ikusi ahal izaten da La Vijanera bere herritik kanpo, eta beraz, ez ohiko aukera dugu Eibarren, Europa osoko inauterizale eta ikertzaileen arreta eskuratu duen inauteria herrian bertan ikusteko.

Irailaren 14an, larunbatean, arratsaldeko 18.00etan Eibarko erdiguneko kaleetaan izango da La Vijanera inauteria eta kalejira bukaeran, Txantxazelain egingo dute koplen irakurketa.

Badatoz Arrateko Amarek dantzak 2013

Igandean, irailaren 8an, egingo ditugu Arrateko Amaren dantzak Arraten eta Arrate egunean. Abuztuko oporrak atzean utzi eta ensaiotan aritu gara aste honetan, eta Arraten bertan egindako azken ensaioaren ondoren dena prest dago iganderako.

65 ezpata-dantzari

Urtetik urtera dantzari berriak estreinatzen dira Arraten, eta askok hurrengo urteetan errepikatzen dutenez, taldea hazten doa. Gainera, igandean egokitzean aurtengoa jai eguna dugu askok (batzuk lanean izango dira, Arratera etorri ezinda penaz…) eta ezpata-dantzan 65 dantzari izango gara igandean.

2012-09-08_Arrate_IZ_0-IMG_9872

Beasaingo gonbidatuak

Aurten hiru dantzari izango ditugu gonbidatu bereziak: Jaione Barandiaran, Nerea Mendizabal eta Izaskun Salazar. Beasaindarrak, Aurtzaka dantza taldekoak eta Igartzako ezpata-dantzariak dira hirurak. 2005. urtean gonbidatua izan zen Mikel Sarriegirekin osatuko dute bakarlari laukotea. Sarriegi izan dute aita-ponteko Arrateko dantza eta ohituren bide-zidorrak ikasten.

Ordutegia

Ohi bezala 11:00etako meza-nagusian egingo dute ezpata-dantzariek lehen agerrialdia. Konsagrazioaren ondoren sartuko dira ezpata-dantzariak eliza barrura eta Arrateko ezpata-dantza egingo dute aldare aurrean. Ondoren, Ama Birjina prozesioan aterako da, eta bertan parte hartuko du ezpata-dantzak, elizara itzuli aurretik, berriz ezpata-dantza eskainiz. 12:30etatik aurrera, zelaian izango da Arrateko dantzen emanaldi osoa: ezpata-dantza eta trokeo-dantzekin.

Talde handia denez, aurten ere bi parrilla eta buruzagi altxatuko ditugu Arrateko zelaian.

2012-09-08_Arrate-FL_2741