Galdakao, Amaña, Goimendi eta… Villach!

San Joanak pasa dira, eta udako txanpa betean gaude sartuta. Bihar, larunbata, Galdakaon izango gara Arrateko dantzak eskaintzen. Hurrengo astean Amañako jaien hasieran dantzatuko dugu. Santiago egunean Gomendin soka-dantza ohikoa izaten da. Eta uztaila bukaeran autobusa hartu eta Austriaruntz abiatuko gara, abuztuaren 1etik 4ra Villach herrian ospatzen den jaialdian parte hartzeko.

Udaberriko jaialdiak Galdakaon

Andra Mariko lagunek dantza tradizionala bultzatzeko egiten dituzten lanen artean, Galdakaon bertan hainbat emanaldi antolatu dituzte, eta Udaberriko jaialdiak izendatu duten horretan emanaldia izango dugu bihar. Elgoibarko Haritz dantzari taldeak Gipuzkoako dantzak (soka-dantza eta brokel-dantzaren sorta) eskainiko ditu, eta Kezka dantza taldeak berriz Arrateko dantzak (ezpata-dantza eta trokeo-dantzak).

Haritz eta Kezkak Galdakaon eskainiko dugun Gipuzkoako dantzen emanaldia Galdakaoko Santi Brouard plazan izango da, ekainaren 29an, larunbata, arratsaldeko 20:00etan.

Txupinazoa eta dantzak Amañan
Uztailaren 5ean abiatuko dira festak Amañan, eta aurten, Jose Antonio Alberdi “Goma2”-ek jaietako hasiera txupinazoa botatzera gonbidatu du Kezka dantza taldea. Iñaki Barua eta Andoni Altzibar txistulariak izango dira “jaurtitzaileak”, beraz, erne inguruetan hauen punteriarekin. Txupinazoaren ondoren dantza saioa eskainiko dugu Amañan bertan.

Goimenditik Villachera
Ohi bezala, Santiago egunean Goimendin izango garela pentsatzen dugu, Azurtzako ermitaren aurrealde eder horretan soka-dantza dantzatzen. Eta handik gutxira, Austriara bidean jarriko gara, Villach herrian ospatzen den Kirchtag jaialdian parte hartzera. Abuztuaren 2 eta 3an eskainiko ditu dantza saioak bertan. Badugu dantzarako aukera uda honetan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude