San Joanak pasa dira, eta udako txanpa betean gaude sartuta. Bihar, larunbata, Galdakaon izango gara Arrateko dantzak eskaintzen. Hurrengo astean Amañako jaien hasieran dantzatuko dugu. Santiago egunean Gomendin soka-dantza ohikoa izaten da. Eta uztaila bukaeran autobusa hartu eta Austriaruntz abiatuko gara, abuztuaren 1etik 4ra Villach herrian ospatzen den jaialdian parte hartzeko.
Udaberriko jaialdiak Galdakaon
Andra Mariko lagunek dantza tradizionala bultzatzeko egiten dituzten lanen artean, Galdakaon bertan hainbat emanaldi antolatu dituzte, eta Udaberriko jaialdiak izendatu duten horretan emanaldia izango dugu bihar. Elgoibarko Haritz dantzari taldeak Gipuzkoako dantzak (soka-dantza eta brokel-dantzaren sorta) eskainiko ditu, eta Kezka dantza taldeak berriz Arrateko dantzak (ezpata-dantza eta trokeo-dantzak).
Haritz eta Kezkak Galdakaon eskainiko dugun Gipuzkoako dantzen emanaldia Galdakaoko Santi Brouard plazan izango da, ekainaren 29an, larunbata, arratsaldeko 20:00etan.