Dantza Coliseoan: Argia: Besta Berri

Juan Antonio Urbeltzen zuzendaritzapean, eta Argia, Duguna, Maritzuli, Haritz, Gure-Kai, Xinkako, Ezpelur eta Kezka dantza taldeetako dantzari eta musikariekin, iritsiko da Eibarrera Besta Berri ikuskizuna. Corpus Christiren inguruko festetan inspiratuta, hiru piezak osatutako emanaldia prestatu du Argiak.

Eibarko Euskal Jaiaren egitarauan eta Eibarko Udalak antolatuta eskainiko da Coliseo antzokian Bilboko Arriaga antzokian estreinatu ondoren. Ekainaren 9an Donostian, Victoria Eugenia antzokian izango da Besta Berri.

2012-12-02_Besta-Berri-Arriaga_IZ_lehen-sorta_2474

Kezka dantza taldeko Irati Kortabitarte, Olaia Gabirondo, Luken Aranburu, Unai Txurruka, Egoitz Blanco, Ander Garitagoitia, Oier Araolaza, Maider Otaola, Enrike Izagirre, Ainhoa Larrañaga, Josu Garate eta Aiert Ibarbia dantzariak parte hartzen dute Besta Berri ikuskizunean.

Corpus Christi

Corpus Christi festa Urbano IVak ezarri zuen 1264an, eta indar harrigarriz zabaldu eta errotu zen Europako mendebaldeko festa egutegian. Gorpuzti eguneko prozesio eta erritualak iruditeria eta dantza agerraldi ederrenen erakusleku izan dira hainbat mendez. Corpus festarengandik egun gutxira, ekainaren 24an San Joan Bataiatzailearen inguruan ospatzen diren solstizioaren inguruko jaiekin lotura egiten du Besta Berrik. Bi horiek, Corpus eta San Joan, ardatz hartuta prestatu du Juan Antonio Urbeltzek Besta Berri ikuskizun berria.

2012-12-02_Besta-Berri-Arriaga_IZ_lehen-sorta_2405

Ikuskizunaren abiapuntua XVII. mendeko ezpata-dantzaren oroitzapenean aurkitzen da. 1659ko maiatzean, Maria Teresa Austriakoa eta Luis XIVaren arteko ezkontza zela eta Donostian egindako festa eta ezpata-dantzen testigantzak oinarri hartuta abiatzen da Besta Berri.

Muriska

Ondoren, Lapurdi eta Nafarroa Behereko prozesio segizioak, Oteizaren Apostoluen aurreskua, eta Zuberoako herri antzerkian inspiratutako Turko eta Kristauen arteko Pastoralak osatuko dute egitaraua. Azken hau, Muriska, 1989an estreinatutako lana eta Argia taldearen ibilbidean mugarri dena, ia hogeitabost urte ondoren eszenaratuko da berriz.

Argia: Besta Berri
2013ko maiatzak 18, larunbata, 20:00etan
Eibar, Coliseo antzokia
Sarrera: 10 €  – Sarrerak salgai Kutxabank-en eta Coliseoko txarteldegian Astelehenetan (19:00-20:00) eta ostiraletan (21:00-22:00).

Argia Besta-Berri-kartela

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude