Baserritar gazte belaunaldi berri bat loratu da Santa Kurutz ermitaren inguruetan. Batez ere Mandiola eta Gorostako baserrietan hazitako gazteak dira, Santa Kurutzeko festak antolatzekon testigua hartu, eta beraien bizi-pozakin kutsatu dituztenak. Emilio Azurmendi Sagarbitzaren hutsuneak markatu ditu aurtengo festak, baina belaunaldi berriaren festa-gogoak poza ekarri du Santa Kurutzera.
Irati Kortabitarte eta Ane Sarasketa aurresku eta atzesku lanetan, eta Esther Kareaga eta Ainhoa Larrañaga zerbitzari lanetan, inguruko baserritarrek, emakumeek osatu dute soka ermita aurrean. Usartzarko txistularien doinura etorri dira desafioa, lehen gizonaren plazaratzea, kontrapasa, agurra, aita-san migel. Lehen zubiaren ondoren, Alberto Sarasketa “Azpiri” atera dute zelaira eta alabak dantzatu dio agurra.
Bigarren zubia eta bigarren desafioaren ondoren iritsi dira fandangoa, arin-arin eta kalejira. Dantzarako baino iheserako hanka arinagoak dituela erakutsi du mutilen batek, baina gainontzekoek onenak emanda erantzun diote emakumeen gonbiteari eta dantza soltean haiekin aritzeko erronkari.
Dantza osteko txorizo, odoloste eta gaztaiek ondo baino hobeto berdindu dituzte dantzak egindako hutsuneak.