Datorren ostiralean, azaroak 30, San Andres eguna, eta ohi bezala, Plazara Dantzara erromeria Untzaga plazan, Kezkako dantza eskolako ikasle guztiekin eta Jainaga eta Narbaiza trikitilariekin.
Jainagak aipatu zigun aurrekoan, ea datorren urtean hogei urte ote diren Plazara Dantzararekin hasi ginela. Paperetan begira hasi, eta hor ageri da, 1993an hasi ginela Elgoibarko Haritz, Debako Gure-Kai eta Eibarko Kezkaren artean neguko erromerien zirkuitoa egiten: San Andres Eibarren, Gabon Zahar Elgoibarren, Soro Feria Deban.
Datorren urtean hogei urte izango dira, 1993tik 2013ra, baina urteurrenekin nola kontatzen den begiratu behar izaten da, eta 1993an lehenengoa egin bagenuen 2012an hogeigarrena egingo dugu, ez? Hogei Plazara Dantzara orduan? Tira…. urte batzuetan, ez euriagatik, ez, erauntsiagatik bertan behera geratu zela kontuan hartuta… Hogei saiakera egin ditugu, baina hogei Plazara Dantzara ez… Eta ezta asko ajola ere. Unean unekoa dantzatu eta horixe gozatu!
Plazara Dantzara erromeria
2012ko azaroak 30, 12:30ean
Eibarko Untzaga plazan
- Kezka dantza taldea
- Jainaga eta Narbaiza
- Dantzara animatzen zareten guztiak