Elurra izan da aurtengo gure inauterien bereizgarria. Elurra izan genuen Eibarko koko-dantzetan, eta Italiara joan, eta oraindik elur gehiago aurkitu genuen han. Elurra, eta hotza. Zero azpitik ibili baikinen Piemonteko inguru horietan.
Bidaia luzea zelakoan, autobusean sartu, Pun-ba-pa kantuan hasi eta konturatu orduko Rocca Grimaldan ginen. Han genituen Giorgio eta La Lachera inauteriko lagunak harrera egiteko prest. Ederki asko hartu gaituzke. Jatekoa nahi beste eta giro hotza berotzeko adinako festa.
Rocca Grimaldako gaztelua bisitatu genuen, destileria bat ezagutu eta bertako likorea dastatu, eta gauean antolatu zen festan nahi adina dantza egiteko aukera izan genuen. Halako batean, gaua ilunduta zela, kale hotzera atera (-10ºC zegoen kalean!) eta Lache izeneko panpinaren inguruan antolatu ginen. Miel Otxina bailitzan -kapela koniko eta guzti-, haren inguruan dantzatu genuen sutan kiskaltzen zen bitartean.
Festa gauean luzatu zen, batzuentzat beste batzuentzat baino gehiago, eta biharamunean, goiz altxatu eta koko-jantzi ginen hotelean bertan.
Lehen ekitaldia Rocca Grimaldako inauterien museoan izan genuen. Museo ederra dute, Europako hainbat inauterietako jantziak bildu dituzte bertan, eta Piamonteko ezpata-dantzen inguruko erakusketa oso interesgarria dauka. Koko-dantzari baten jantzia osorik oparitu genion museoari.
Inauterien inguruko ikerketa egiten diharduen antropologo bat ezagutu genuen berta. Luca Percivalle. Galizako Lazako inauteriei buruz egin zuen bere tesia, eta orain Roccara hurbiltzen ziren inauteriak dokumentatzen jarraitzen zuen. Gu elkarrizketatzeaz gain, gurekin batera generaman ikertzaile estatu-batuarra, Jeremy Gordon-Carter elkarrizketatu zuen baita ere.
Museoko aurrealdean argazki ofiziala egin ondoren, herriaren kanpoaldean dagoen jatetxe batera joan ginen. Han genituen zain La Lachera inauteriko lagunak, denak beraien jantziak soinean zituztela, eta bakoitzak bere dantza emanaldia egin ondoren, jatetxe barrura sartu, eta bazkari ederra egin genuen.
Igande arratsaldean egin genuen Rocca Grimaldako kaleetan koko-dantzen kalejira La Lacherako inauteriarekin batera.
Aipatzekoa da Europako hainbat inauterietan bezala La Lacherako inauterian ere ezkontza baten koko-jantziak ageri direla, eta gure Arraguetako Ama Birjinak eta Batista Kojuak, haien esposi eta espossarekin batera argazkia egiteko aukera izan zuten.
Jeremyz gain beste zenbait gonbidatu berezi izan genituen koko-dantzen taldean. Italian dabiltzan Olaiz eta Ane trena hartuta etorri ziren Piamontera koko-marru taldea osatzera.
Herriko hainbat txokotan dantzatu, ikusleekin batera dantza egin eta festa ospatu, eta azken dantzak denok elkarrekin eginda bukatu genituen Rocca Grimaldako lanak.
Aipatzekoa da Associazione Culturale Euskara – Erromako Euskal Etxearen laguntza jaso dugula Italian koko-dantzak aurkezteko egindako bidaia honetarako.