Bosgarren urtez aratusteen aurrerapena ekarriko dute koko-dantzek datorren otsailaren 4an. Goizean goizetik hasiko dira koko-dantzari eta koko-marruak baserriz baserriko kuestazioan. Aurreko lau urteetan Eibarko baserri-auzo guztien itzulia osatu ondoren aurten buelta berria hasiko dute koko-dantzari eta koko-marruek berriz ere Arrate-balletik hasita.
Ohi bezala, lehen agerraldia, goizeko 8.30etan Merkatu Plazan egingo da, eta ondoren hasiko da baserriz baserriko ibilbidea. Koko-eskea egun osoz luzatuko da, eta arratsaldean, 19.00etatik aurrera Eibarko erdiguneko kaleetan, Zuloaga, Toribio Etxebarria, Untzaga eta Kalbeton kaleetan ibiliko dira koko-dantzariak Mauxitxa txarangak lagunduta.
La Lachera, Italiako inauteria Eibarren
Kezka dantza taldeko koko-dantzariez gain, aurten gonbidatu bereziak izango dira koko-dantzetan. Italiatik, Rocca Grimaldatik La Lachera inauteria iritsiko da Eibarrera. Arratsaldean, koko-dantzariek kaleetan egingo duten kalejiran parte hartuko dute La Lacherako inauteriko mozorroek.
Argazkia: Pete Milne
Eibar eta Rocca Grimalda artean 1000 km-ko tartan izan arren, harrigarria da ikustea bi aratusteen artean dauden antzekotasunak. Europako aratuste zaharren arrastoa antzeman daiteke La Lacheran, eta horrek bat egiten du Eibarko Koko-dantzen inauteriarekin.
Koko-jantzi eta kalejiran parte hartzeko gonbitea
Otsailaren 4an, larunbatean, arratsaldeko 19:00etan Anbulategiko parkean elkartuko dira koko-marruak, koko-dantzariak eta La Lacherako mozorroak. Eta horiekin batera aratuste kalejira honetan parte hartu nahi duten guztientzat irekita dago gonbidapena. Egin beharreko gauza bakarra koko-janztea da, mozorrotzea, etxeko trapu zaharrak erabiliz eta inork ez ezagutzeko moduan, eta ondo pasatzera etorri, besterik ez!
Otsailak 4, larunbata
- Koko-dantzak eta koko-eskea
- La Lachera, Rocca Grimaldako (Italia) inauteria
8:30 Merkatu plazan koko-dantzen lehen agerrialdia
9:00 – 16:00 Koko-dantzak eta Koko-eskea Arrate-balleko baserrietan koko-dantzari eta koko-marruekin.
19:00 – 21:00 Koko-dantzak eta Rocca Grimaldako (Italia) La Lachera inauteria Eibarko erdiguneko kaleetan (Zuloagatarren, Toribio Etxebarria, Untzaga eta Fermin Calbeto) Mauxitxa txarangarekin.