Hileko artxiboak: azaroa 2011

Coque: dantza eta margolaritza lotu zituen gerrako umea

Pasa den azaroaren 14an ekitaldi berezia izan dugu Portalea Kultur Etxeko dantza gelan. Carmen Kilnerren eskutik, Jose Maria Martinez Coque-ren bizitza, izaera eta lana ezagutu, eta “Balletomania” bere margo-lana eman zion Kezka dantza taldeari.

2011-11-14_Coque-Carmen-Kilner-IZ_IMG_7349

Loturak izan zituen mintzagai Carmen Kilnerrek. Coque-ren margolan hau Kezka dantza taldearen eskutan uztea ekarri duten hainbat lotura izan direla eta horiek azaldu zituen Oier Araolazak lagunduta. 1937an, Habana ontzian, beste 4.000 umerekin batera iritsi zen Ingalaterrara Jose Maria Martinez. Gurasoengandik bananduta, eta bere arreben kargu eginez, haurtzaroa eten zitzaion, baina ez horrek ez zion artearekiko zuen zaletasuna itzali.

Pepe Estruch, gerora antzerki zuzendari handia izango zenak, gerrako umeen dohain artistikoak sustatu zituen Londresen, eta bere bultzadaz aurrera egin zuten, besteak beste, Pirmin Treku eta Coquek. Bi lagun hauek gaztaroan jatorria, egoera latza eta artearekiko zaletasuna konpartitzen zuten, eta horrela, Pirmin Trekuk dantzan egindako ibilbidea gertutik jarraitu zuen Coquek. Hain zuen ere, balletomania izeneko lan hau, Treku Royal Balletean aritu zenean, Coquek haien entseguak ikusi ondoren margotutakoa da.

Pirmin Trekuk, Royal Balleta utzita, Oporton egin zuen bere dantza ibilbidea, irakasle moduan, harik eta jubilatu ondoren, Zarautzera itzuli zen arte. Zarautzen ezagutzeko aukera izan genuen Treku, eta beraz, Coqueren gaztetako laguna, eta bere lanaren inspiraziorekin lehen kontaktua izan genuen.

2011-11-14_Coque-Carmen-Kilner-IZ_IMG_7359

Garai beretsuan, Kezka dantza taldeko dantzari batek, Nerea Mendikute, lagun bitxi bat egin zuen Londresen. Hiri handiko jatetxe batean zeudela, ondoko mahaian lagun-talde handi eta zaratatsu bat egokitu zitzaien. Gizon-emakume nagusiak ziren, helduak, hizketan ingelesez ari ziren, Londresen espero zen moduan, baina Nerearen harridurarako, aldian behin “Basque Children” hitzak esaten zituzten. Jakinminak bultzatuta, mahaira hurbildu eta horren zergatia galdetu zuen Nereak, bera ere euskalduna zela argudiatuz. Haietako batek, eserlekua eskaini eta poz-pozik kontatu zion Nereari. “Euskaldunak gara! Gerra garaian, ume ginela, Ingalaterrara bidali gintuzten 4.000 umeetako batzuk gara“. Gizon hura, Jose Maria Martinez Coque zen, eta bere izaera alai eta irekiaren ondorioz, Nerea Mendikute taldera erakarri, The Basque Children of 37 UK elkarteko kide egin eta elkarteko antolaketa lanetan laguntzen hasi zen.

2011-11-14_Coque-Carmen-Kilner-IZ_IMG_7348

2007. urtean, Habana ontzia Ingalaterrara bidali zuteneko 70. urteurrena zela eta, ume guztien biltzarra antolatu zuen The Basque Children elkarteak. Eta Nerea Mendikutek proposatuta bertan izan zen Kezka dantza taldea. Coque eta Kezkak bat egin zuten Southampton-en orduko hartan. Bi urte beranduago, 2009an hil zen Jose Maria Martinez. Bere testamenduak lau arduradun ditu, eta horietako bi dira Carmen Kilner eta Nerea Mendikute. Aurrekari guztiak kontuan hartuta, pentsatu zuten Coquek 1952an egindako Balletomania margolana Kezka dantza talderi ematea.

balletomania-koke-martinez-ret

Kezka dantza taldearen izenean eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu Carmen Kilner eta Nerea Mendikuteri. Opari ederra izan da benetan, eta baita ere opari hori ekartzerakoan Carmen Kilnerrek eskainitako hitzaldi ederra. Datorren maiatzean berriz ere Southamptonen izango gara, orain 75 urte, gerratik ihesi, ontziratu zituzten umeekin beraien historia gogoratu eta ezagutzera ematen.

Coque-ren margo bat jasoko du Kezka dantza taldeak

Datorren astelehenean, azaroaren 14an, Portalea Kultur etxean, Jose María Martinez Castillo Coque-ren margolan bat koke emango zaio Kezka dantza taldeari. Margolanaren dohaintza Carmen Kilner-ek egingo du, The Basque Children of ’37 UK (BC‘37A UK) elkartearen ordezkariak. Elkarte honetan biltzen dira Gerra Zibilaren ondorioz Euskal Herritik Britainia Handira ebakuatu zituzten umeak.

Gerratik ihesi Ingalaterrara eramana izan zen umeetako bat izan zen José María Martinez. Cabredon, Nafarroan jaio zen 1926an, eta 1937ko apirilean, beste 4.000 umerekin batera bidali zuten Britainia Handira, eta horietako askok bertan egin behar izan zuten bere bizitza, beren familietatik aldenduta. Guda bukatuta, familiaren berririk ez eta Ingalaterran egin zituen ikasketak.

koke-10

Artea, margoa eta poesiarako zaletasuna erakutsi zuen gaztetatik, eta 1946an, 20 urte baino ez zituela bere lehen erakusketa egin zuen Notting Hill Gateko Archer Gallery. Profesionalki koke-05 artezle lanetan aritu zen, denda, erakusketa gela eta standak prestatuz, eta lanbide hori margoarekin zuen pasioarekin uztartu zuen. Bere margolanak nazioarteko hainbat bildumazalek erosi dituzte eta Ipar eta Hego Amerikan, Frantzian, Espainian, Italian eta Japonen daude bere lan asko. Bere testamentuaren zaindarien bidez, bere lanak Southampton-eko Arte Galerian,  Cambridgeko Unibertsitatean eta Madrileko Arte Dramatikoki Erret Eskolan daude beste beste.

2007ko maiatzean, gerrako umeak Britainia Handira bidali zituzteneko 70. urteurrena betetzean, ekitaldi berezi bat ospatu zen Southampton-en, eta bertan izan zen Kezka dantza taldea emanaldia eskaintzen. Ekitaldian, ehunka “gerrako umeren” artean Coque ere izan zen. 2012An 75. urte beteko dira Habana barkuan 4.000 ume exiliatu zirela, eta hori dela eta berriz ere ekitaldiak burutuko dira Southampton-en, eta orain ere BC‘37A UK elkarteak Kezka dantza taldea gonbidatu du ekitaldian parte hartzera.

koke-06

Jose Maria Martinez Castillo Coque 2009an hil zen, eta bere lau testamentu-betearazaleek, tartean Carmen Kilnerrek eta Nerea Mendikutek, erabaki dute margolanetako K2 bat Kezka dantza taldeari oparitzea. Carmen Kilner gerrako umeak laguntzen Ingalaterrara joandako andereñoetako baten alaba da. Nerea Mendikute eibartarra da, Londresen Coqueren lagun egin zena BC‘37A UK elkartearekin laguntzen aritzearen ondorioz. Zehazki,  1953an egindako “Balletomania en repose” margolana oparituko zaio Kezka dantza  taldeari. Beste gerrako ume batek, Pirmin Trecu zarauztarra eta Coqueren lagunak, dantzaren alorrean ibilbide bikaina egin zuen, eta Londreseko Royal Balletean ari zenean, haren eta bere ikaskideen entseguak ikusten aritu ondoren egin zuen Coquek margolan hau.
koke-lanean
Dohantza ekitaldia, edonori irekia, Portalea Kultur Etxean burutuko da, 3. solairuko dantza gelan, datorren azaroaren 14an, arratsaldeko 20.00etan. Ekitaldian, Carmen Kilnerrek Jose Maria Martinez Coque-ren bizitza eta lana  aurkeztuko ditu.