Hileko artxiboak: iraila 2011

Dantza Coliseoan: Aracaladanza: Nubes

Aracaladanza: Nubes

2011ko urriak 12, asteazkena, 17:00etan

Irudimen handia zuen margolari belgikarra zen René Magritte. Bere margolanetan ezinezko gauzak agertzen ziren: sagar erraldoia, gizonen euria, behatz eta hatzazkalak zituzten zapatak… eta lainoak, lainoak behin eta berriz ageri ziren bere lanetan. Magritteren mundu irudimentsu horretan oinarritzen da Aracaladanzaren Nubes lan hau. Dantza, musika eta gauzak elkartzen dituen ikuskizun ederra. Ametsetan bezala, irudimenak ez du mugarik ikuskizun honetan, lainoetan egotea bezala da!

Enrique Cabrerak sortu zuen 1994. urtean Aracaladanza konpainia, eta ordutik dantza eta arte eszenikoen alorrean erreferentzia saihestezina bihurtu da konpainia honen lana. Heldu, gazte zein umeentzat egindako lanek arrakastaz bete dituzte mundu osoko antzokiak. Nubes ikusgarria Madrilen estreinatu zen 2009an, eta sariak bata bestearen atzean etorri dira:  Dantza ikuskizun onenaren Feten saria 2010ean, ume ikuskizun onenaren Max saria 2011an, e.a.

Aracaladanza: Nubes

  • Zuzendaria: Enrique Cabrera
  • Koreografia: Aracaladanza
  • Dantzariak: Carolina Arija Gallardo, Jorge Brea Salgueiro, Natalí Camolez, Raquel de la Plaza Húmera, Ignacio Martín Prieto, Jimena Trueba Toca.
  • Zuzendari-ondokoa: Natalí Camolez
  • Musika: Mariano Lozano P. Ramos, Penguin Café Orchestra
  • Jantziak: Elisa Sanz
  • Eszenografia eta atrezzoa: Elisa Sanz / Ricardo Vergne

Iraupena: 50 minutu.

Aracaladanza: Nubes
2011ko urriak 12, asteazkena, 17:00etan
Eibar, Coliseo antzokia
Sarrera: 5

Dantza Coliseoan: Ostrukaren zuloa

 

Ertza: Ostrukaren zuloa

2011ko urriak 7, ostirala, 20:30ean

Asier Zabaleta ibilbide sendoa burutzen ari den euskal koreografoa da. Ezkion (Gipuzkoa) jaio zen 1972an, eta 1990eko hamarkadan Arteszena, Adeshoras, Vicente Saez, Hojarasca, Maskarada eta beste zenbait konpainiarekin aritu zen. 1999an Suitzako Alias konpainian sartu zen eta talde horrekin sei antzerki-dantza lanen sortze-lanetan eta beste hainbat ekimenetan parte hartu zuen. 2004tik Euskal Herrian ezarrita, Ertza konpainia sortu eta sorkuntza propioak plazaratzen ari da eta hainbat sari eta laudorio jaso ditu bere lanak. Errusian, Chelyabinsk Contemporary Dance Theatre-rentzat eginiko lana saritu diote, eta Act of God lana aurkeztu berri du.

Ostrukaren zuloa

Beldurrak gure konportamenduan dituen eraginak aztertzen ditu Asier Zabaletak Ostrukaren zuloa lanean. “Beldurragatik, benetan egin nahi duguna alde batetara uzten dugu, eta honen inguruan dabiltzan kontsolazio sariekin konformatzen gara, nahi genukeen hori ordezkatuz.

Gogoetak plazaratzeko modu fresko eta dibertigarria darabil, bisualki sorpresaz betea, eta dantza, bideoa, ikusentzunezkoa eta antzerkia sinkronia onean elkartzen ditu.



Ertza: Ostrukaren zuloa

  • Zuzendaria: Asier Zabaleta.
  • Laguntzailea: Arantza Balentziaga.
  • Jatorrizko musika: Borja Ramos.
  • Musikariak: Elektronika/Pianoa – Borja Ramos, Saxofoiak – Josetxo Silguero.
  • Bideoa: Kepa Ugarte, Iker Urteaga, Carlos Sarasola.
  • Argiztapena: Antoni Angel Alcaide.
  • Argazkiak: Iker Urteaga – trebere.com
  • Eszenografia/jantziak: Asier Zabaleta.
  • Musikalaren koreografia: Larraitz Ugartemendia.
  • Ekoizpena: Ertza dantza garaikide taldea Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren laguntzarekin eta Dantzagunea-Gipuzkoako Foru Aldundia-ren kolaborazioarekin.

Iraupena: 45 minutu.

Ertza: Ostrukaren zuloa
2011ko urriak 7, ostirala, 20:30ean
Eibar, Coliseo antzokia
Sarrera: 5

Hemen dira 2011ko Arrateko Amaren dantzak

Pasa den astelehenean azken ensaioa egin ondoren prest daude bihar, irailak 8rako, aurtengo Arrateko Amaren dantzak. Ohi bezala, goizean goiz hasiko gara arropak jantzi eta ospakizunaren ekitaldietan parte hartzen eta ondoren dantzen emanaldi nagusia izango da Arrateko zelaian.

Hiru gonbidatu

Aurten hiru gonbidatu izango ditugu Arrateko dantzetan bakarlari lanak egiten. Lapurditik Claude eta Jon Iruretagoiena aita-semeak etorriko zaizkigu. Tolosatik berriz Aritz Iglesias. Hirukote hau arduratuko da ezpata-dantzan eta trokeo-dantzan bakarlari lanak betetzeaz.

Gonbidatuen inguruan Arrateko kofradiako dantzariak, 40 inguru izango gara guztira, tartean aurten estreinatuko diren zenbait gazte eta aurreko urteetan gonbidatu bereziak izan ondoren, kofradiako kide diren beste zenbait. Eta musikari lanetan Usartza txistulari taldeko lagunak.

2010-09-08_Arrate_FL_4639

Egitaraua

Ordutegiak eta egitaraua ohikoak izango dira:

  • 11:00ean Meza Nagusia Arrateko santutegian. Bertan Arrateko ezpata-dantza dantzatuko dugu.
  • 12:00etan prozesioa gurutzera eta bueltan Arrateko ezpata-dantza Ama Birjinaren aurrean.
  • 12:30ean Arrateko Amaren dantzak zelaian: ezpata-dantza eta trokeo-dantzak (makila txikiena, makila handiena eta brokel-makilena).

Amerikar bat begira

Orain egun gutxi iritsi da gure artera Jeremy Carter-Gordon. Boston-dik Europara etorri da Europako ezpata-dantzak ikastera eta ikertzera. Frantzian eta Italian izan da aurreko hilabeteetan eta orain Euskal Herriko ezpata-dantzak ezagutu nahi ditu, eta Arratekoa izango da ikusiko duen lehenengoa.