Hileko artxiboak: maiatza 2011

Han eta hemengo fandango eta arin-arinak asteburuan Ezpalak jaialdian

Bihar abiatuko da 46. Euskal Jaia Eibarren. Eibarko Klub Deportiboko Kultura Batzordeak prestatutako egitarauan musika, jolasak, artisautza, herri kirolak, kantua, dantza eta festa tartekatuko dira.

Dantzarioi dagokigunez, igandean izango dugu Eibarren Ezpalak nazioarteko dantza tradizionalaren jaialdia eta aurten bikoteko dantza soltea izango da gai nagusia. Baina horren aurretik, larunbat goizean, dantza soltea gai hartuta, folklore alorreko ikertzaileen eta adituen gogoetak aurkeztuko dira Portalea kultur etxean.

Dantza soltea gai nagusia

Iruñea eta Eibarren ospatzen dugun Ezpalak nazioarteko jaialdian bikotean eta soltean egiten diren dantzak izango dira protagonista. Transilvania (Errumania), Auvergne (Frantzia), Calabria (Italia), Asturias (Espainia), Aragoi (Espainia), eta Galdakaoko (Bizkaia) taldeek beraien eskualdeetan dantza soltean nola egiten duten erakutsiko dute.

Eibarko kezka dantza taldeko eta dantza eskolako ikasle eta dantzariek ere fandango eta arin-arina, trikitixa eta porrusalda egingo ditugu, inguruotan egin izan den eran, bikotetan, laukotetan, zein borobiletan. Kezkako txistulariak eta Jainaga eta Narbaiza trikitilariak izango ditugu musikari lanetan.

Igandean, maiatzaren 29an, eguerdiko 12.30etan abiatuko da jaialdia Untzaga plazan, eta bukaeran, dantzaldia ireki egingo da nahi duten guztiek fandango eta ari-arinak dantza ditzaten plazan. Ondoren bazkaria izango da karpan eta arratsaldean, Arrabots taldearekin erromeria.


Eusko Ikaskuntzaren jardunaldiak Portalean

Larunbat goizean, maiatzaren 28an eta hurrengo larunbatean ere, ekainaren 4an, Eusko Ikaskuntzaren Folklore sailak antolatuta “Dantza soltea” gai duten jardunaldiak burutuko dira Portalea Kultur Etxeko areto nagusian. Euskal Herriko eta Iberiar Penintsulako hainbat ikertzailek beren ikerketen emaitzak aurkeztuko dituzte.

Iñaki Irigoien, Andra Mari dantzari taldea, Aingeru Berguices, Carlos Antonio Porro, Carmen Ereño, Carolina Ibor, Jose Ignazio Ansorena, Mª Pilar Barrios, Gustavo Couto, Josu Larrinaga eta Emilio Xabier Dueñas izango dira bi asteburuetako hizlariak.

Emakumeek soka-dantzaren gidaritza berreskuratu dute Santa Kurutzen

2011-05-08_Santakurutz-soka-dantza_IZ_4971
Irati Kortabitarte aurreskulari lanetan eta Ainhoa Larrañaga atzesku, soka-dantza dantzatu da aurten ere Mandiola auzoan, Santa Kurutz ermitaren aurrean. 2003an hasi zen Kezka bertako baserritarrekin batera soka-dantza egiten, eta aurten urrats berri bat eman dugu bizitzaren soka-dantzan. Emakumez osatutako eta emakumeek gidatutako soka izan da zelairatu dena.
2011-05-08_Santakurutz-soka-dantza_IZ_4968 2011-05-08_Santakurutz-soka-dantza_IZ_5004
Auzoko emakumeak lehen sokara deitu ditugunean, berehala prestatu dira. Ez diegu aurrez abisatu, baina Irati eta Ainhoa dantzarako jantzita ikusi dituztenean berehala ulertu dute, eta ziztu bizian antolatu dute soka. Harro atera dira plazara, behingoagatik, beraiena den soka lehen unetik dantzatzera.
2011-05-08_Santakurutz-soka-dantza_IZ_4962 2011-05-08_Santakurutz-soka-dantza_IZ_4986
Usartza txistulari taldeko Jose Migel Laskurain, Enrike Montero eta German Ereñak jarritako doinura zorrotz dantzatu dituzte Irati eta Ainhoak soka-dantzaren atalak: desafioak, zortzikoak, agurrak eta aita-sanmigelak. Olaia Gabirondo eta Esther Kareagak egin dituzte zerbitzari lanak, eta mutilak jiratzen lan apur bat izan arren, azkenerako osatu da soka. Zubiak, fandango eta arin-arina eta biribilketarekin bukatu da soka-dantza.
2011-05-08_Santakurutz-soka-dantza_IZ_5012 2011-05-08_Santakurutz-soka-dantza_IZ_5027
Dantzariak pozik, eta Mandiolako baserritarrak harro. Orain bi urte, auzo honetako emakumeek atera zuten Arrateko Ama Birjina San Isidro eguneko prozesioan lehen aldiz, eta horietako batzuk, urte askoan auzoan egin den emakumeen lehen soka-dantzan parte hartu dute.
2011-05-08_Santakurutz-soka-dantza_IZ_5041 2011-05-08_Santakurutz-soka-dantza_IZ_5062
Eta urte askoan diogu, ze ziur gaude ez dela izan lehen aldia. 2011-05-08_Santakurutz-soka-dantza_IZ_4949 Ez dakigu noiz, baina soka-dantzak Euskal Herrian azken 500 urteotan behin eta berriz dantzatu direla kontuan hartuta, eta orain 200 urte arte, emakumeek soka-dantzak ateratzea nahiko arrunta zela kontuan hartuta, ziur gaude, Santa Kurutzen, Arraten eta Ixuan ere, emakumeek lehen ere makina bat soka dantzarazi dituztela. Kezkako neskek ere dantzatu izan dituzte soka-dantzak aurretik, han eta hemen, eta oraingo honetan, tokian-tokiko tradizioaren baitan egitea baino ez da izan.

Ezer berririk ez dugu egin beraz, baina berria balitz ere, egin beharrekoa zen.

Dantza Coliseoan: Papiroflexia

Maiatzak 6, ostirala, 20:30

Circle Of trust taldearen hip-hop dantzak (breakdance) eta Logela multimediaren musikak eta bideo-sorkuntzak osatzen dute “Papiroflexia”. Dantzariek dantza indartsua eta denbora errealean sortutako irudien sinkronizazioa uztartzen dituzte. Abiapuntua folio zuria da, tolestuz sormenezko milaka konbinazio erakusten dituena. Oso ikuskizun dibertigarria.

Circle Of Trust Breakdance Zaragozako taldea 2002an sortu zen. Estatuko dantzari onenak biltzen ditu. Gaur egun taldekideak Zaragoza, Bartzelona eta Salamancakoak dira. Bestalde, Logela multimedia bi informatika-musikarik eta bi bideo-sortzailek osatzen dute, euren proiektuetan kolaboratzaileak dituzten arren. 

 

Koreografia-zuzendaritza: Circle of Trust
Interpreteak : Ignacio Fernández, David Ventosa, Alberto Pardo, Marcos Pardo, Adrián Moreno, Juan Manuel Aragón
Eszenografia: Karlos Gómez
Argiztapena: Edu Ibarrondo
Sonido: Miguel Alonso
Musika: Ander Garaizabal eta Gorka Molero
Iraupena: 60′
Koprodukzioa: Logela Multimedia & Circle of Trust

Logela Multimedia & Circle of Trust : Papiroflexia

2011ko maiatzak 6, ostirala, 20:30

Eibar, Coliseo Antzokia

Sarrera: 7 €

http://www.generaltickets.com