Aurtengo koko-dantzetan hartutako irudiekin bideo bat prestatu du Eirek. Hemen duzue:
Hileko artxiboak: martxoa 2011
Eibarko kaldereroak, beste hogei urterako prest!
Zartagin eta mailuak baditugu, eta kanturako, dantzarako eta festarako gogoa ere bai. Hogei urte pasa dira Eibarko kaldereroak berpiztu zirela eta beste hogei urterako ere prest gaude!
Pasa den martxoaren 4an, Eibarko aratusteetako barixaku erregularrean kaleratu ziren berriz ere kaldereroak Eibarren. 1991an berpiztu zen tradizioa osasuntsu ageri da 20 urteren buruan.
Etakitto, Lagun taldea, txolarte, Jainagaren trikitixa eskola, Pantxika, Ustekabe fanfarea, Untzagako egoitza, Kaleetan kantuz, eta kezka dantza taldeko dantzari eta ikasleak, denak, eta beste hainbat eta hainbat eibartarrek parte hartu zuten berriz ere Kaldereroen festan.
Urkizun lehen kanta egin ondoren, Bittor Sarasketan gora abiatu zen konpartsa, eta Estaziñotik, Errebal eta Toribio Etxebarriara sartu zen. Talde zabala kantuan eta zartaginak jotzen, eta ikusle multzo handiak kale ertzetan. Hartzaren agerpenak lehen korrika eta oihuak eragin zituen, baina berehala taldea berrosatu eta aurrera jarraitu zuen konpartsak.
Toribio Etxebarrian dantzek eta kantuek aurrera jarraitu zuten, estu, jendez lepo betetako kalean, eta azken kalejirarekin iritsi zen konpartsa Untzagara. 21.00ak jota iritsi ziren kaldereroak karpara, Lagun taldea eta txolartek pregoia bota eta Hartzaren dantzarekin bukatu ziren 2011ko kaldereroak.
- Kaldereroak 2011 Iñaki Zugastiren argazkiak
- Kaldereroen aipamena Ustekaberen blogean.
- Aratusteen kronika Eibar.org-en
Hona Youtuben sareratu den Kaldereroen bideo bat:
Koko-dantzak eta koko-eskea Eibarko (ia) baserri guztietan
Lau urte ondoren osatu dugu pasa den otsailaren 26an Eibarko baserrietan barrena 2008an hasi genuen koko-eske ibilbidea. Koko-eskea egiteko mapari begira hasi eta 100 baserri inguru kontatu genituen, eta beraz, azkar ohartu ginen urte beten egiteko lartxo izango zela. Lau urtetan osatu dugu ibilbidea, Arrate ballen asi eta Gorosta, Mandiola. Agina eta Otaola-Kiñarrako baserriak bisitatu ditugu. Eta harrituta gaude izan dugun harrerarekin.
2011ko koko-dantzak ohi bezala, goizean goiz hasi genituen. 7:30ean koko-janzten hasi, eta 8:30ean merkatu plazan egin genuen lehen emanaldia. Ohartuta gaude, gero eta gehiago direla goizean-goizeko lehen emanaldi horri ikustera etortzen direnak, ondokoak baserrietan direnez, zailago gertatzen baitira.
Segidan Azitain aldera jo genuen eta aldapa ederrak igo ondoren Loixola, Eguren eta Ixkuan izan ginen. Azitainera jaitsi eta Txopen-en oraindik ohetik atera genituen batzuk. Sautxitik gora Iragorri bisitatu eta han goitik Eibar ikusteko aukera izan genuen.
Herria gurutzatu, eta Udaletxe atzean, tren-geltoki berriaren inaugurazio ekitaldirako zain zeudenak agurtu genituen zarata piskat eginez, eta Ipurua baserrian dantza, kantuan eta hamaiketakoa egin genuen.
Txontatik Salbadorerako bidea hartu eta Mertxete, Iraegi-erdikoa, Iraegi, Areta eta Areta-abeletxen izan ginen. Ondoren, Urki aldera pasa eta Kantina etxean jan eta edateko tartea hartu genuen azken txanpari heldu aurretik. Altamira-bekoa, Urkidi-torre eta eguna osatzeko, Bolingua.
Sariak ondo beteta, bazkaltzera joan ginenerako 16:00ak ziren. Bapo bazkaldu, eta 18:30etan anbulategi aurrean ginen berriz. Han ziren gure zain Torredembarrako pastorets eta bastonersak, eta baita Mauxitxa txaranga ere.
Dantzan eta kantuan aritu ginen Toribio Etxebarria, Untzaga eta Kalbeton-en, 21:00ak arte. Torredembarrako dantzariek erakutsi zuten hotzera ere ederki egokitzen direla, eta bustitzeko kezkak uxatuta, makil-dantza eta artzainen dantza ikusgarriak eskaini zituzten.
Toribio Etxebarria kalean, Klub Deportiboaren aurrean, koko-marruen soka-dantzaren estreinaldia egin genuen. Jainaga, Laskurain eta Narbaiza musikari lanetan, eta koko-dantzaria, Maria, Petra, Martin perratzailia, Kattalin, Manuela, Batista Kojua, Arraguetako Ama Birjina, eta Hartza dantzan.
Iruki Sagardotegian izan genuen ondoren afaria, eta afalostean, erromeria, izenik ba ote duen oraindik ez dakigun talde sortu berriarekin.