Torredembarrako Pastorets-ak eta bastoners-ak Eibarren

Asteburu honetan Torredembarrako bi dantza talde izango ditugu Eibarren, eta koko-dantzen kalejiran gurekin batera parte hartu eta dantzatuko dute. Katalunian, Tarragonako kostaldeko herria da Torredembarra, eta festa, musika eta dantza ospakizun biziak dituena. Pasa den uztailean, bertan izan ginen Arrateko dantzak eskainiz eta haien dantzak ikusi ondoren, Eibarren ere erakusteko gogoa piztu zitzaigun.

Artzainak dantzan

Begibistakoa denez, pastorets-ak “artzainak” esan nahi du, eta artzain erako jantziekin dantza egiten dute. Makil luze batzuk erabiltzen dituzte, eta elkarri kolpatuz dantzatzen dute. Baina ondoren, makilak elkarri eman, taldea “lotu” eta ezpata-dantzetan oso ezagunak ditugun egiturak osatzen dituzte: ganbarak, arrosak eta parrillak. Dantzarien buruzagia (majoral izenekoa) parrilla gainera igo eta “biba” zenbait oihukatzen ditu.

Beraz, lehen tankeran “Inude eta Artzaien” tankerako itxura hartu arren, ondoren, ezpata-dantzen ohiko egitura koreografiak nabarmentzen dira pastorets-en dantzetan. Artzainen dantza hauen erreferentzia zaharrenak XVII. mendean aurkitu dituzte Katalunian. Torredembarran 1849koa da ezagutzen duten erreferentzia zaharrena, Mañe i Flaquer kazetari ezagunak aipatzen baitu, Santa Rosalia jaietako osagai gisa.
2010-07-10-Torredembarra-IZ-0044
Torredembarrako Ball de Pastorets-a 2000. urtean berreskuratu zuten, berriz ere Santa Rosaliaren jaietarako.

Makila-dantzariak

Bastonersak makila-dantzariak dira, eta ezagun denez makila-dantzak, ball de bastons delakoak dantzatzen dituzte. Katalunian tradizio handikoak dira makila-dantzari talde hauek, eta Torredembarran 1853koa da honelako talde baten inguruan aurkitu den lehen aipamena.

Zortzi dantzari aritzen dira makila-jokoak eginez, eta buruzagi batek gidatzen ditu. Hain zuzen ere, koko-dantzetan (eta beste hainbat euskal dantzetan) aritzen garen modu beretsuan. Hori guztia kontuan hartuta, inauterietan gurekin batera dantzara kaleratzeko oso talde egokiak zirela irudituta egin diegu gonbidapena Torredembarrako pastorets eta bastoners-ei.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude