Koko-dantzak Torredembarrako Pastorets eta Bastoners-ek lagunduta

Otsailaren 26an, larunbatean, egingo ditugu, laugarren urtez, 2011ko koko-dantzak eta koko-eskea Eibarren. Ohi bezala, goizean goizetik hasiko dira koko-dantzari eta koko-marruak baserriz baserriko kuestazioan.  Aurten gonbidatu bereziak izango ditugu festan, Kataluinatik, Torredembarratik hain zuzen ere, bastoners eta pastorets taldeak izango baititugu aratuste-festan.

Aurreko urteetan Arrate-balle, Gorosta, Mandiola eta Agina auzoetan barrena ibili ondoren, aurten Otaola-Kinarra auzoan egingo da koko-eskea. Hori bai, lehen agerraldia, goizeko 8.30etan Merkatu Plazan egingo da ohi bezala, eta ondoren hasiko da baserriz baserriko ibilbidea. Koko-eskea egun osoz luzatuko da, eta arratsaldean, 19.00etatik aurrera Eibarko erdiguneko kaleetan, Zuloaga, Toribio Etxebarria, Untzaga eta Kalbeton kaleetan ibiliko dira koko-dantzariak Mauxitxa txarangak lagunduta.
2010-02-06_Koko-dantzak-IZ-1goa_4479

Kataluniatik gonbidatu bereziak

Kezka dantza taldeko koko-dantzariez gain, aurten gonbidatu bereziak izango dira koko-dantzetan. Kataluniatik, Torredemberrako Pastorets eta Bastoners-ak izango dira Eibarren Koko-egunean parte hartzen. Arratsaldean, koko-dantzariek kaleetan egingo duten kalejiran parte hartuko dute Torredembarrako dantzariek. Pastorets-ak artzainen dantza egiten dute, eta makil handi batzuekin ezpata-dantzaren antzeko egiturak osatzen dituzte. Bastoners-ek ostera, makila labur batzuk erabiltzen dituzte, koko-dantzariek bezalatsu, eta elkar-kolpatuz eta lekuz aldatuz figura ikusgarriak osatzen dituzte.
2010-02-06_Koko-dantzak-IZ-1goa_4378

Koko-marruen soka-dantza

Arratsaldean, Eibarko kaleetan egingo dugun kalejiran, dantza berri bat estreinatzeko aukera izango dugu: koko-marruen soka-dantza. Sabin Bikandiren musika eta Patxi Labordaren koreografiatik abiatuta prestatutako dantza da.

Hamar koko-marruk dantzatuko dute soka-dantza berezi hau: Koko-buruzagixa, Batista kojua, Arraguetako Ama Birjina, Kattalin, Manuela, Don Eusebio, Maria, Petra, Hartza eta Martin Perratzailiak.


Laugarrena, ziklo olinpikoa

Koko-dantzen inauteria 2008an jarri zuen martxan Kezka dantza taldeak, aratusteak ospatzeko molde tradizionalean oinarrituta, eta konpartsan parte hartzen duten pertsonaia guztiak arketipo zaharretan inspiratutakoak dira, nahiz eta Eibarko ezaugarri propioak dituzten. Makila-dantza egiten dute koko-dantzariek, eta haien inguruan jira-biran eta zalapartaka aritzen dira mamarru, burburixo, masusta eta bestelako koko-marruak. Baserrietan eta kalean koko-dantza egiten dute, fox-trota, makila-dantza eta arin-arina biltzen dituen dantza, eta aurten, arratsaldeko kalejiran dantza berri bat estreinatuko dute.

Eibarren 100 baserritik gora daude eta zaila ikusten genuen denak urte batean bisitatzea. Horrela, urtero ingurune bat egiten joan gara, urte batean 30 baserri egin genituen eta besteren batean 20, eta aurten ere 20 inguru ditugu aurreikusita. Horiekin, lau urteotan, buelta osoa osatuko dugu, eta datorren urtean berriz ere hasieratik, ziklo olinpikoa hasteko moduan izango gara.

Koko-eskea eta koko-dantzak

  • Kezka dantza taldea
  • Torredembarrako Pastorets eta Bastoners taldeak

2011ko otsailaren 26an, larunbatean

  • 08:30ean Merkatu plazan
  • 9:00 – 16:00 Otaola-Kiñarrako baserrietan
  • 19:00 – 21:00 Koko-dantzak, Pastorets-ak eta Bastoners-ak Zuloaga, Toribio Etxebarria, Untzaga eta Fermin Kalbeton-en.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude