Hileko artxiboak: otsaila 2011

Eibarko Kaldereroak berpiztu zirela 20 urte

Aurten 20 urte dira Kaldereroak berpiztu genituela Eibarren. 1930eko hamarkadak atera izan ziren kaldereroak Eibarren, baina gerra ondoren ez zen talderik atera gehiago, harik eta 1991an Kezka dantza taldearen eskutik berriz plazaratu ziren arte.

Orain hogei urte, Pablo Uritxeberria zen Kezka dantza taldeko arduraduna, eta berak etxean jasoa zuen Eibarko kalderero zaharren berri. Gurasoei entzuna zizkien gerra aurreko kalderero konpartsaren kontuak, baita kantuak ere. Besteak beste, antolaketa lanetan Arantza Arrieta eta Arantza Uriguenen laguntzarekin, informazioa bildu, garai bateko kaldereroak ezagutu zituztenak elkarrizketatu (Jose Etxeberria “Querido” tartean) eta Eibarko kaldereroen konpartsa berreskuratu zuten. 1991ko aratusteetan kaleratu ziren Kezkaren kaldereroak.
2007-02-16_kaldereroak_FL_0422
Hurrengo urteetan beste zenbait elkarte eta talde joan dira ospakizunera biltzen. Musika Eskola gurekin izan zen urte batzuetan, eta gero etakitto euskara elkartea, Jainagaren trikitixa eskola, Lagun taldea, txolarte, Untzagako nagusien egoitza, Kaleetan kantuz, Ustekabe txaranga, eta beste hainbat eibartarrek parte hartzen du aratusteetako barixakuan Eibarko kaldereroen iritsieran.

Datorren ostiralean, martxoaren 4an, aterako dira kaldereroak beren 20. urteurren honetan. Kalejiran parte hartu nahi duten guztientzat ensaio ireki bat antolatu da, datorren ostegunean, 20:30ean, Portalea kultur etxean, 3. solairuko dantza gelan.

Kaldereroek Eibarren – 20. urteurrena

  • Martxoak 4, 19.30etan Urkizun.

Torredembarrako Pastorets-ak eta bastoners-ak Eibarren

Asteburu honetan Torredembarrako bi dantza talde izango ditugu Eibarren, eta koko-dantzen kalejiran gurekin batera parte hartu eta dantzatuko dute. Katalunian, Tarragonako kostaldeko herria da Torredembarra, eta festa, musika eta dantza ospakizun biziak dituena. Pasa den uztailean, bertan izan ginen Arrateko dantzak eskainiz eta haien dantzak ikusi ondoren, Eibarren ere erakusteko gogoa piztu zitzaigun.

Artzainak dantzan

Begibistakoa denez, pastorets-ak “artzainak” esan nahi du, eta artzain erako jantziekin dantza egiten dute. Makil luze batzuk erabiltzen dituzte, eta elkarri kolpatuz dantzatzen dute. Baina ondoren, makilak elkarri eman, taldea “lotu” eta ezpata-dantzetan oso ezagunak ditugun egiturak osatzen dituzte: ganbarak, arrosak eta parrillak. Dantzarien buruzagia (majoral izenekoa) parrilla gainera igo eta “biba” zenbait oihukatzen ditu.

Beraz, lehen tankeran “Inude eta Artzaien” tankerako itxura hartu arren, ondoren, ezpata-dantzen ohiko egitura koreografiak nabarmentzen dira pastorets-en dantzetan. Artzainen dantza hauen erreferentzia zaharrenak XVII. mendean aurkitu dituzte Katalunian. Torredembarran 1849koa da ezagutzen duten erreferentzia zaharrena, Mañe i Flaquer kazetari ezagunak aipatzen baitu, Santa Rosalia jaietako osagai gisa.
2010-07-10-Torredembarra-IZ-0044
Torredembarrako Ball de Pastorets-a 2000. urtean berreskuratu zuten, berriz ere Santa Rosaliaren jaietarako.

Makila-dantzariak

Bastonersak makila-dantzariak dira, eta ezagun denez makila-dantzak, ball de bastons delakoak dantzatzen dituzte. Katalunian tradizio handikoak dira makila-dantzari talde hauek, eta Torredembarran 1853koa da honelako talde baten inguruan aurkitu den lehen aipamena.

Zortzi dantzari aritzen dira makila-jokoak eginez, eta buruzagi batek gidatzen ditu. Hain zuzen ere, koko-dantzetan (eta beste hainbat euskal dantzetan) aritzen garen modu beretsuan. Hori guztia kontuan hartuta, inauterietan gurekin batera dantzara kaleratzeko oso talde egokiak zirela irudituta egin diegu gonbidapena Torredembarrako pastorets eta bastoners-ei.

Koko-eskea Otaola-Kiñarra bailaran

Prest dugu larunbaterako ibilbidea. Aurten koko-dantzariak eta koko-marruak Otaola-Kiñarra bailaran ibiliko gara koko-eskean. Ohi bezala, lehen agerraldia goizeko 8:30ean merkatu plazan egingo dugu. Ondoren, Azitain-era jo eta handik hasiko dugu baserrietako bidea. Sautxi, Txonta, Urki eta Ipurua gainean ere ibiliko gara.

2011-01-30_Baserriak-Otaola-Kinarra_OA_7042

Loixola, Eguren, Ixkua, Txopen, Iragorri, Ipurua, Mertxete, Iraegi-erdikua, Iraegi, Areta, Areta-abeletxe, Lekamendi, Kantina, Altamira-bekoa, Urkidi-torre eta Bolingua dira bisitatuko ditugunak. Kopurua txikia da, beste urte batzuetakoen aldean, baina elkarrengandik urruti xamar daude batzuk, eta egun osoa beharko dugu.

2011-01-30_Baserriak-Otaola-Kinarra_OA_7033_Iraegi

Ondoren, bazkaria soziedadean, eta iluntzean, 19.00etatik 21.00etara Toribio Etxebarria, Untzaga eta Kalbeton kaleetan koko-dantzak, Torredembarrako pastorets eta bastonersak, eta Mauxitxa txaranga.

Eguraldiaz ez dugu ezer esango, alper alperrik da eta. Eta gainera, ez diogu ezerri beldurrik, eta gutxiago euriari!

Koko-eskea eta koko-dantzak

  • Kezka dantza taldea
  • Torredembarrako Pastorets eta Bastoners taldeak

2011ko otsailaren 26an, larunbatean

  • 08:30ean Merkatu plazan
  • 9:00 – 16:00 Otaola-Kiñarrako baserrietan
  • 19:00 – 21:00 Koko-dantzak, Pastorets-ak eta Bastoners-ak Toribio Etxebarria, Untzaga eta Fermin Kalbeton-en.

Koko-dantzak Torredembarrako Pastorets eta Bastoners-ek lagunduta

Otsailaren 26an, larunbatean, egingo ditugu, laugarren urtez, 2011ko koko-dantzak eta koko-eskea Eibarren. Ohi bezala, goizean goizetik hasiko dira koko-dantzari eta koko-marruak baserriz baserriko kuestazioan.  Aurten gonbidatu bereziak izango ditugu festan, Kataluinatik, Torredembarratik hain zuzen ere, bastoners eta pastorets taldeak izango baititugu aratuste-festan.

Aurreko urteetan Arrate-balle, Gorosta, Mandiola eta Agina auzoetan barrena ibili ondoren, aurten Otaola-Kinarra auzoan egingo da koko-eskea. Hori bai, lehen agerraldia, goizeko 8.30etan Merkatu Plazan egingo da ohi bezala, eta ondoren hasiko da baserriz baserriko ibilbidea. Koko-eskea egun osoz luzatuko da, eta arratsaldean, 19.00etatik aurrera Eibarko erdiguneko kaleetan, Zuloaga, Toribio Etxebarria, Untzaga eta Kalbeton kaleetan ibiliko dira koko-dantzariak Mauxitxa txarangak lagunduta.
2010-02-06_Koko-dantzak-IZ-1goa_4479

Kataluniatik gonbidatu bereziak

Kezka dantza taldeko koko-dantzariez gain, aurten gonbidatu bereziak izango dira koko-dantzetan. Kataluniatik, Torredemberrako Pastorets eta Bastoners-ak izango dira Eibarren Koko-egunean parte hartzen. Arratsaldean, koko-dantzariek kaleetan egingo duten kalejiran parte hartuko dute Torredembarrako dantzariek. Pastorets-ak artzainen dantza egiten dute, eta makil handi batzuekin ezpata-dantzaren antzeko egiturak osatzen dituzte. Bastoners-ek ostera, makila labur batzuk erabiltzen dituzte, koko-dantzariek bezalatsu, eta elkar-kolpatuz eta lekuz aldatuz figura ikusgarriak osatzen dituzte.
2010-02-06_Koko-dantzak-IZ-1goa_4378

Koko-marruen soka-dantza

Arratsaldean, Eibarko kaleetan egingo dugun kalejiran, dantza berri bat estreinatzeko aukera izango dugu: koko-marruen soka-dantza. Sabin Bikandiren musika eta Patxi Labordaren koreografiatik abiatuta prestatutako dantza da.

Hamar koko-marruk dantzatuko dute soka-dantza berezi hau: Koko-buruzagixa, Batista kojua, Arraguetako Ama Birjina, Kattalin, Manuela, Don Eusebio, Maria, Petra, Hartza eta Martin Perratzailiak.


Laugarrena, ziklo olinpikoa

Koko-dantzen inauteria 2008an jarri zuen martxan Kezka dantza taldeak, aratusteak ospatzeko molde tradizionalean oinarrituta, eta konpartsan parte hartzen duten pertsonaia guztiak arketipo zaharretan inspiratutakoak dira, nahiz eta Eibarko ezaugarri propioak dituzten. Makila-dantza egiten dute koko-dantzariek, eta haien inguruan jira-biran eta zalapartaka aritzen dira mamarru, burburixo, masusta eta bestelako koko-marruak. Baserrietan eta kalean koko-dantza egiten dute, fox-trota, makila-dantza eta arin-arina biltzen dituen dantza, eta aurten, arratsaldeko kalejiran dantza berri bat estreinatuko dute.

Eibarren 100 baserritik gora daude eta zaila ikusten genuen denak urte batean bisitatzea. Horrela, urtero ingurune bat egiten joan gara, urte batean 30 baserri egin genituen eta besteren batean 20, eta aurten ere 20 inguru ditugu aurreikusita. Horiekin, lau urteotan, buelta osoa osatuko dugu, eta datorren urtean berriz ere hasieratik, ziklo olinpikoa hasteko moduan izango gara.

Koko-eskea eta koko-dantzak

  • Kezka dantza taldea
  • Torredembarrako Pastorets eta Bastoners taldeak

2011ko otsailaren 26an, larunbatean

  • 08:30ean Merkatu plazan
  • 9:00 – 16:00 Otaola-Kiñarrako baserrietan
  • 19:00 – 21:00 Koko-dantzak, Pastorets-ak eta Bastoners-ak Zuloaga, Toribio Etxebarria, Untzaga eta Fermin Kalbeton-en.