Pasa den abenduaren 8an, Kontzezio egunez, Mendaron izan ginen dantza emanaldia eskaintzen. Bertako apaizak, Anjel Bazterretxeak 50 urte egin ditu apaiz egin zenetik, eta hori ospatzeko ekitaldien artean, Mendaroko udalak gonbidatu gintuen bertan dantza egitera.
Mendaron kontzezio eguna (abenduak 8) festa egun handia izan da luzaroan, eta festa egun horretan dantzak izan dira osagai nagusia XX. mendean zehar. Bertan estreinatu zen 1931an Gregorio Santa Cruz-ek prestatutako lehen dantza taldea, dantzari-dantza eginez.
1931ko Kontzezio egunean Mendaron egindako argazkia da hau. Hauxe izan zen Mendaron prestatutako lehen ezpata-dantzari taldea. 1931 Kontzezio egunez estreinatu zen eta egun horretako argazkia, Mendaroko eliza ondoan, sakristiaren etxearen aurrean dago aterata. Ezkerretik hasita ageri direnak: Leocadio Ajuriagerra atabalaria, Inazio Garitaonaindia, Jose Loiola, Bitorio Garate, Simon Zabaleta, Jose Zabaleta, Ramon Ansola, Jose Mari Iriondo, Ramon Esnaola, Joseba Garitaonaindia, Serafin Lakasa (txistularia), eta Gregorio Santa Cruz (dantza-maisua). Erdian atabalarekin: Angel Zabaleta.
Gerra ondoren ere, Gregorio berak eta Fausto Sanz bere hilobak prestatutako taldeek, eta Gurutzpe elkartearen babesean urte askotan ere, Kontzeziño egunez egin izan ditzute bere emanaldi nagusiak.
Hori guztia kontuan hartuta, Mendaroko dantzari nagusientzat ezagunak gertatuko ziren errepertorioa eraman genuen abenduaren 8an. Durangaldeko dantzari-dantza, Gipuzkoako dantza sorta bat, eta soka-dantza.
Debabarrenako dantzariak aspaldian ibili dira elkarrekin lanean, Gregorio Santa Cruz ondarrutarra izanik Eibar, Elgeta, Mendaro eta Arrasaten ere ibili zen dantzan irakasten adibidez. 1990eko hamarkada hasieran Deba eta Eibarko dantzariak Elgoibarkoekin harremanetan hasi ginen, eta elgoibartarren babesean aritu ginen ikasten eta gure taldeak sendotzen. Gaur egun elkarlanean aritzen gara, eta Mendaron aurkeztutako taldea da horren adibide: Deba, Elgoibar, Ermua, Mallabia eta Eibarko dantzari eta musikariz osatutako taldea agertu ginen Mendarora.
Eguraldi haizetsua, baina garaiotarako epela egokitu zitzaigun Mendaron, eta gure emanaldia hasi orduko bero-bero jarri zen eliza aurreko plaza. Aspaldiko partez izan dugun harrera beroena izan genuen. Mendararrek gogotik txalotu zuten gure ahalegina, eta emanaldi bukaeran hainbat lagun hurbildu zitzaizkigun zoriontzera, eta beren aspaldiko dantzari oroitzapenak gogorarazi geniezkela eta horiek gurekin konpartitzera. Plazerra izan zen Mendaron dantzatzea, eta plazer handiago emanaldi ondoren belaunaldi desberdinetako mendararrekin aspaldiko dantza kontuetaz jardutea.
Dantzari eta musikariak Angel Bazterretxea apaizarekin eta Irune Berasaluze Mendaroko alkatearekin.