Ahal izanez gero maiatzeko azken asteburuan ospatzen da Euskal Jaia Eibarren, eta aurten ere horrela egokitu da. Orain urte batzuk Ezpalak, dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdia antolatzen hasi ginen Euskal Jaiaren baitan, eta aurten bosgarren edizioa egingo du jaialdiak. Ohi bezala, Iruñeko Duguna taldearekin batera antolatzen dugu Ezpalak, eta larunbatean, maiatzaren 29an, Iruñean izango dira dantza saioak eta igandean, maiatzaren 30ean Eibarren.
Ezpata-dantzak, makila-dantzak, arku-dantzak eta karaktere dantzak izan ditugu aurreko urteetako gaiak, eta 2010ean dantza-jauzien inguruan atondu dugu jaialdia. Biarno, Baztan, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako dantzakerak ekarriko ditu Ezpalak jaialdiak Eibarko untzaga plazara.
Maritzuli konpainia, Argia dantzari taldea, Baztandarrak, Biarnoko Ossau bailarako musikari eta dantzariak eta Aiko taldea izango dira Eibarko jaialdian. Etxekook, Kezkak, hiru jauzi, hiru jolas egingo ditugu: marmutx, xinple eta zapatain-dantza.
Taldeen emanaldia bukatuta dantzaldia ireki eta Aiko taldeak dantza-jauziak jotzen jarraituko du, nahi duten guztiek dantzatu eta gozatzen jarrai dezaten. Jauzien inguruko Urraska lana egin berri du Aikok, eta ekainean aurkeztuko du Durangon, baina horren aurrerapentxo bat dantzatu ahal izango dugu Ezpalak jaialdian.
Ezpalak dantza-jauzien jaialdiaren egitaraua
Maiatzak 29, larunbata, Iruñea
17:30 Kalejira alde zaharreko karriketan barna
18:00 Ezpalak, dantza-jauzien nazioarteko jaialdia Burgoen plazan. Euskal Herriko eta atzerriko dantzen erakustaldia:
- Duguna dantza taldea – Iruñea (Nafarroa)
- Baztandarrak – Baztan (Nafarroa)
- Osseau haraneko musika eta dantza – Osseau (Biarno)
- Luzaideko bolant-dantzariak – Luzaide (Nafarroa)
- Argia dantzari taldea – Donostia (Gipuzkoa)
- Maritzuli konpainia – Baiona (Lapurdi)
Segidan: Dantzaldi irekia Aiko taldearekin. Danza-jauzien inguruan prestatu duen Urraska CD-Liburuaren aurrerapena egingo du Aikok.
Maiatzak 30, igandea, Eibar (Eibarko Euskal Jaiaren baitan)
12:30 Ezpalak, dantza-jauzien nazioarteko jaialdia Untzaga plazan. Euskal Herriko eta atzerriko dantzen erakustaldia:
- Kezka dantza taldea – Eibar (Gipuzkoa)
- Baztandarrak – Baztan (Nafarroa)
- Osseau haraneko musika eta dantza – Osseau (Biarno)
- Argia dantzari taldea – Donostia (Gipuzkoa)
- Maritzuli konpainia – Baiona (Lapurdi)
Segidan: Dantzaldi irekia Aiko taldearekin. Danza-jauzien inguruan prestatu duen Urraska CD-Liburuaren aurrerapena egingo du Aikok.
17:00etan Erromeria Aiko taldearekin.