Hileko artxiboak: urtarrila 2010

Koko-dantzak 2010: Mandiola eta Agina aldera goaz

Datorren otsailaren 6an aterako gara koko-dantzan eta koko-eskean. Arrate-balle, Gorosta eta Mandiola auzoetako baserriak bisitatu ditugu aurreko urteetan, eta aurten Mandiola osatzeko falta zaizkigun 4 baserri eta Agina aldekoak bisitatuko ditugu.

Koko-dantzariek makila-dantza egiten dute baserri bakoitzaren aurrean, eta mamarruek saria pasako dute baserritarren opariak jasotzeko. Burburixuen zaratak, masusten korrika saioak, aixerixak, hartza, Batista kojua eta Arraguetako Ama Birjina, eta beste hainbat koko-mozorrok osatutako konpartsak egun osoa pasako du baserriz baserri dantzan, kantuan eta eskean Jainaga, Laskurain eta Narbaiza trikitilari eta dultzaineroekin. Arratsaldean, 19.00etatik aurrera Eibarko erdiguneko kaleetan ibiliko da konpartsa osoa Mauxitxa txarangak lagunduta.

Koko-eskearen ibilbidea

Ohi bezala Merkatu plazan egingo du lehen agerraldia koko-dantzen konpartsak, goizeko 8:30ak aldera. Ondoren, Amañatik gora Zozola, Zozolabarri, Aritxuluetabarri eta Aritxuluetara igoko gara. tagzaniapaste

Mandiola utzi eta Agina aldera joko dugu, eta Ixuatik jaisten eskuin eta ezker dauden baserrietara hurbilduko gara: Altzerreka, Zumaran, Mendibil, San Roman, Larrañeta, Iterixa, Aboagaazpikoa, Aboagainekoa, Suinagatxo, Suinaga, Gorostiaga, Arizpe, Atxekoa, Orbesoaren eta Aginaga bertan dagoen Aginagainekoa. Hortik gora segi eta Oregizahar, Arandobarrena, Arandoguena eta Arandoetxebarrirekin bukatuko dugu.
tagzaniapaste

Azpiriko kaletar-baserritartu eta baserritar-kaletartuen laguntzarekin prestatu dugu aurtengo ibilbidea eta baserrien argazkiak ere bildu ditugu sorta honetan.

Koko-festa kalean

Iluntzean, 19.00etan Anbulategiko parkean elkartuko gara koko-konpartsa eta koko-festan parte hartu nahi duten guztiak, eta Mauxitxa txarangaren doinura erdiko kaleetan ibiliko gara. Ekitaldi irekia da hau eta nahi duten guztiak daude gonbidatuta, koko-jantzi eta festan gurekin batera parte hartzera.

Zuzenean jarraitzeko

Aurten koko-dantzen nondik norakoak zuzenean erretransmitituko ditugu twitter bidez. Hainbat modu daude koko-eskearen nondik norakoak jarraitzeko:

  • Gure twitter kontura harpidetu eta twitter bidez.
  • Blog honetan bertan, coveritlive tresna jarriko dugu eta horren bidez gure mezuak ikusi eta nahi izanez gero zuen komentarioak bertan utzi ahal izango dituzue.
  • Facebook-en gure kontuan.

Koberturak eta festak aukera ematen digun neurrian, koko-eskearen nondik norakoen berri emango dugu mezu laburren bidez.

Koko-dantzak 2010
8:30 Merkatu plazan lehen agerraldia
9:00 – 18:00 Koko-dantzak eta koko-eskea Agina aldeko baserrietan.
19:00-21:00 Toribio Etxebarria, Untzaga eta Kalbeton kaleetan koko-dantzak Mauxitxarekin.

San Antonetan soka-dantza Azitiainen

San Anton eguna igandea tokatu da aurten, eta beraz, jai egun nagusiarekin bat egin du festak urtarrilaren 17an Eibarko Azitain auzoan. Meza nagusian txistuarekin lagundu zuten ofertorio garaian Andoni Altzibar eta Roberto Altzerrekak, eta ondoren, konsagrazio ostean ezpata-dantza egin zuen Oier Ibarbiak.

Meza ostean omenaldia egin zitzaien adineko auzotarrei eta segidan soka-dantza burutu zen, Oier Araolaza eta Oier Ibarbia aurresku eta atzesku lanetan, eta Anartz Fernandez eta Ander Garitagoitia zerbitzari lanetan aritu zirela.