Azaroaren 30ea ospatzen da San Andres, Eibarko patroiaren eguna, nekazal azoka, musika eta dantzarekin, eta garaiotan ezinbestekoa denez, baita euriarekin ere! Iragarpenak txarrak ziren, eta bete egin dira, euria goian behean egin du goiz osoan, eta eguerdiko 12:00etan, Jainaga eta Narbaiza trikitilariak mikronofora hurbildu direnean ez zirudien atertzeko asmorik zuenik.
Euri jasa ikusita erromeria bertan behera uztea erabaki dugu. Halako batean, Jainaga eta Narbaizak soinua eta panderoa astintzeari ekin diote, eta minutu gutxitan ez dute ba miraria lortu? Ostarte bat. Konturatu orduko handik eta hemendik, aterpeetatik ateratako dantzariz bete da plaza eta ordu erdiz gorputza berotu eta dantzan gozatu dugu. Bertsolarien txanda zela abisu eman diote Jainagari. Musika eten da eta euria hasi da berriz, gogotik gainera!