Arrateko Amaren dantzak bosgarrenez

2009-09-08_Arrate_FL 001

Konturatu gabe pasa dira bost urte. 2005ean, Arrateko Amaren dantzak martxan jarri genituenean, aurkezpen batzuk egin genituen, eta aurkezpen haietan esaten genuen gure konspirazioaren helburua zela 5 urte pasata, Arraten ikusleren bati dantzengatik galdetu eta “tradizionalak” zirela erantzutea (eta 10 urtera betidanik egin direla izatea erantzuna…). Hain urruti ikusten genituen 5 urte, zilarrezko domina eder batzuk ere egin genituela dantzari bakoitzak paparrean eramateko, eta esan genuela ezpata-dantzan bost urtez dantza egiten zuenak “propietatean” eskuratuko zuela domina. Ja! Pasa dira bost urte eta hemen ez dago oparirik, krisia baizik! Dantzen krisirik ez, ezta gutxiago ere, baizik eta ekonomikoa (mundiala)! eta batez ere, bost urteak azkarregi pasa direla eta ez gaudela hain merke dominak erregalatzeko moduan!

2009-09-08_Arrate_FL 010

Bosgarrenez egin dugu bai, 2009ko irailaren 8an, Arrate eguna Arraten eta Arrateko Amaren dantzak bere jaiotetxean. Bi gonbidatu berri: Garikoitz Otamendi añorgarra eta Aritz Ibañez iruindarra. Gazteak izanagatik dantzari eskarmentu handikoak eta beraien taldeetan maisu eta zuzendari lanetan ari direnak. Bakarlarien laukotea osatzeko, aurreko urteetako bi gonbidatu, bere garaian min hartuta, bakarlari lanak dantza egin gabe geratu zirenak, penaz handiz, baina orduko zorrak kitatzera pozik etorri zaizkigunak: Mikel Legorburu elgoibartar donostiartua eta Egoitz Krutxaga galdakoztarra.

Ohi bezala goizean Arratera igo, dantzari jantziak soinean jarri, taldeko argazkia egin eta 11.00etako meza nagusian lehen ezpata-dantza egiteko prestatu ginen. Ezpata-dantzako lau lerroetatik bi sartu ohi dira barrura, lauentzat estuegia baita elizako pasiloa. Urtero sesioak izaten ditugu, gehienek nahi baitute barrura sartu. Aurten barruko lerroak sartu dira, eta beraz, hori apuntatuta uzten dugu hemen, eta norbait akordatu dadila datorren urtean kanpokoei tokatzen zaiela (gero etorriko dira batzuk aurten kanpoko lerroetan eta datorren urtean barrukoetan tokatu zaiela, eta bla, bla, bla…).

2009-09-08_Arrate-_IZ_2_ELIZAN-7649

Eliza jendez lepo, baina txistulariek Iruñako diana jotzen hasi orduko bidea irekitzen da eta barruraino sartu ziren dantzariak. Aritz Ibañez eta Garikoitz Otamendik egin zuten barruan Arrateko ezpata-dantza.

2009-09-08_Arrate-_IZ_2_PROZESIOA-7722

Meza bukatuta, prozesioa antolatu eta gurutzea eta kandelen ondoren dantzariak. Gero txistulariak eta ondoren Ama Birjina, lau izkinetan lau dantzari azkendariak dituela. Ondotik abadeak, udaleko ordezkariak eta herritarrak.

2009-09-08_Arrate-_IZ_2_PROZESIOA-7710

Gurutzera bidean lehen atsedena (eta ezpaten zubia) lautadotxoan, ondoren, aldapa igo eta gurutzera. Eibarrera begira jarri eta Salve-a kantatzen dute abadeek eta kantua ezagutzen duten herritar apurrek. Dantzarien artean urteroko asmo onak: “datorren urterako ikasi behar dugu!!”.


Elizara itzultzean izaten dira jende-pilaketak eta estuasunak. Ama Birjina eliza atarian dagoela, Arrateko ezpata-dantza egin zioten lau azkendariek.Ama Birjina elizara, eta dantzariak zelaira.

Behin prozesioa amaituta izaten da dantza emanaldi nagusia zelaian. Bertan egin genituen Arrateko ezpata-dantza eta trokeo-dantzak. Eguraldi bikaina eta ikusleak ere ari dira ikasten nondik nora ibiltzen den taldea, eta gero eta hobeto moldatzen gara dantzarako tokia hartzeko.


Trokeo-dantzak egiteko probalekuan antolatu genuen taldea. Aritz Ibañez-ek dantzatu zuen makila txikien dantzako buruzagi-zortzikoa, Egoitz Krutxagak makil handien dantzakoa eta Garikoitz Otamendik brokel-makilena.


Bukatzeko, ezpatak hartu berriz, eta ezpata-dantzako taldearekin erretiratu ginen. Gero bazkaria ederra Krabelin hotelean, bazkalostean akta jaso zuen Enrike sekretarioak Arrateko dantzarien kofradiaren liburuan eta behin liburua sinatuta, beste modu bateko dantzek hartu zuten txanda Arrateko zelaian.

Dantzariak Arraten 2009an: Oier Ibarbia, Ander Garitagoitia, Joseba Aranzabal, Unai Agirre, Leire Orbegozo, Aiert Ibarbia, Irune Orueta, Miren Baranguan, Luken Aranburu, Enrike Izagirre, Roberto Altzerreka, Ane Sarasketa, Hiart Zugasti, Anartz Fernandez, Nagore Fernandez, Amaia Rodriguez, Ekhi Zugasti, Maialen Araolaza, Esther Kareaga, Mikel Goitia, Eider Agirrebeña, Olaia Gabirondo, Irati Kortabitarte, Izaskun Alberdi, Harkaitz Urreta, Oihane Llorente, Jon Lizarralde, Ainhoa Larrañaga, Eneritz Ganboa, Olaiz Agirrebeña, Malen Ulazia, Irati Carballo, Egoitz Krutxaga, Aritz Ibañez, Garikoitz Otamendi, Mikel Legorburu, Oier Araolaza, Josu Garate.
Txistulariak: Enrike Montero, Elena Perez, Asier Castelos, Iñaki Orbegozo.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude