15 urte soka-dantza berreskuratu zela

Aurten 15 urte (eta 16 soka-dantza??) bete dira Eibarko San Juan eguneko soka-dantza berreskuratu genuela. Gerra aurretik ba omen zegoen aurreskua dantzatzeko ohitura eta gerra ondoren, Gregorio Santa Cruz-ek dantza taldea berriz ere antolatu zuen unean martxan jarri zuten lehen gauza San Juan eguneko soka-dantza izan zen.

San Juan egunean, meza nagusiaren ondoren txistulariak, dantzariak eta udaleko ordezkariak plazara joan eta udaletxe aurrean aurreskua edo soka-dantza egiten zuten. Honako argazki hau 1945ekoa da.

1945 Eibar aurreskua San Joan jaietan

Ohitura horrek 60ko hamarkadararte iraun zuen, baina 67-68 urte inguruan utzi zitzaion San Joan egunean soka-dantza egiteari, garai horretan modan jarri ziren Lizarrako larrain-dantza eta Iribasko ingurutxoarekin ordezkatu baitzuten. 70eko hamarkadan ez soka-dantzarik ez ingurutxorik ez zen egin San Joan egunean.

1994an, Usartza txistulari taldeko (eta Kezka eta Amalur taldeetako zuzendari izandako) Jose Luis Perez Sarasketaren laguntzarekin berreskuratu zen soka-dantza. Dantzaren xehetasunak eta berezitasunak azaldu zizkigun Jose Luis-ek, Eibarko Udalean aurkeztu genuen proposamena eta oso gogo onez hartu zuten.

2001-06-24_Eibar-soka-dantza

Ordutegian aldaketa bat egin genuen ordea. Utzi zitzaion arte goiz partean egiten zen soka-dantza Eibarren, mezaren ondoren. Ordutik jaietako ohiturak aldatuta zeudela iritzita, orduari eutsi, baina AM – PM aldaketa egin genuen dantzari. Ekainaren 24an, gaueko 23.30etan ezarri genuen horretarako ordua. Hamabost urteren buruan aldaketa horrekin asmatu genuelakoan gaude. Untzaga plaza jendez gainezka izaten da egun eta ordu horretan eta jaietako egitarauan ondo sendotutako jarduera da.

Hona aurtengo soka-dantza argazki sorta bat Felipe Loyola eta Iñaki Zugastiren eskutik.

2009-06-24_Soka-dantza_FL 048
2009-06-24-Soka-dantza-IZ-5618
2009-06-24_Soka-dantza_FL 082
2009-06-24_Soka-dantza_FL 107
2009-06-24_Soka-dantza_FL 129
2009-06-24_Soka-dantza_FL 211
2009-06-24_Soka-dantza_FL 189

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude