Hileko artxiboak: urria 2009

Arrateko Amaren dantzak bosgarrenez

2009-09-08_Arrate_FL 001

Konturatu gabe pasa dira bost urte. 2005ean, Arrateko Amaren dantzak martxan jarri genituenean, aurkezpen batzuk egin genituen, eta aurkezpen haietan esaten genuen gure konspirazioaren helburua zela 5 urte pasata, Arraten ikusleren bati dantzengatik galdetu eta “tradizionalak” zirela erantzutea (eta 10 urtera betidanik egin direla izatea erantzuna…). Hain urruti ikusten genituen 5 urte, zilarrezko domina eder batzuk ere egin genituela dantzari bakoitzak paparrean eramateko, eta esan genuela ezpata-dantzan bost urtez dantza egiten zuenak “propietatean” eskuratuko zuela domina. Ja! Pasa dira bost urte eta hemen ez dago oparirik, krisia baizik! Dantzen krisirik ez, ezta gutxiago ere, baizik eta ekonomikoa (mundiala)! eta batez ere, bost urteak azkarregi pasa direla eta ez gaudela hain merke dominak erregalatzeko moduan!

2009-09-08_Arrate_FL 010

Bosgarrenez egin dugu bai, 2009ko irailaren 8an, Arrate eguna Arraten eta Arrateko Amaren dantzak bere jaiotetxean. Bi gonbidatu berri: Garikoitz Otamendi añorgarra eta Aritz Ibañez iruindarra. Gazteak izanagatik dantzari eskarmentu handikoak eta beraien taldeetan maisu eta zuzendari lanetan ari direnak. Bakarlarien laukotea osatzeko, aurreko urteetako bi gonbidatu, bere garaian min hartuta, bakarlari lanak dantza egin gabe geratu zirenak, penaz handiz, baina orduko zorrak kitatzera pozik etorri zaizkigunak: Mikel Legorburu elgoibartar donostiartua eta Egoitz Krutxaga galdakoztarra.

Ohi bezala goizean Arratera igo, dantzari jantziak soinean jarri, taldeko argazkia egin eta 11.00etako meza nagusian lehen ezpata-dantza egiteko prestatu ginen. Ezpata-dantzako lau lerroetatik bi sartu ohi dira barrura, lauentzat estuegia baita elizako pasiloa. Urtero sesioak izaten ditugu, gehienek nahi baitute barrura sartu. Aurten barruko lerroak sartu dira, eta beraz, hori apuntatuta uzten dugu hemen, eta norbait akordatu dadila datorren urtean kanpokoei tokatzen zaiela (gero etorriko dira batzuk aurten kanpoko lerroetan eta datorren urtean barrukoetan tokatu zaiela, eta bla, bla, bla…).

2009-09-08_Arrate-_IZ_2_ELIZAN-7649

Eliza jendez lepo, baina txistulariek Iruñako diana jotzen hasi orduko bidea irekitzen da eta barruraino sartu ziren dantzariak. Aritz Ibañez eta Garikoitz Otamendik egin zuten barruan Arrateko ezpata-dantza.

2009-09-08_Arrate-_IZ_2_PROZESIOA-7722

Meza bukatuta, prozesioa antolatu eta gurutzea eta kandelen ondoren dantzariak. Gero txistulariak eta ondoren Ama Birjina, lau izkinetan lau dantzari azkendariak dituela. Ondotik abadeak, udaleko ordezkariak eta herritarrak.

2009-09-08_Arrate-_IZ_2_PROZESIOA-7710

Gurutzera bidean lehen atsedena (eta ezpaten zubia) lautadotxoan, ondoren, aldapa igo eta gurutzera. Eibarrera begira jarri eta Salve-a kantatzen dute abadeek eta kantua ezagutzen duten herritar apurrek. Dantzarien artean urteroko asmo onak: “datorren urterako ikasi behar dugu!!”.


Elizara itzultzean izaten dira jende-pilaketak eta estuasunak. Ama Birjina eliza atarian dagoela, Arrateko ezpata-dantza egin zioten lau azkendariek.Ama Birjina elizara, eta dantzariak zelaira.

Behin prozesioa amaituta izaten da dantza emanaldi nagusia zelaian. Bertan egin genituen Arrateko ezpata-dantza eta trokeo-dantzak. Eguraldi bikaina eta ikusleak ere ari dira ikasten nondik nora ibiltzen den taldea, eta gero eta hobeto moldatzen gara dantzarako tokia hartzeko.


Trokeo-dantzak egiteko probalekuan antolatu genuen taldea. Aritz Ibañez-ek dantzatu zuen makila txikien dantzako buruzagi-zortzikoa, Egoitz Krutxagak makil handien dantzakoa eta Garikoitz Otamendik brokel-makilena.


Bukatzeko, ezpatak hartu berriz, eta ezpata-dantzako taldearekin erretiratu ginen. Gero bazkaria ederra Krabelin hotelean, bazkalostean akta jaso zuen Enrike sekretarioak Arrateko dantzarien kofradiaren liburuan eta behin liburua sinatuta, beste modu bateko dantzek hartu zuten txanda Arrateko zelaian.

Dantzariak Arraten 2009an: Oier Ibarbia, Ander Garitagoitia, Joseba Aranzabal, Unai Agirre, Leire Orbegozo, Aiert Ibarbia, Irune Orueta, Miren Baranguan, Luken Aranburu, Enrike Izagirre, Roberto Altzerreka, Ane Sarasketa, Hiart Zugasti, Anartz Fernandez, Nagore Fernandez, Amaia Rodriguez, Ekhi Zugasti, Maialen Araolaza, Esther Kareaga, Mikel Goitia, Eider Agirrebeña, Olaia Gabirondo, Irati Kortabitarte, Izaskun Alberdi, Harkaitz Urreta, Oihane Llorente, Jon Lizarralde, Ainhoa Larrañaga, Eneritz Ganboa, Olaiz Agirrebeña, Malen Ulazia, Irati Carballo, Egoitz Krutxaga, Aritz Ibañez, Garikoitz Otamendi, Mikel Legorburu, Oier Araolaza, Josu Garate.
Txistulariak: Enrike Montero, Elena Perez, Asier Castelos, Iñaki Orbegozo.

Lodikroko, hitzen erritmoan dantzan

Elirale konpainaren Lodikroko eskainiko da datorren larunbatean, urriaren 10ean Eibarren, Coliseo antzokian. 1eta 6 urte bitarteko umeentzat zuzendutako dantza ikuskizuna da Lodikroko, Amaia Hennebutte-Millard-en izen bereko liburuan oinarrituta dagoena eta Pantxika Telleriak taularatu duena.

Liburua zabaldu eta bizitzen hasten denean… …orriak itzuli eta… …gorputza, dantza eta haurtzaroaren espazioak irekitzen dira. Hitzen erritmoan, testuaren musikaltasunak gorputzak biziarazten ditu. Musikaratzeak eta mugimenduak Amaia Hennebutte-Millard-en haur-kanten poesia agerian jartzen dute. Ametsaldi bat, haurtzaroaren mundu sentiberan murgiltze bat…

Dantzaria: Célia Thomas.
Antzerkilaria: Joxelu Berasategi.
Musikaria: Jesus Aured.
Taularatzea: Pantxika Telleria, Amaia Hennebutte-Millard.
Akzesorio sortzailea: Annie Onchalo.
Jantzi sortzailea: Karine Prins

1-6 urteko umeentzat
Iraupena: 30 minutu.

Lodikroko

15 urte soka-dantza berreskuratu zela

Aurten 15 urte (eta 16 soka-dantza??) bete dira Eibarko San Juan eguneko soka-dantza berreskuratu genuela. Gerra aurretik ba omen zegoen aurreskua dantzatzeko ohitura eta gerra ondoren, Gregorio Santa Cruz-ek dantza taldea berriz ere antolatu zuen unean martxan jarri zuten lehen gauza San Juan eguneko soka-dantza izan zen.

San Juan egunean, meza nagusiaren ondoren txistulariak, dantzariak eta udaleko ordezkariak plazara joan eta udaletxe aurrean aurreskua edo soka-dantza egiten zuten. Honako argazki hau 1945ekoa da.

1945 Eibar aurreskua San Joan jaietan

Ohitura horrek 60ko hamarkadararte iraun zuen, baina 67-68 urte inguruan utzi zitzaion San Joan egunean soka-dantza egiteari, garai horretan modan jarri ziren Lizarrako larrain-dantza eta Iribasko ingurutxoarekin ordezkatu baitzuten. 70eko hamarkadan ez soka-dantzarik ez ingurutxorik ez zen egin San Joan egunean.

1994an, Usartza txistulari taldeko (eta Kezka eta Amalur taldeetako zuzendari izandako) Jose Luis Perez Sarasketaren laguntzarekin berreskuratu zen soka-dantza. Dantzaren xehetasunak eta berezitasunak azaldu zizkigun Jose Luis-ek, Eibarko Udalean aurkeztu genuen proposamena eta oso gogo onez hartu zuten.

2001-06-24_Eibar-soka-dantza

Ordutegian aldaketa bat egin genuen ordea. Utzi zitzaion arte goiz partean egiten zen soka-dantza Eibarren, mezaren ondoren. Ordutik jaietako ohiturak aldatuta zeudela iritzita, orduari eutsi, baina AM – PM aldaketa egin genuen dantzari. Ekainaren 24an, gaueko 23.30etan ezarri genuen horretarako ordua. Hamabost urteren buruan aldaketa horrekin asmatu genuelakoan gaude. Untzaga plaza jendez gainezka izaten da egun eta ordu horretan eta jaietako egitarauan ondo sendotutako jarduera da.

Hona aurtengo soka-dantza argazki sorta bat Felipe Loyola eta Iñaki Zugastiren eskutik.

2009-06-24_Soka-dantza_FL 048
2009-06-24-Soka-dantza-IZ-5618
2009-06-24_Soka-dantza_FL 082
2009-06-24_Soka-dantza_FL 107
2009-06-24_Soka-dantza_FL 129
2009-06-24_Soka-dantza_FL 211
2009-06-24_Soka-dantza_FL 189