Pasa den 2008ko azaroaren 15ean Kezka dantza taldearen 50. urteurrena ospatzeko
Eibarko Coliseo Antzokian egindako Saria bete dantza emanaldian Eibarko XX. mendeko
dantzen irudiekin egindako proiekzioa bat eskaini zen. Zenbaitek eskatu digute berriz ikusi nahi zutela bideoa eta horra ba. Musika: Goizian goizik kanta tradizionala Caroline Philips eta
Mixel Ducauren eskutik. Irudiak: Kezka dantza taldearen artxiboa.
Hileko artxiboak: maiatza 2009
Soka-dantza Mandiolako Santa Kurutz ermitan
Eibarko txokorik ederrenetakoa da askoren ustez Santa Kurutz ermita. Ermitan izenari ohore egiten dioten jaiak ospatzen dira bertan, Santa Kurutzak, inguruko baserritarrek antolatuta. Maiatzaren 3a, Santa Kurutz eguna, igandea egokitu da aurten, eta bertan izan da urtero bezala Kezka dantza taldea auzotarrekin eta bertara hurbiltzen direnekin bat eginda, soka-dantza egiten.
Aiert Ibarbia aurresku eta Ander Fernandez atzesku aritu ziren soka-dantzan, eta Joseba Aranzabal eta Unai Agirre zerbitzari lanetan. Giro ederra eta txorizo eta odoloste are ederragoak ohi bezala Santa Kurutzen.
Ezpata-dantza Andoainen Santa Kurutz egunean
Santa Kurutz egunekoa jai handia izaten da Andoainen. Eta egun handi horretan abiatu zuten iaz Urki dantza taldeko kideek Argia dantzari taldearen laguntzarekin urtero errepikatu nahi duten ezpata-dantza. 2009an Dugunako Aritz Ibañez eta Kezkako Oier Araolaza gonbidatu gaituzte ezpata-dantza horretan Urkiko dantzariekin batera aritzera.
Asier Garmendia buruzagi zela, Jon Iraola eta Aritz Brosak osatu zuten azkendari laukotea.
Jokin Otamendik prestatutako ezpata-dantza taldeak Santa Kurutzeko ermita ondoan egin zituen zubiak meza nagusiaren aurretik eta ondoren, eta bertan dantzatu genuen ezpata-dantza.
Urtero maiatzaren 3an plazaratuko dute Urkiko dantzariek ezpata-dantzan Andoainen. Aukera ederra eta ohorea izan da gonbidatuontzat ezpata-dantza horretan
parte hartzea eta egun ederra pasatu genuen Andoainen jai egun handia
den horretan. Eskerrikasko eta zorionak Urkiko dantzari, txistulari eta laguntzaile guztiei!
El ball d’espases de Arrate a Terrassa
Apirilaren 24an abiatu ginen Terrassaruntz. Beti bezala autobus ederrak jartzen dizkigu Aldalur-ek eta oraingoa ere ez da makala. Oier Ibarbiaren testigantza horren lekuko: “Nik orain arte ez dot sekula bidaiatu holako autobus batean.
Egin kontu zelako alturia dakagun batzuk eta hala ta guzti be, nik
hankak nahi neban moduan estirau, luzatu eta jarri nebazen nere
aurrekuak asientua atzera botata be. Sekula holakorik… Hori bai hori
autobusa hori. Gora Aldalur!”
Terrassako bastoners-ek egindako harrera ez da makala izan. Medio gutxirekin baina taldekide guztien lan izugarriarekin antolaketa bikaina burutu zuten bi egun eder pasa genituen Terrassan. Aipatzekoak dira besteak beste Adria-ren ilusio eta indarra, Jordi-ren gidaritza lasaia eta 48 ordutan gurekin une oro izan den Aniol (más gente!), inoiz haserretzen ez den mutila.
Larunbat goizean Terrassako erdi-gunea bisitatzeko aukera izan genuen, garai modernistako hainbat eraikin interesgarri, merkatua, zientzia museoa, udaletxea, e.a. Udaletxean bertan harrera egin zigun Terrassako alkateak. Opari trukea izan genuen eta euskara-katalan gure itzultzaile partikularrak lan apur bat egin zuen diskursoak itzultzen.
Udaletxe ederraren aurrean egin genuen Bastoners de Terrassa, Duguna eta Kezka taldeok emanaldia nagusia. Ikusle ugari eta txalotzeko prest bildu ziren emanaldira eta pozik eskaini genituen prestatutako dantzak. Jaurrieta, Otsagabia eta Luzaideko dantzak egin zituzten Dugunakoek eta Arrateko ezpata-dantza, dantzari-dantza, kaskarots eta jotak Kezkakoek.
Igandean goizean goiz altxatu eta butifarra eta saiheski gosari mundiala egin genuen Senpere auzoan. Handik abiatu behar zen bastoners eta dantzarien cercavilla, baina euriak kalejira bertan behera uztera behartu zuen. Eskola baten patioan hasi eta Plaza Vella (zaharra) ederrean bukatu genuen goizeko dantza emanaldia. Hainbat bastoners taldek parte hartu zuten “XXVIII. Diada dels Bastoners de Terrassa” jaialdian.
Bi egun bete-beteak, musika eta dantzaz batez ere pasata itzuli ginen Eibarrera. Emanaldiak txukun joan ziren, baina emanaldietatik kanpoko giroa aparta izan zen. Iruñea-Abadiño-Terrasa-Eibarko musikari sorta ederrak izan zuen horretan zerikusia, emanaldi formalak bukatu orduko hasten baitzen haien eta denon festa.
Hona hemen argazki, prentsa eta beste taldeen kroniketara loturak:
- Iñaki Zugastik egindako argazkiak
- Dugunakoek egindako argazkiak
- Dugunakoen kronika
- Terrassako bastoners-eko kronika
- Terrassako komunikabideetan argitaratutakoak:
Dantzaz konpainiaren Lur Sagar Coliseoan
Dantzaz Konpainiak “Lur sagar” ikuskizuna aurkeztuko du datorren
maiatzaren 10ean Eibarko Coliseo antzokian. Ballet Biarritz junior
bezala hasi zenak bide propioa urratu du eta Dantzaz Konpainia da
orain. Dantzari gazteek erakutsi dute dagoeneko profesionalki lan
egiteko prest daudela, eta horietako asko konpainia profesionaletan
izango dira datozen urteotan.
Dantza ikuskizun eder eta atsegina da Lur Sagar. Hiru koreograforen
hiru lan biltzen dira bertan, lur-sagar edo patataren hariak lotzen
dituena:
- ‘En Jaar Eden’, Gäel Domenger
- ‘Songeurs’, Christophe Garcia
- ‘Earth Apples’, Itzik Galili
Lur sagar
Dantzaz Konpainia
Eibar, Coliseo antzokia
maiatzak 10 – 19:00etan
Sarrerak salgai daude dagoeneko 8 Eurotan.
Programa
Jaar Eden (Eden Ibaia)
Koreografia: Gaël
Domenger
Musika: Jesus Aured
Francisco Lopez
Argien diseinua: Jean Claude Asquie
Iraupena: 15 min
Koreografia
honetan bi dantzari Jaar Eden ibaia ureztatzen duen iturburuaren bila
joango dira. Gai ugariri buruz galde egitera eramango dituen arakatze
lan bat da: egunerokotasuna, euren emozioak, euren oroitzapenak,
euren gorputza eta besterekin duten harremana. Aldi berean, Edenari
buruz eta bizitzaren sorburu den iturriari buruz orain dugun ideiaren
irudikapena ulertzera gonbidatzen gaitu, geure fantasiez eta
sinesmenez soilik betetako lorategi batean, gizakia bertatik
erbesteratu zutenetik.
Jaar
Eden naturaren bidez gure izateari buruz galde egiten duen lana da, gure
esentziaren beraren iturburura itzuliz.
Gaël Domenger
Pariseko Operako Dantza Eskolan ikasi zuen, eta ondoren Parisko Goi Mailako Kontserbatorio Nazionalean.
Luxenburgoko Euroballet-en izan zen lehenik dantzari, eta ondoren Uwe Scholzek zuzendutako Leipzigeko Baletean. Gero Wallonieko Opera Royal-en aritu zen dantzan eta ondoren Scapino Ballet Rotterdam-en, d’Ed Wubberen zuzendaritzapean. 2003tik da Ballet Biarritzeko kide.
Koreografo lanean hamabost bat obra sortu ditu, Leipzig, Liège eta Rotterdamen aurkeztutakoak. Azkenekoak hauek dira: La nuit transfigurée, Pays de neige 2005ekoak, eta Shéhérazade 2006koa, Ballet Biarritz Junior konpainiarako sortuak. 2008ko ekainaren 8an, Udako gau baten ametsa, bere azken obra, Nizako Operako Baletak estreinatu du.
Dantzaz-BBj-ko zuzendaritza taldeko kide izan da, koreografo eta balet maisu gisa. Bestalde, Biarritzeko André Malraux Lizeoan dantza irakaslea da, batxilergo zikloko dantza aukeran.
Songeurs
Koreografía: Christophe Garcia
Musika: Friedrich Burgmuller, Adolphe Adam, Ludwig Minkus
Argiak: Jean François Milazzo
Laguntzaile artistikoa: Marie-Eve Carrière
Iraupena: 15 min.
Amesgileak…
Hasieran hiru emakumezkoentzat sortua eta orain gizonezkoentzat egokitua, 3 pertsonaien unibertso onirikoan sartzea proposatzen digu obra honek.
Bere burua alegiazko munduaren mende utziko dute baina, aldi berean, bere kontra borrokatu dute, kolpatuko dira, inoiz etsi gabe. Nahiz eta amets motza izan, bertan atxikitzea beti merezi du, une batez errealitatetik ihes egiteko.
Christophe Garcia
Antzerki, kantu eta musika arteetan hasi zen eta geroago dantzari izateko prestatu ondoren koreografiaren alorrean garatu du bere lana.
1996an l’École Atelier Rudra Béjart eskolan onartu zuten, 1998an Béjart Ballet Lausanne konpainian sartu zen, eta bertan bere lehenengo lana, “Alice”, aurkezteko aukera izan zuen.
2000n bere konpainia sortu zuen, Les Ballets de la [parenthèse], eta errepertorio zabala sortu zuen konpainia horrekin. Bere koreografiak Europako eta Iparramerikako dantza ekitaldi desberdinetan nabarmendu izan dira eta horren ondorioz hainbat sari jaso izan ditu nazioarteko koreografi lehiaketa ugaritan.
Robert Wilson, l’Opéra de Marseille eta Grands Ballets Canadiens-erako lanean aritu ondoren, 2003an Montrealeko Cas Public konpainiarekin dantza egin zuen, Hélène Blackburnen zuzendaritzapean. Frantzia eta Quebec artean lan egiten du eta eskari ugari jasotzen ditu hainbat konpainia eta interpreterentzako koreografia berriak sortzeko, besteak beste, Rotterdam-eko Scapino Ballet.
2005ean bere konpainiaren filiala sortu zuen Montrealen, konpainia frantses-kanadarra, alegia.
Earth Apples
Koreografia: Itzik Galili
Musika: Mercedes Sosa
Argiak: Yaron Abulafia (2008)
Jantziak: Natasja Lansen
Laguntzaile artistikoa: Noa Rosenthal
Iraupena: 18 min
Estreinaldia: Galili Dance, Theater Bellevue, Amsterdam, NL, 1992
“Niretzat Mercedes Sosaren ahotsak tribuetako imajinak gogorarazten dizkit, antzinako imajina soinudunak. Bere bihotz oinazetua indar handiz sumatzen da airean. Apaltasunez erreakzionatu dut bere musikaren aurrean, lurraren muina sentitzen ahaleginduz eta horretarako errepikapenaren eta kanonaren geruzak zeharkatuz.
Dantzaz konpainiak egingo duen berrestreinaldiak, Earth Apples dimentsio eta indar berria ematen dio. Jatorriz gizonezko zazpi dantzarirentzat sortua izan arren, koreografia hau sei emakumezko dantzarik eta gizonezko dantzari batek interpretatuko dute, eta elkartu egingo dute euren gaztetasuna lurraren antzinako jatorriekin.”
Itzik Galili
Itzik Galili Tel Aviven jaio zen. Nerabezaroan izan zuen dantzarekin bere lehenengo harremana, dantza tradizional israeldarrak ikasten ari zela. Lagun batek gomendatuta, New Yorkeko Metropolitan Opera-n dantzari nagusi ohia eta dantza irakasle Nira Pazen aurrean aurkeztu zen. Balet eta dantza garaikideko klaseak hartuz denbora tarte bat igaro ondoren, Itzik, bere izaera nekaezinak bultzatuta, Bat-Dor Dance Company-n aurkeztu zen. Konpainia horretan bi urtez aritu ondoren Batsheva Dance Company-ra elkartu zen.
1989an Robert Cohanek, orduan Batsheva Dance Company taldeko aholkulari artistiko zenak, Erresuma Batuetan konpositore eta koreografoei zuzendutako nazioarteko ikastaro batera joatea animatu zuen, Gulbenkian Fundazioak antolatutakoan.
1990ean Itzikek Double Time sortu zuen eta ibilbide profesional artistiko emankor bati ekin zion. Izan ere, orain, “espazioaren eta gorputz erritmoaren maisu” dela diote (Michelle Mann, Dance Europe). Urte hartan bertan, Old Cartoon lanak Gvanim Choreographic Competition lehiaketako originaltasunaren saria lortu zuen. 1991n Itzik Herbehereetara joan zen bere konpainia sortzera.
1992an The Butterfly Effect lanak Publikoaren Saria jaso zuen Groningeneko Nazioarteko Koreografoen Lehiaketan, eta harrezkero etengabe aritu da sariak jasotzen. 1994an Kultura Sariko Azken Hautaketan izan zen saridun (Phillip Morris), bere aparteko talentuagatik eta Herbehereetan dantzari eta kulturari egindako ekarpenagatik.
1997an Kultura laguntza publikoarekin sortutako Groningeneko dantza konpainia berri baten Zuzendari Artistiko izendatu zuten: NND/Galili Dance.
Orain arte, Itzikek 50 koreografiak baino gehiagok osatutako errepertorioa sortu du, horien artean aipatzekoak izanik: Earth Apples (1992), Between L… (1995), Fragile (1997), Beautiful You (1999), For Heaven’s Sake (2001), Mono Lisa (2003), ME (2004), Hikarrizatto (2004), Exile Within (2006) eta Heads or Tales (2007), azken hau Galili Dance-ren Hamargarren Urteurrena zela eta sortutakoa, eta dualtasunagatik sentitzen duen lilura ondoen irudikatzen duena:
Bere dantzarientzako koreografiak sortzeaz gainera, Itzikek hainbat konpainiarekin lan egin izan du: Stuttgart Ballet, Ballets de Monte Carlo, Bayerisches Staatsoper Munich, Gulbenkian Ballet, Scapino Ballet, NDT II, Batsheva Dance Company, Les Grands Ballets Canadiens, Royal Finnish Ballet, Bale da Cidade de Sao Paulo, Royal Winnipeg Ballet, Diversions Dance Company, Norrdans, Cisne Negro eta Het Nationale Ballet.
Bere konpainiaren barruan Itzikek talentu handia ikusten zaien dantzariak prestatzen ditu. Sormena garatzeko eta izaera independentea izateko laguntzen die bere dantzariei. Izan ere, sarritan, etorkizun handiko gazteak hartzen ditu bere programazioan. 1998 eta 1999an Groningen International Competition for Choreographers lehiaketan ere zuzendari izan zen. Itzikek harreman ona du Rotterdamse Dansacademie (Codarts) akademiarekin eta dantzari berriak kontratatzen ditu bere konpainia osatzen duten gainerako dantzarien maila berean aritzeko. Lan horren adibide argia izan zen Heads or Tales (2007), akademiarekin batera ekoiztua eta ikaskuntza aldian zeuden hamar dantzarik parte hartu zutenekoa, NND/Galili Dance taldean zazpi hilabetez lanean arituz.
Argi-jokoak Itziken lanaren garrantzizko osagaia dira eta baliabide honetan erakusten duen interesak eraman du bere lan gehienen argiztapena berak sortzea. Gainera, bere lankide artisten eskariak jaso ohi ditu. Bestalde, Itzik elkarlanean aritu da telebistako pelikuletan koreografo gisa, esate baterako A Sense of Gravity-n (2002, BBC2ren eskaria – Erresuma Batua) eta Come Across-en (1996, NPSen eskaria – Herbehereak).
Sariak:
VSCD Choreography Prize, 2002
VSCD Prize sarirako izendatua, 05-06ko denboraldiko Produkzio Onenagatik
“The House of Oranje Nassau” Ordenaren Zaldun izendatua, Herbehereak, 2006
“Galiliren artea abstrakzioa eta narrazioa fintasunarekin orekatzean dantza, eta era horretara sortzen ditu hain lan zirraragarriak. Gaur egun, bera da Herbeheretako koreografo bakanetakoa umorearen, erasoaren, lirismoaren, sexuaren eta dotoreziaren arteko oreka hauskorra egituratzen dakiena”
(Michael A. Kroes – Ballettanz International, martxoa, 2007)
Dantzaz Konpainia
Dantzariak: Aurélien Alberge, Sophie Antoine, Olivier Coeffard, David Debernardi, Charline Debons, Alejandra García, Nuria Giménez, Giovanni Insaudo, Garazi Perez, Francisco Sánchez, Andrea Vallescar
Zuzendari artistikoa: Adriana Pous Ojeda
Irakasleak: Iñaki Landa, Josu Mujika
Zuzendari orokorra: Filgi Claverie
Produkzio arduraduna: Sofía Alforja
Administrazioa: Laida Oliemuller
Talde teknikoa: Eragin Stac.