Pasa den azaroaren 15ean ospatu genuen Coliseo antzokian “Saria bete dantza” jaialdia, Kezka dantza taldearen 50. urteurrena ospatzeko antolatu genuen ekitaldia. Azken urteotan Kezkaren ibilbidean laguntzaile eta bidaide izan ditugun zenbait dantza talde gonbidatu genituen ospakizunera eta bakoitzari lan zehatz bat jarri genion. Zorioneko gara talde guztiek bikain erantzun zutelako, baiezkoa aurretik eta txintxo-txintxo jarritako lan eta neurriarekin zorrotz eta distiratsu ondoren. Eskerrik asko bene-benetan Donostiako Argia, Galdakaoko Andra Mari, Iruñeko Duguna, Añorgako Arkaitz eta Elgoibarko Haritz dantzari taldeei.
Hauxe izan zen egitaraua:
- Arrateko Amaren ezpata-dantza – Kezka (Eibar)
- Gipuzkoako brokel-dantza – Haritz (Elgoibar)
- Soinu zaharrak – Arkaitz (Añorga)
- Durangaldeko dantzari-dantza – Andra Mari (Galdakao)
- Bizkaiko jotak – Andra Mari (Galdakao)
- Koko-dantzak – Kezka (Eibar)
- Jaurrieta – Duguna (Iruñea)
- Otsagabiako dantzak – Duguna (Iruñea)
- Zuberoako dantzak – Argia (Donostia) eta Jean Mixel Bedaxagar (Urdiñarbe)
- Kostaldeko dantzak – Kezka (Eibar)
Sarrera salmenta erritmo onean joan zen eta sarrera denak agortuta Coliseo antzokiko eserleku guztiak bete ziren.
Atzeak erakusten du nola dantzatu aurrea…
Argiak itzali eta Caroline Philips-en ahots ederrean “Goizian goizik”
kanta zaharraren doinura Eibarren dantzak 100
urtetan egindako ibilbidearen irudiak agertzen joan ziren pantaila erraldoian.
1958an
abiatu zen dantza taldea Eibarko Klub Deportiboan, baina ez zen
hutsetik abiatu. Aurretik ibilitako dantzari, maisu, txistulari eta
taldeen soka-dantzan beste katebegi bat da Kezka dantza taldea. XX.
mendean Eibarren dantzan aritutakoetako batzuk ekarri nahi izan
genituen Coliseora irudi-bilduma honen bidez. Mendea bete dantza
Eibarren.
Txopitea eta pakea
Segidan Kezkako dantzariak agertu ziren eszenatokiaren
albo batean eta agurraren doinua entzun ahala ezkerretik sartu zen
Miguel de los Toyos, Eibarko alkatea. Dantzarien aurrean geratu eta
erreberentzia dantzatu zien, tenple handiz gainera. Dantzaria izana da
alkatea eta 25 urtez aritu gabe bazegoen ere txukun aritu zen
dantzarien aurrean. Segidan dantzari guztiak agurtu eta Mari Jose
Telleria kultura zinegotziaren laguntzarekin Oteizaren “Txopitea eta
Pakea” oroigarria eman zion alkateak Kezka dantza taldeari.
Kezka – Arrateko ezpata-dantza
Protokoloak bukatuta dantzak aurrera egin zuen, eta Kezkako dantzariak izan ziren lehenak. Argia dantzari taldeak Zortziko ikuskizunean antzokietarako prestatu zuen ezpata-dantza dago Arrateko ezpata-dantzaren abiapuntuan. Antzokietan zirraragarria gertatzen
zena Arrateko zelaira egokitu zuen Kezkak 2005ean. Lau urtetan han eta
hemen dantzatu dugu Arrateko ezpata-dantza eta Kezka dantza taldea
herritik kanpo ezagutzera ematen duen dantza da gaur egun.
Haritz euskal dantzari taldea – Elgoibar
Gipuzkoako dantzen
teknika, zorroztasuna eta distira erakutsi zizkiguten orain 18 urte
Elgoibarko dantzariek. Elkarlanean hazi eta hezi gara eta proiektua
konpartitu dugu harrezkero. Brokel-dantzaren sortako zenbait dantza
eskaini zizkiguten: erreberentzia, brokel-makilen eta makila handien
jokoak, zinta-dantza eta uztai txikiena. Zorrotz eta indartsu,
belaunaldi berriek ere Elgoibarko taldearen distirari eusteko gogotsu
daudela erakutsiz.
Arkaitz Añorgako dantzariak – Donostia
Neurri irregularreko
doinuak dira Iztuetak 1824an argitaratu zituen “doinu zaharrak”. Dantzariak urratsak inprobisatu eta bere dohainak erakusteko duen
trebetasuna aproban jartzen dute doinu zaharrek. Dantzari apartak dira
añorgarrak, eta ez-ohiko zukua ateratzen diote bakarlanari. Punta motz
eta Betronio handia dantzatu zituzten.
Andra Mari Eusko Folklore Taldea – Galdakao
Durangaldeko
dantzari-dantza ikustea beti da plazerra, baina batez ere tradizioa
mimoz eta arduraz jaso eta distiraz aurkezten duen talde baten eskutik.
Banangoa nahikoa izan zuten antzokia bero-bero jartzeko. Kemenez eta
amorruz dantzatzen dute andra marikoek, eta ikusleak gogotik eskertzen
du pasio hori.
Fandango zaharren eta erromerietako dantzakeraren oroitzapenak berpiztu
zizkiguten Andra Marikoek orain urte batzuk Arratian jaso zituzten
jotekin. Arratian jaso zituzten, baina ez dira Arratiakoak bakarrik,
gure aiton-amonen jotak dira, gure dantza tradizio ederrenetakoa.
Kezka – Koko-dantzak
Karnabaletan koko-janztea eta
baserriz-baserri eskean ibiltzeko ohitura berabiaratu dugu 2008an.
Umetako oroitzapenen artean gordeta izango dute askok eske-kopla: “Koko-moko, saria bete moko…”
Don Eusebio eszenatokian jaun eta jabe izan genuen tarte batez eta bat
baino gehiago ikaratu zen txapligoa ero baten eskutan ikusita.
Eztandarekin eta Jainaga eta Narbaizaren trikiti-soinura koko-dantzari
eta koko-marruz bete zen Coliseoa: burburixuak, mamarruak, masustak,
aixerixak, Hartza eta Maria, Batista kojua eta Arraguetako Ama Birjina,
Petra, Kattalin eta Manuela, Martin Perratzailia, Sasikartia… Hala
hala, hau da karnabala!
Duguna dantza taldea – Iruñea
Iruñeko talde langileak
Nafarroako errepertorioko bi harribitxi ekarri zizkigun. Datorren
urtean 40 urte beteko dira Juan Antonio Urbeltz-ek Argia taldearekin
Jaurrietako emakumeen dantza birsortu zuenetik. Epe horretan Jaurrieta
edo Axuri Beltza izenekin zabalkunde izugarria izan du dantzak eta
Nafarroako dantzen errepertorioan oinarrizkoa da gaur egun. Dotore
aritu ziren neskak eta gogotsu mutilak Otsagabiako dantza ikusgarriak
eginez.
Argia dantzari taldea – Donostia
Dantzaren oihanean argitasuna ematen du Argiak. Errepertorioan eta jarreran, forman eta zentzuan, eredu eta lanerako baratze dugu Juan Antonio Urbeltzek gidatzen duen taldea. Zuberoako maskaradetako dantza sorta bat eskatu genion urteurreneko oparitzat eta Jean Mixel Bedaxagar lagun hartuta etorri zitzaizkigun Eibarrera buhamesa eta aitzindariak barrikada eta godaleta dantzatzera.
Kezka – Saliñetatik etorritakoak
Gregorio Santa Cruz-ek Ondarroatik ekarritako dantza kuttuna zuen Saliña-Saliña jorrai-dantza. “Saliñetatik etorriko da, gure eskola maisua…”
kantatzen dute Ondarroan. Ondarroatik Lekeitiora eta buelta, kostaldeko
dantza sorta batekin jaialdiari despedida alaia ematen ahalegindu ginen
Talde guztietako ordezkariak partaide zituen sokarekin, kalejiran, bukatu zen emanaldia. Opariak, afaria eta ospakizunak ere izan ziren, baina zalantzarik gabe, Argia, Andra Mari, Duguna, Haritz eta Arkaitz-ek eskainitako dantzak izan ziren gure urteurreneko opari onena. Eskerrik asko bihotz bihotzez!