Hileko artxiboak: abendua 2008

Coliseo antzokian aurkeztu zen Axeri-Boda

Abenduaren 13ean iritsi zen Juan Antonio Urbeltzen Axeri-boda ikuskizuna Eibarrera. Argia dantzari taldeak zuzenduta eta Iruñeko Duguna, Elgoibarko Haritz eta Eibarko Kezka dantza taldeetako dantzariekin osatutako ikuskizunak ortzadarraren azpian ezteiak ospatzen dituzten azerien inguruko atsotitzak ditu abiapuntu.

2008-12-13_Eibar-Axeri-boda-IZ_337

Hain zuzen ere horren inguruan hitzaldia eskaini zuen abenduaren 11an Argiako Iñaki Arregi dantza-maisuak, Argia taldearen ibilbidea eta bere azken ikuskizunaren inguruko xehetasunak azalduz.

Coliseo antzokia bete egin zen Axeri-boda ikusteko eta bero txalotu zuen dantzarien eta musikarien lana. Urriaren 11an Mungian, azaroaren 16an Andoainen eta azaroaren 30ean Iruñean, Gayarre antzokian aurkeztu ondoren iritsi da Axeri-boda Eibarrera.

Iñaki Zugastik egindako argazki batzuk hemen:

2008-12-13_Eibar-Axeri-boda-IZ_445

2008-12-13_Eibar-Axeri-boda-IZ_397

2008-12-13_Eibar-Axeri-boda-IZ_368

2008-12-13_Eibar-Axeri-boda-IZ_335

2008-12-13_Eibar-Axeri-boda-IZ_362

Saria bete dantza: 50. urteurrena lagunekin dantzan

Pasa den azaroaren 15ean ospatu genuen Coliseo antzokian “Saria bete dantza” jaialdia, Kezka dantza taldearen 50. urteurrena ospatzeko antolatu genuen ekitaldia. Azken urteotan Kezkaren ibilbidean laguntzaile eta bidaide izan ditugun zenbait dantza talde gonbidatu genituen ospakizunera eta bakoitzari lan zehatz bat jarri genion. Zorioneko gara talde guztiek bikain erantzun zutelako, baiezkoa aurretik eta txintxo-txintxo jarritako lan eta neurriarekin zorrotz eta distiratsu ondoren. Eskerrik asko bene-benetan Donostiako Argia, Galdakaoko Andra Mari, Iruñeko Duguna, Añorgako Arkaitz eta Elgoibarko Haritz dantzari taldeei.

Hauxe izan zen egitaraua:

  • Arrateko Amaren ezpata-dantza – Kezka (Eibar)
  • Gipuzkoako brokel-dantza – Haritz (Elgoibar)
  • Soinu zaharrak – Arkaitz (Añorga)
  • Durangaldeko dantzari-dantza – Andra Mari (Galdakao)
  • Bizkaiko jotak – Andra Mari (Galdakao)
  • Koko-dantzak – Kezka (Eibar)
  • Jaurrieta – Duguna (Iruñea)
  • Otsagabiako dantzak – Duguna (Iruñea)
  • Zuberoako dantzak – Argia (Donostia) eta Jean Mixel Bedaxagar (Urdiñarbe)
  • Kostaldeko dantzak – Kezka (Eibar)

Sarrera salmenta erritmo onean joan zen eta sarrera denak agortuta Coliseo antzokiko eserleku guztiak bete ziren.

2008-11-15_Saria-bete-dantza_IZ_4642_r

Atzeak erakusten du nola dantzatu aurrea…
Argiak itzali eta Caroline Philips-en ahots ederrean “Goizian goizik
kanta zaharraren doinura Eibarren dantzak 100
urtetan egindako ibilbidearen irudiak agertzen joan ziren pantaila erraldoian.

1958an
abiatu zen dantza taldea Eibarko Klub Deportiboan, baina ez zen
hutsetik abiatu. Aurretik ibilitako dantzari, maisu, txistulari eta
taldeen soka-dantzan beste katebegi bat da Kezka dantza taldea. XX.
mendean Eibarren dantzan aritutakoetako batzuk ekarri nahi izan
genituen Coliseora irudi-bilduma honen bidez. Mendea bete dantza
Eibarren.

Txopitea eta pakea
Segidan Kezkako dantzariak agertu ziren eszenatokiaren
albo batean eta agurraren doinua entzun ahala ezkerretik sartu zen
Miguel de los Toyos, Eibarko alkatea. Dantzarien aurrean geratu eta
erreberentzia dantzatu zien, tenple handiz gainera. Dantzaria izana da
alkatea eta 25 urtez aritu gabe bazegoen ere txukun aritu zen
dantzarien aurrean. Segidan dantzari guztiak agurtu eta Mari Jose
Telleria kultura zinegotziaren laguntzarekin Oteizaren “Txopitea eta
Pakea” oroigarria eman
zion alkateak Kezka dantza taldeari.

2008-11-15_Saria-bete-dantza_IZ_4350_r2

Kezka – Arrateko ezpata-dantza
Protokoloak bukatuta dantzak aurrera egin zuen, eta Kezkako dantzariak izan ziren lehenak. Argia dantzari taldeak Zortziko ikuskizunean antzokietarako prestatu zuen ezpata-dantza dago Arrateko ezpata-dantzaren abiapuntuan. Antzokietan zirraragarria gertatzen
zena Arrateko zelaira egokitu zuen Kezkak 2005ean. Lau urtetan han eta
hemen dantzatu dugu Arrateko ezpata-dantza eta Kezka dantza taldea
herritik kanpo ezagutzera ematen duen dantza da gaur egun.

2008-11-15_Saria-bete-dantza_IZ_4378_r

Haritz euskal dantzari taldea – Elgoibar
Gipuzkoako dantzen
teknika, zorroztasuna eta distira erakutsi zizkiguten orain 18 urte
Elgoibarko dantzariek. Elkarlanean hazi eta hezi gara eta proiektua
konpartitu dugu harrezkero. Brokel-dantzaren sortako zenbait dantza
eskaini zizkiguten: erreberentzia, brokel-makilen eta makila handien
jokoak, zinta-dantza eta uztai txikiena. Zorrotz eta indartsu,
belaunaldi berriek ere Elgoibarko taldearen distirari eusteko gogotsu
daudela erakutsiz.

2008-11-15_Saria-bete-dantza_FL_7824

2008-11-15_Saria-bete-dantza_FL_7764

2008-11-15_Saria-bete-dantza_IZ_4449_r

Arkaitz Añorgako dantzariak – Donostia
Neurri irregularreko
doinuak dira Iztuetak 1824an argitaratu zituen “doinu zaharrak”. Dantzariak urratsak inprobisatu eta bere dohainak erakusteko duen
trebetasuna aproban jartzen dute doinu zaharrek. Dantzari apartak dira
añorgarrak, eta ez-ohiko zukua ateratzen diote bakarlanari. Punta motz
eta Betronio handia dantzatu zituzten.

2008-11-15_Saria-bete-dantza_FL_7828

Andra Mari Eusko Folklore Taldea – Galdakao
Durangaldeko
dantzari-dantza ikustea beti da plazerra, baina batez ere tradizioa
mimoz eta arduraz jaso eta distiraz aurkezten duen talde baten eskutik.
Banangoa nahikoa izan zuten antzokia bero-bero jartzeko. Kemenez eta
amorruz dantzatzen dute andra marikoek, eta ikusleak gogotik eskertzen
du pasio hori.

2008-11-15_Saria-bete-dantza_FL_7880

Fandango zaharren eta erromerietako dantzakeraren oroitzapenak berpiztu
zizkiguten Andra Marikoek orain urte batzuk Arratian jaso zituzten
jotekin. Arratian jaso zituzten, baina ez dira Arratiakoak bakarrik,
gure aiton-amonen jotak dira, gure dantza tradizio ederrenetakoa.

2008-11-15_Saria-bete-dantza_FL_7903

2008-11-15_Saria-bete-dantza_IZ_4635_r

Kezka – Koko-dantzak
Karnabaletan koko-janztea eta
baserriz-baserri eskean ibiltzeko ohitura berabiaratu dugu 2008an.
Umetako oroitzapenen artean gordeta izango dute askok eske-kopla: “Koko-moko, saria bete moko…
Don Eusebio eszenatokian jaun eta jabe izan genuen tarte batez eta bat
baino gehiago ikaratu zen txapligoa ero baten eskutan ikusita.
Eztandarekin eta Jainaga eta Narbaizaren trikiti-soinura koko-dantzari
eta koko-marruz bete zen Coliseoa: burburixuak, mamarruak, masustak,
aixerixak, Hartza eta Maria, Batista kojua eta Arraguetako Ama Birjina,
Petra, Kattalin eta Manuela, Martin Perratzailia, Sasikartia… Hala
hala, hau da karnabala!

2008-11-15_Saria-bete-dantza_IZ_4771_r

2008-11-15_Saria-bete-dantza_FL_7962

2008-11-15_Saria-bete-dantza_IZ_4735_r

Duguna dantza taldea – Iruñea
Iruñeko talde langileak
Nafarroako errepertorioko bi harribitxi ekarri zizkigun. Datorren
urtean 40 urte beteko dira Juan Antonio Urbeltz-ek Argia taldearekin
Jaurrietako emakumeen dantza birsortu zuenetik. Epe horretan Jaurrieta
edo Axuri Beltza izenekin zabalkunde izugarria izan du dantzak eta
Nafarroako dantzen errepertorioan oinarrizkoa da gaur egun. Dotore
aritu ziren neskak eta gogotsu mutilak Otsagabiako dantza ikusgarriak
eginez.

2008-11-15_Saria-bete-dantza_FL_7993

2008-11-15_Saria-bete-dantza_IZ_4852_r

Argia dantzari taldea – Donostia

Dantzaren oihanean argitasuna ematen du Argiak. Errepertorioan eta jarreran, forman eta zentzuan, eredu eta lanerako baratze dugu Juan Antonio Urbeltzek gidatzen duen taldea. Zuberoako maskaradetako dantza sorta bat eskatu genion urteurreneko oparitzat eta Jean Mixel Bedaxagar lagun hartuta etorri zitzaizkigun Eibarrera buhamesa eta aitzindariak barrikada eta godaleta dantzatzera.

2008-11-15_Saria-bete-dantza_IZ_5005_r2

2008-11-15_Saria-bete-dantza_IZ_4916_r

2008-11-15_Saria-bete-dantza_IZ_4971_r

Kezka – Saliñetatik etorritakoak
Gregorio Santa Cruz-ek Ondarroatik ekarritako dantza kuttuna zuen Saliña-Saliña jorrai-dantza. “Saliñetatik etorriko da, gure eskola maisua…
kantatzen dute Ondarroan. Ondarroatik Lekeitiora eta buelta, kostaldeko
dantza sorta batekin jaialdiari despedida alaia ematen ahalegindu ginen

2008-11-15_Saria-bete-dantza_IZ_5020_r

2008-11-15_Saria-bete-dantza_IZ_5027_r

2008-11-15_Saria-bete-dantza_FL_8129

2008-11-15_Saria-bete-dantza_IZ_5059_r

Talde guztietako ordezkariak partaide zituen sokarekin, kalejiran, bukatu zen emanaldia. Opariak, afaria eta ospakizunak ere izan ziren, baina zalantzarik gabe, Argia, Andra Mari, Duguna, Haritz eta Arkaitz-ek eskainitako dantzak izan ziren gure urteurreneko opari onena. Eskerrik asko bihotz bihotzez!

2008-11-15_Saria-bete-dantza_IZ_5094_r

Bakailaoren kofradiako ohorezko kide

Eibarko Bakailaoaren kofradiak bere 15. biltzarra ospatu zuen azaroaren 24an. Hamabost ekitaldi horietan guztietan izan gara Kezkako dantzariak handik eta hemendik etorritako bestelako kofradia

2008-11-23_Kofradia-Bakalao_OA 060

gastronomikoei ongi-etorrian dantzatzen. Aurten, Kezka dantza taldearen 50. urteurrena dela eta, kofradiaren ohorezko kide izendatu gaituzte.

Antxon Narbaiza idazlea, Ana Ramos ETBko aurkezlea eta Kezka dantza taldea izan dira aurten Eibarko Bakailaoaren Kofradiako ohorezko kide izendatutakoak. Aiert Ibarbia eta Malen Ulaziak izan ziren gure ordezkariak, eta beraiek parte hartu zuten Portalea kultur etxean burutu zen protokoloan. Urte askotako ohiturari jarraituz Enrike Izagirrek dantzatu zien agurra ohorezko kide berriei. Bazkari ederrarekin borobildu zuten ekitaldia.

Azeriaren hortzak zorrozten

2008-12-11_Inaki-Arregi-Axeri-boda-hitzaldia-FL 007

Axeri-bodaren emanaldirako hortzak zorrozten joateko Iñaki Arregiren hitzaldia izan genuan atzo Portalea Kultur Etxean. Argia dantzari taldeko dantza-maisuak Juan Antonio Urbeltzek zuzentzen duen taldearen ibilbidea, lan-moldea eta sorkuntzak ulertzeko zenbait gako eskaini zizkigun.

Hizketa aberats eta atseginaren bidez Axeri-boda ikuskizunaren atzean dauden oinarriak aletu zituen Iñaki Arregik. Argia dantzari taldearen ibilbidea bi aro nagusitan bereiztu zuen, tokian-tokiko bilketa eta emanaldi etnografikoen garaia, eta sorkuntza osagai garrantzitsua duten ikuskizunen ekoizpenen aroa.
2008-12-11_Inaki-Arregi-Axeri-boda-hitzaldia-FL 002-rek

Tradizioa eta sorkuntza kontzeptuen inguruan jardun zuen eta Argia dantzari taldetik kontzeptu horiek nola jorratzen diren azaldu zuen. Axeri-bodaren abiapuntuan dauden atsotitzak, Japoniako lotura eta ikuskizunaren osagaiak zehaztuz borobildu zuen hitzaldia.

Bihar Axeri-boda Coliseo antzokian. Sarrera gehienak saldu dira, baina oraindik bakar batzuk geratzen dira.

Axeri-boda Eibarren aurkeztuko da larunbatean

Argia dantzari taldearen Axeri-boda ikuskizuna Eibarren ikusteko aukera izango da larunbatean, abenduaren 13an. Juan Antonio Urbeltz-ek zuzendutako ikuskizuna otsailean estreinatu zen Bilboko Arriaga antzokian eta harrezkero hainbat emanaldi eskaini dira Donostian, Donibane Garazi, Andoainen, Mungian edo Iruñean.

Bailarako dantzariak

2008-08-16_Donibane-Garazi-Axeri-boda_IZ_1400_a


Donostiako Argia taldeko dantzariekin batera Iruñeko Duguna, Elgoibarko Haritz eta Eibarko Kezka dantza taldeeko dantzariek parte hartzen dut ikuskizunean. Elgoibarko Haritz dantzari taldeak 20 urtetik gora daramatza Argiarekin elkarlanean eta bere ikuskizunetan parte hartzen, eta Kezka dantza taldeak 10 urte inguru. Bailarako dozena bat dantzarik parte hartzen dute Axeri-boda ikuskizunean: Aiert Ibarbia, Irati Kortabitarte, Josu Garate, Ainhoa Lendinez, Irune Orueta, Ander Fernandez, Oihane Llorente, Jokin Salegi, Unai Lizarralde, Olaia Gabirondo, Luken Aranburu eta Enrike Izagirrek.

Euri eta eguzki

Euria eta eguzkiak bat egiten dutenean azeriek ezteiak ospatzen omen dituzte. Mito zahar hori dago Juan Antonio Urbeltzek sortutako ikuskizunaren abiapuntuan. Sineskera horren aztarnak Euskal Herrian eta baita Japonian ere aurkitu ditu Donostiako ikertzaile eta sortzaileak, eta hari horri tiraka prestatu du Axeri-boda ikuskizuna. Euskal Herrian dantzatzen diren eta dantzatu izan diren azeri-dantzetan inspiratu da Argia taldeko zuzendaria ikuskizuna osatzen duten dantzak hautatu eta moldatzeko.

Ikuskizunaren gakoak

Axeri-boda ikuskizunaren gakoak ulertzeko eta Argia taldearen ibilbidea ezagutzeko aukera izango da bihar osteguna, abenduak 11. Argia dantzari taldeko dantza-maisuetako bat, Iñaki Arregik, Axeri-bodaren inguruko hitzaldia eskainiko du. Bertan, Argia dantzari taldearen ibilbidearen laburpen bat egiteaz gain, Axeri-boda ikuskizuna ulertzeko gako batzuk eskainiko ditu. Besteak beste, Akira Kurosawaren “Dreams” filma izango du aipagai Arregik, filme horretan Azerien ezteiaren mitoa ageri baita, eta pelikula zati bat ere ikusteko aukera izango da.

  • Hitzaldia: Iñaki Arregi: “Axeri-boda ikuskizunaren inguruan“. Portalea Kultur Etxean, 3. solairuko ikastaro gela. Abenduak 11, osteguna, 19:30ean.

Axeri-boda ikusteko sarrerak salgai

Larunbatean, abenduaren 13an, arratsaldeko 19:00etan eskainiko da Axeri-boda Eibarko Coliseo antzokian. Sarrera salmenta erritmo onean doa baina oraindik badira sarrerak eta ohiko puntuetan eros daitezke: Coliseoko txarteldegian bertan, Kutxaren makinetan edo Internet bidez: www.generaltickets.com

Axeri-boda
Juan Antonio Urbeltz
Argia, Duguna, Haritz eta Kezka dantza taldeak
Eibar, Coliseo Antzokia
2008ko abenduaren 13an, larunbata, 19:00etan.