Hileko artxiboak: azaroa 2008

Buruko zapia janzten

Igandean San Andres eguna, eta ohi bezala Plazara Dantzara erromeria ospatuko dugu Eibarren. Aurten eguerdiko 12.00etan izango da Untzaga plazan. San Andres egunean baserritar janzteko ohitura dugu Eibarren eta egunotan eskoletan ere San Andres egunaren inguruko jaiak ospatzen dituzten, eta horietan ere baserritar janzten dira ume eta gazteak.

2007-11-30_Plazara-Dantzara_AU 2878

Aurreko urteetan bezala, aurten ere Eibarko Udalaren euskara batzordetik baserritar janzteko laguntza-taller batzuk eskaintzeko eskaera egin digute. Taller horietan gerrikoa nola jantzi, abarketa-abarka-zapaten inguruko kontuak, amantalaren luzerari buruzko argibideak eta bestelako gomendio batzuk (araurik ez!) eskaintzen ditugu. Guztien artean buruko zapia janzteari buruzkoa izaten da izarra.

Buruko zapia janzteko hainbat modu daude eta guk Eibarko inguruetan gehien erabili izan dena da erakusten duguna. Iaz bideotxo bat prestatu genuen, eta aurten ere batek baino gehiagok eskertuko du umeak edo norbera janzterakoan bideo hori aurrean izatea. Beraz, horra, jantzi buruzko zapia minutu batean:

Eibarko Udalak Txopitea eta Pakea saria emango dio Kezkari

Eibarko Udalak erabaki du Jorge Oteizak sortutako Txopitea eta Pakea saria ematea Kezka dantza taldeari 50 urteko ibilbidean egindako lanagatik. Oroigarria larunbatean, Saria bete dantza jaialdian bertan emango diote Miguel de los Toyos Alkateak eta Maria Jose Telleria Kultura zinegotziak Kezka dantza taldeko kideei.

Coliseoa bete dantza

2007-03-23_Coliseo_inaug_FL_846

Zuberoako dantzak ekarriko dituzte Argia dantzari taldeak eta Jean Mixel Bedaxagarrek, Galdakaoko Andra Marik Durangaldeko dantzari-dantza eta Bizkaiko jota zaharrak eskainiko ditu, Iruñeko Duguna dantza taldeak Jaurrietako emakumeen dantza eta Otsagabiako dantzak, Añorgako Arkaitz dantzariek soinu-zaharrak eta Elgoibarko Haritz-ek Gipuzkoako brokel-dantzako zenbait ale. Horiekin batera Eibarko Kezka dantza taldeak Arrateko ezpata-dantza, koko-dantzak eta kostaldeko dantza sorta bat eskainiko ditu.

Sarrera gutxi geratzen dira

Sarrera salmenta erritmo onean doa, eta sarrera gutxi geratzen dira jaialdirako, baina oraindik badira batzuk eta larunbatean, emanaldiaren aurretik jarriko dira salgai beste batzuk. Sarrerak 5 euroko prezioa dute eta Coliseo antzokiko txarteldegian, Kutxako makinetan eta Generaltickets bidez erosi daitezke.