Ikasturte bukaerako emanaldia normaltasunez

Ekainaren 14an ospatu genuen Eibarko Dantzari Eguna. Dantza Eskolako ikasleentzat ikasturte bukaerako emanaldia izaten da ekitaldi hau eta Kezkako dantzariek urtero errepertorio zehatz bat mimoz prestatu eta aurkezteko baliatzen dugu. Gora-behera handirik gabe, ezusterik gabe, normaltasunez joan zen ekitaldia, eta hori ere bada poztekoa!

2008-06-14_Kezka-dantzari-eguna_FL_207

Eguraldiak lagundu zuen eta horrelakoetan Untzaga plazak itxura ederra izaten du –armailak ikuslez betetzen badira behintzat- eta oraingoan halakoa zuen.

Gipuzkoako dantzak izan Kezka dantza taldeak eskaini zuen emanaldiaren osagai nagusia. Arratsaldeko 19.30etan hasiko zen dantza emanaldia. Kezkako txistulariak, Andoni Altzibar, Felix Elortza eta Iñaki Barua eta Jainaga eta Narbaiza trikitilariak arduratu ziren Dantzari Egunean musika zuzenean jotzeaz dantzariei.

2008-06-14_Kezka-dantzari-eguna_FL_280

Nafarroa, Araba, Lapurdi, Bizkaia eta Gipuzkoako dantza tradizionalak eskaini zituzten Kezka dantza eskolako ikasleek, eta Kezka dantza taldeko dantzariek Gipuzkoako dantzen sorta bat dantzatu zuten. Orain 15 urteko Elgoibarko Haritz dantzari taldearekin ikasitako Gipuzkoako dantzen sorta eskaini genuen: erreberentzia, ezpata-dantza, uztai-handiena, brokel-makil eta makil-handien jokoak, zinta-dantza eta uztai txikiena.

2008-06-14_Kezka-dantzari-eguna_FL_222

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude