Utah-tik Eibarrera euskal dantzak ikastera

Utah-ko Unibertsitateko 18 dantzari Eibarren izango ditugu datozen egunotan euskal dantzak ikasten. Salt Lake Cityn, unibertsitateko irakaslea den Richard Wacko eta bere 17 balet ikaslek euskal dantzen ikastaro trinko bat egingo dute Eibarren datozen 10 egunotan.

Gipuzkoa eta Zuberoako dantzak

10 egunez Zuberoa eta Gipuzkoako dantzen ikastaro trinkoa jasoko dute Utah-ko dantzariek. Ikerfolk elkarteko dantza-maisuak izango dira ikastaroaren arduradunak. Iñaki Arregi, Jexux Larrea, Fernando Aristizabal, Jokin Otamendi eta Garikoitz Otamendi izango dituzte irakasle. Horrez gain Juan Antonio Urbeltz-ek ikastaro teoriko bat eskainiko die.

Dantza ikastaroa osatzeko, zenbait dantza tradizional zuzenean ikusteko aukera izango dute. Zuberoako maskaradak bertatik bertara ikusteko aukera izango dute, martxoaren 16an Arrokiagara hurbilduko baitira Aloze eta Atharratzeko gazteek emango duten maskarada ikustera. Martxoaren 18an berriz Elgoibarko Haritz eta Eibarko Kezka dantza taldeek Gipuzkoa eta Bizkaiko dantza sorta bat dantzatuko dute Utah-ko dantzarientzat.

Richard Wacko

Ukrainiako Dantza Eskola Nazionalean, Alberta Ballet School-en,
Kiev-eko Virsky Estatu Eskolan eta Montreal-eko Errusiar Baletetan
osatu ditu dantza ikasketak Richard Wacko-k. Ukrainako Cheremosh Dantza
Konpainiaren zuzendari artistikoa izan da, eta Kanada eta Estatu
Batuetako hainbat dantza konpainiatan koreografo gonbidatua izan da.
Gaur egun Utah-ko Unibertsitatean dantza irakaslea eta bertako
Character Dance Ensemble-aren zuzendaria da.


Character Dance Ensemble

Utah-ko Unibertsitateko Balet Sailaren talde bat da Character Dance
Ensemble
(CDE). Karaktere dantzetan espezializatuta dago, alegia,
eszenarako egokitu eta estilizatutako folklore dantzetan. Azken
urteotan Beijing Dance Academy, Royal Ballet School-en Londresen,
Vancouver-ren eta San Petersburgon izan dira dantza eskolak jasotzen.
2008an Euskal Herria eta euskal dantzak aukeratu dituzte beraien
formazioa osatzen jarraitzeko.

Martxoaren 14tik 23ra izango dira Euskal Herrian Utah-ko Unibertsitateko ikasleak. Eibarko Hezkuntza Esparruan hartuko dute egoitza eta Portalea Kultur Etxeko dantza gelan hartuko dituzte dantza eskolak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude