Hileko artxiboak: martxoa 2008

Fast-dance, azkar ikasten dute Utahko dantzari hauek!

Aurreikusitako dantza guztiak eta gehiago ikasi dituzte Utah-tik etorritako dantzariek Eibarren. Hamar egunez izan ditugu gurekin. Traturako atseginak eta esker onekoak eta lanerako, alegia, dantzarako azkarrak. Gipuzkoako agurra, azeri-dantza, makil txikiekikoa eta uztai txikiena, eta Zuberoako barrikada, satan-dantza, aitzina pika eta godaleta ikasita itzuli dira Utah-ra. Baita fandango eta arin-arina ere, estilo bizi eta amerikarrean!

Urratsak eta koreografia lehen begiratuan harrapatu dituzte. Karakterra, estiloa, zailagoa izan da, dantza klasikoaren estiloa oso barneratua baitzuten, baina ahalegin handia egin dute horretan ere eta azken egunetarako alde handia antzematen zitzaien. Ez diote lanari ez nekeari beldurrik, eta minutu bat lehenago ikasitako dantza berria bakarka egiteko inolako arazorik ez dute.

2008-03-21_Utahko-ak-Eibarren-ensaioa 082

Utah-ko Unibertsitatean ballet ikasketak egiten ari dira. Lau urteko diplomatura bat lehenengo eta beste bi urteko lizentziatura gero. Ikasketak bukatutakoan dantzari profesionalak izango direla argi dute Eibarrera etorritako dantzariek. Estatu Batuetan hainbat dantza konpainia daude, eta horietako batean sartzeko probetara aurkeztea da beraien asmoa.

Irakaslearen jakinmina

Utah-ko Unibertsitateko ballet ikasketa horietan karaktere dantzen irakasle den Richard Wacko-ren eskutik etorri dira Euskal Herrira. Ama norbegiarra eta aita errusiarra ditu, Kanadan jaio zen eta Errusian egin zituen dantza ikasketak. Errusiako dantza konpainia profesional bateko dantzari zela Europan barrena biran zegoela Euskal Herrian ere emanaldiak eskaini zituen Wackok orain 20 urte inguru. Bilbo eta Donostia ezagutu zituen, eta euskal dantza batzuk aurrez-aurre ikusteko aukera izan zuen. Harridura eragin zion ikusitakoak, aurretik ezagutzen zituen dantzekin zerikusi gutxi zutela iruditu baizitzaion.

2008-03-15_Utah-koak-Eibarren 031

Urtero munduko bazterren batera jotzen dute Utahko Unibertsitateko ikasleek beren formazioa osatzeko. Aurten Euskal Herrira etorri eta euskal dantzak ikasi behar zituztela pentsatu zuen Richard Wackok. Ohitura duten bezala eta Unibertsitateko talde bat izanik euskal unibertsitateetan hasi zen pareko irakasle, sail edo ikasketen bila. Baina putza. Euskal Herrian unibertsitatean ez dago dantzaren arrastorik. Ordezko bila jo zuten gugana eta horrela jarri ginen harremanetan.

Ikastaroa Ikerfolk-ek eman du

Ikerfolk elkartea arduratu da ikastaroaren edukietaz. Dantza preklasikoak, alegia, dantza klasikoaren sorreraren aurretikoak izanagatik dantzakera eta teknika akademikoaren zantzuak dituzten errepertorioak izan dira ikastaroaren zutabe nagusiak. Gipuzkoako dantzak eta Zuberoako dantzak hain zuzen ere. Fernando Aristizabal, Iñaki Arregi, Jexux Larrea, Jokin Otamendi eta Garikoitz Otamendi dantza maisuak arduratu dira ikastaro  praktikoetaz, eta Juan Antonio Urbeltz-ek saio teoriko bat eskaini die.

2008-03-17_Utahko-ak-Eibarren 003


Ikasi eta ikusi

Ikastaroan ikasten ari ziren dantza batzuk zuzenean dantzatuak ikusteko aukera izan dute. Martxoaren 16an, igandean, Arrokiagan izan ginen Atharratze eta Alozeko gazteek emandako maskarada ikusten. Bezperan hasi zen ikastaroa eta Zuberoako dantzak ikasten eman zuten larunbat goiza, beraz, Zuberoara iritsi orduko ezagunak zitzaizkien antrixatak, frejat, pas fracaise edo muxeta moduko urratsak. Maskaradetan ikusleek ere jauziak dantzatzeko aukera izaten dutenez, horretarako prestatuta joan ziren Arrokiagara Utah-ko dantzariak. Larunbatean bost minututan ikasi zuten Aitzina Pika jauzia, eta goizeko barrikaden ondoren eta arratsaldeko emanaldiaren ondoren ere dantzatzeko aukera izan zuten.

2008-03-17_Arrokiaga-Maskaradak-OA 368

Bralea dantzatzeko ikusleak bildu zituzten plazara maskaradariek, eta haien artean bai Eibar eta bai Utah-ko dantzari batzuk ere aritu ziren zuberotarrekin eskuak emanda jauziaren soka-dantzan, bralean eta karakoiltzian.

Haritz eta Kezka

Portalean egin diren dantza klaseetan kezkako dantzari batzuk izan dituzte lagun astean zehar, eta horrez gain astearte iluntzean, Elgoibarko Haritz eta Eibarko Kezka dantza taldeek emanaldia eskaini zuten Hezkuntza Esparruko antzokian Utahko dantzarientzat. Gipuzkoako brokel-dantzaren sortako zenbait dantza, soka-dantza, Durangaldeko dantzari-dantzaren zenbait dantza eta fandango eta arin-arinak ikusi ahal izan zituzten. Olatz Arriola, Itziar Korta eta Iñaki Barua aritu ziren txistu eta danborrakin eta Adolfo Jainaga eta Eneritz Aranburu trikitixa eta panderoarekin. Horiekin batera, Añorgatik etorritako Otamendi anai-arrebek (Jokin, Lierni eta Garikoitz) doinu zahar batzuk jo eta dantzatu zituzten.
2008-03-19_Utah-haritz-kezka_OA_656

Argazkia tamaina handian ikusi

Dantza-klase, hitzaldi eta emanaldiez gain, Euskal Herriko txoko batzuk (Bilbo, Donostia, Deba, Getaria, Eibar -baita Arrate ere-, Arrokiaga…) ezagutzeko aukera izan dute. Jatekoarekin dantzan beste gozatu dute.

Bisitak komunikabideen arreta piztu du eta saiatu gara hori aprobetxatzen aldarrikapen txiki batzuk egiteko. Alegia, Utah Unibertsitatetik euskal dantzak ikastera hona datozen bitartean, Euskal Herrian unibertsitatean ez dagoela euskal dantza ikasketarik egiteko modurik, eta gainera, hemengo unibertsitatetik ez direla inoiz ondare eta euskal ezagutzaren alor honekin interesatu. Berria, DV, Correo, Noticias de Gipuzkoa eta Deian jaso dute bisitaren berri, Herri Irratia, SER eta Radio Euskadin egin dizkigute elkarrizketak eta ETBko albistegietan ere egin dute erreportaje bat. ETBko postdata programarako ere grabatu zituzten irudiak eta elkarrizketak eta baliteke aste honetan ematea.

Utah-n bai ondo!

Horrela ibila gara hamar egunez. Beraiei esan diegun bezala zorte handia dute, dantza ikasketak unibertsitatean egiteko aukera dutelako eta Richard Wacko moduko irakasle argi eta irekien eskutik ez dantza klasikoa bakarrik, baizik eta munduko bazter desberdinetako dantzakerak ezagutzeko aukera dutelako. Utah-tik etorri dira Euskal Herrira ikastera, baina guretzat ere lezio ederra izan da. Eskerrikasko!
2008-03-21_Utahko-ak-Eibarren-ensaioa 084

Utah-tik Eibarrera euskal dantzak ikastera

Utah-ko Unibertsitateko 18 dantzari Eibarren izango ditugu datozen egunotan euskal dantzak ikasten. Salt Lake Cityn, unibertsitateko irakaslea den Richard Wacko eta bere 17 balet ikaslek euskal dantzen ikastaro trinko bat egingo dute Eibarren datozen 10 egunotan.

Gipuzkoa eta Zuberoako dantzak

10 egunez Zuberoa eta Gipuzkoako dantzen ikastaro trinkoa jasoko dute Utah-ko dantzariek. Ikerfolk elkarteko dantza-maisuak izango dira ikastaroaren arduradunak. Iñaki Arregi, Jexux Larrea, Fernando Aristizabal, Jokin Otamendi eta Garikoitz Otamendi izango dituzte irakasle. Horrez gain Juan Antonio Urbeltz-ek ikastaro teoriko bat eskainiko die.

Dantza ikastaroa osatzeko, zenbait dantza tradizional zuzenean ikusteko aukera izango dute. Zuberoako maskaradak bertatik bertara ikusteko aukera izango dute, martxoaren 16an Arrokiagara hurbilduko baitira Aloze eta Atharratzeko gazteek emango duten maskarada ikustera. Martxoaren 18an berriz Elgoibarko Haritz eta Eibarko Kezka dantza taldeek Gipuzkoa eta Bizkaiko dantza sorta bat dantzatuko dute Utah-ko dantzarientzat.

Richard Wacko

Ukrainiako Dantza Eskola Nazionalean, Alberta Ballet School-en,
Kiev-eko Virsky Estatu Eskolan eta Montreal-eko Errusiar Baletetan
osatu ditu dantza ikasketak Richard Wacko-k. Ukrainako Cheremosh Dantza
Konpainiaren zuzendari artistikoa izan da, eta Kanada eta Estatu
Batuetako hainbat dantza konpainiatan koreografo gonbidatua izan da.
Gaur egun Utah-ko Unibertsitatean dantza irakaslea eta bertako
Character Dance Ensemble-aren zuzendaria da.


Character Dance Ensemble

Utah-ko Unibertsitateko Balet Sailaren talde bat da Character Dance
Ensemble
(CDE). Karaktere dantzetan espezializatuta dago, alegia,
eszenarako egokitu eta estilizatutako folklore dantzetan. Azken
urteotan Beijing Dance Academy, Royal Ballet School-en Londresen,
Vancouver-ren eta San Petersburgon izan dira dantza eskolak jasotzen.
2008an Euskal Herria eta euskal dantzak aukeratu dituzte beraien
formazioa osatzen jarraitzeko.

Martxoaren 14tik 23ra izango dira Euskal Herrian Utah-ko Unibertsitateko ikasleak. Eibarko Hezkuntza Esparruan hartuko dute egoitza eta Portalea Kultur Etxeko dantza gelan hartuko dituzte dantza eskolak.

Eguzkia eta euria egiten duenean…

aixerixak bustitzeko euria. Eta bai busti ere Arriagan. Azeriak batetik eta bestetik atera eta dantzatu ziren Axeri-boda-ren estreinaldian. Kezkako dantzari koadrilla batek parte hartu zuen Urbeltzen ikuskizun berrian Haritz, Duguna eta Argiako dantzari-lagunekin batera.
2008-02-24_Axeri-boda-Arriaga
Eskerrak Dugunakoei (eta batez ere Arkaitz Karrikari) argazkiagatik!

Emanaldiaren kritika batzuk argitaratu dira:

Kaldereroak Eibarren

Baserriz-baserri koko-dantzekin eta koko-eskean ibili ondoren hurrengo astean kaldereroak iritsi ziren Eibarrera beste behin ere. Barixaku erregularrean edo aratosteetako ostiralean izan ohi dira Eibarren kaldereroen dantzak eta abestiak entzuteko eta ikusteko aukera, eta hala izan zen aurten ere. Kezka dantza taldeak antolatuta …eta kitto! euskara elkartearen laguntzaz antolatuta Eibarko hainbat talde eta lagun izan ginen kaldereroen etorrera ospatzen.2008-02-01_Kaldereroak_FL 084

Urkizuko parkean, arratsaldeko 19:30tan elkartu ginen denok: Kezka dantza eskolako ikasleak, taldeko dantzariak, Ustekabe fanfarrea, Jainaga trikitixa eskolako ikasleak, Txolarte eta Lagun artea elkartekoak, Untzagako zaharren egoitzakoak eta aurtengo konpartsa berria: Ikasten kalean kantuz elkartekoak. Pantxika astoa ahaztu gabe noski.

Ustekabe fanfarrearekin entsegua egin ostean 20:00tan abiatu ginen Urkizuko parketik Untzagara bidean.Tartean dantzan eta batez ere kaldereroen ohiko abestiak kantatuz ibili ginen denok. Urkizutik Untzaga plazarako bidean gurekin batera elkartu zitzaizkigun hartza eta domadorea, eta orduan hasi ziren komeriak beti bezala: umeen izu eta garrasiak, domadoreak hartza ezin kontrolatu eta umeak eta ez hain umeak ihesian… Hartzaren hatzaparretatik ez zen ia inor libratu…2008-02-01_Kaldereroak_FL 309

21:00ak aldera, Untzagara iritsi bezain laster, euria hasi zuen, baina aurten, beste urtetan ez bezala, koko-eskean ibili garelako edo, karpa haundi bat genuen zain euritik babesteko.  Bertan burutu genituen azkenengo abesti eta dantzak Ustekabeko kideek aratosteetako pregoia irakurri ondoren.

Abestu, dantzatu eta afari-merienda goxoa egin ondoren bukatu ziren hangoak. Kanpoan euria barra-barra ari zuen, ez zuen ematen atertuko zuenik, ezta festak etengo zuenik ere…