Baserri asko dago Eibarren eta ezinezkoa zaigu egun batean denetara iristea. Hurrengo urteetarako begiratuko dugu taldea zatitu, egun gehiago hartu edo zer egin behar dugun, baina aurten, estreinakoa izanda, baserri multzo bat hautatu dugu eta haietara bakarrik iritsi ahal izango gara. Ez dira gutxi hala ere. Datorren urtarrilaren 26an Eibarko 35 baserritara joango dira koko-dantzari eta koko-marruak, koko-dantzan eta koko-eskean egitera.
Arrateko dantzariak gara, eta beraz, Arrate inguruko baserriak egingo ditugu lehenik eta behin. Arrate balleko baserri gehienak, eta Gorosta eta Mandiola auzoetako batzuk bisitatuko ditugu.
Ibilbidea
Merkatu plaza berrian lehen emanalditxoa egin ondoren, Azitainera jaitsi, eta Citroen atzetik ateratzen den bidean hasiko gara. Honako baserri haue bisitatuko ditugu bide horretan: Barrundi, Arexitagoikoa, Narru (Kutunegietabarrenengoa), Guenetxe (Kutunegietaguenengoa), Argiñao (2), Untzeta, Sanjoangoa, Barrenetxe, Zelaikoa, Arizmendi, Arizmendiguena eta Gaztelu.
Ondoren, Iñarre baserrira jaitsi, eta hortik San Martin, Mendigoiti, Lezeta, Asola-berri eta Sumendixa baserriei egingo diegu bisita. Azitaingo Poligonora irten, eta Lazareto, Altzubarren eta Lezetabeletxe baserrietara joko dugu. Segidan, Arrateruntz joko dugu eta bidean Biriñao, Eskaregi-errota, Maapila, Itsaso eta Mugitzabarri pasa ondoren, Arraten bertan Kantabria (Arratebekoetxe) aurrean egingo dugu goiz parteko azken koko-dantza.
Bazkal ostean Zestero-ra jaitsi, eta gero Gorosta aldera joko dugu, bertan Gorostagainekoa, Gorostabeña eta Gorostoazpikoa baserrietara bisita egiteko. Arrateko bidera itzuli eta Santa Kurutzeko bidetik hasiko gara jaisten eta bide horretan egingo ditugu koko-eskearen ibilbidearen azken baserriak: Iturrao, Mandiolagainekoa eta Mandiolaazpikoa.
Hauxe da ibilbidea mapan. Puntu bakoitza baserri bat da eta bertan klik eginez gero baserriaren izena ikusi dezakezue.
tagzaniapaste
koko-eskea tagged map by user – Tagzania
Lehenengo bisita
Azken bi asteburuetan baserriz baserri ibili gara baserritarrei gure proposamena aurkezten eta beraien etxe aurrera egingo dugun bisita jakinarazten. Oso ondo hartu gaituzte baserritarrek. Elkar ezagutzeko aukera izan dugu eta bide batez bideak ikasten hasi gara.
Pena dugu hainbat baserritara ezingo garelako aurten iritsi, baina aurten neurria hartu eta datorren urtean gehiago egiteko moduan antolatuko garela espero dugu.