Buruko zapia eta baserritar jantzia oro har atontzen ikasteko lehen tallerra egin genuen atzo, eta batzuk presentzialki Portalea Kultur Etxera etortzerik ez dutela kontuan hartuta, bukaeran bideo bat grabatu genuen, edonork etxetik ikusi eta zapia ez jartzeko aitzakirik izan ez dezan.
Bideoa ikusi aurretik ohar batzuk:
- Garai bateko zapiak laukiak ziren. Gaur egun dendetan normalean hirukiak saltzen dituzte, eta horrelako bat erabili dugu, baina laukia baldin baduzu berdin-berdin jarri daiteke, erditik tolestuta hirukia egin eta lixto.
- Honako hau zapia jartzeko dauden modu desberdinen artetik eredu bat da. Inork ez du esaten horrela jarri behar denik. Aukera bat baino ez da.
- Zapia jarri aurretik zinta elastiko bat jartzen dugu. Hori ez da beharrezkoa, baina bai oso lagungarria zapia ez erortzeko, zer esanik ez dantza egiteko asmoa baduzu.